“Alde sozialetik eta politikotik beti izan dut parte hartzeko interesa”

“Alde sozialetik eta politikotik beti izan dut parte hartzeko interesa”

Maria Ortega Zubiate

Juan Gomezek (Eibar, 1960), Txonta ezizen artistikoz ezagunak, bizi osoa eskaini die mugimendu sozial zein politikoei. Oso gazte hasi zen komunismora hurbiltzen, anaiak Bilbotik ekarritako haize berriek “kuriositatea” piztuta; berak ere laster egin zuen, ordea, hirira salto, eta Bartzelonara joan zen ikastera. Bizitzak, dena den, buelta asko ematen ditu, eta azken hogei urteotan informatikari lanetan ari da jaioterrian, Eibarren, zaletasunak —idazketa—, lanbidea eta borroka antimilitarista —”pazifista” dio berak— uztartzen.

Juan izenez eta Txonta ezizenez. Eibarko auzoa da Txonta, txori baten izena izateaz gain. Zure kasuan, nondik dator ezizen hori?

Izen artistikoa da. Juan Gomez dut izena, eta idazten hastearekin batera pentsatu nuen behar nuela zerbait originalagoa. 2000. urte inguruan, informatikako ikastaro batean hasi nintzenean, irakasleak esan zigun behar genuela ezizen bat, eta horrela sortu zen Txonta. Nire auzoaren izena da, bertakoa naiz; eta ziur nago auzoak txoriaren izenetik hartu duela bere izena.

Orduan, Eibarren ez zara Txonta, Juan baino?

Hori da. Lehenengo, webguneetarako kontua zen, eta gero, izenorde artistiko moduan geratu zait. Baina lagunek Juan deitzen didate, eta nik ere nahiago dut horrela.

Herrian ezaguna zara, ez soilik informatikaria izateagatik, baita herri mugimendu anitzetan parte hartzeagatik ere. Bizi osoan parte hartu izan duzu, ezta?

Bai. Hemen, Eibarren, edo leku finkoren batean egon ez naizen sasoiak kenduta, 15 urte nituenetik ari naiz militatzen.

Nola hasi zinen?

Nire anaia nagusia unibertsitatera joan zen, Bilbora, nik 14 urte nituela. Han segituan hasi zen ikasle mugimenduetan parte hartzen, eta berehala heldu zen nigana haize hori. Hemen mundutik bakartuta geunden, eta anaiari esker hasi nintzen politikaz eta musikaz ikasten. Horrek eragin zidan institutuan jakin-min politikoa izatea, eta, asanbladak eratzen hasi zirenean, parte hartzen hasi nintzen. Horrela jarraitu nuen Bartzelonara joan arte, eta han ere bide horretan segitu nuen.

Psikologia ikasketak egitera joan zinen Bartzelonara. Zergatik hara? Zergatik Psikologia?

Zalantza asko nituen orduan. Batxilergoa ere erdi eta erdi egin nuen: zientzietako eta letretako ikasgaiak izan nituen. Psikologia ere, hein batean, bi mundu horien artean dago, eta bide beretik jo nuen. Zentzua ikusten nion. Ez zen bokazionala izan; deskartez egin nuen, agian. Eta ez pentsa, zaila iruditzen zitzaidan gero Psikologian aritzea; niretzat zaila zen ikasitakoari praktika egokia ematea. Interes pertsonalagatik, Historia eta Antropologiako eskolak ere hartu nituen Psikologia fakultatean nengoenean.

Bartzelona aukeratu nuen [Espainiako] Estatuko hiririk europarrena delako. Kultura eta ohitura asko ditu: hiria ateneoz josita dago. Duela ehun urte baino gehiagoko historia dute areto horiek, eta gerraren aurka manifestazioak aldarrikatzen zituzten. Hemen badugu kultur elkarteren bat, eta izena zein du? Casino. Ez dut ezer esan nahi, baina testuingurua bera ezberdina da jada. Bartzelonak tentatu egiten ninduen, eta asko pozten naiz hiri hori ezagutu izanaz; beti aprobetxatzen dut bueltatzeko.

Barrutik ezagutu zenuen borroka hori, han ere hasi baitzinen militatzen. Zertan ibili zinen?

Bai. Hemen oso garrantzitsua zen alderdi komunistaren inguruko ezker mugimendua; abertzalea zen edo ez mugimendu hori. Baina ni nire anaiaren erakundearekin hasi nintzen harremanak izaten: Organizacion Comunista Bandera Rojan [Bandera Gorria Erakunde Komunista]. Urtebete inguru egin nuen erakunde horretan. Gutxiengoa ziren hemen, baina gehiengoa osatzen zuten Bartzelonan.

Baina unibertsitatean ere aritu nintzen hainbat mugimendutan. [Espainiako] Estatuko lehen hauteskunde demokratikoen ostetik etorri ziren unibertsitateko hauteskundeak. Nire ingurukoen artean parekidetasuna lortu nahi genuen ikasle eta irakasleen artean, eta horregatik aurkeztu nintzen Psikologia fakultateko ordezkari gisa. Bostehun-seiehun lagun inguru ginen, eta bozken %75 inguru eskuratu nituen. Baina espero ez nituen zenbait esperientzia bizi izan nituen urte hartan, eta ikasle pisuan bizi ginen hirurok utzi egin genituen ikasketak. Azkenean, ez nintzen heldu unibertsitatean ordezkari lan hori egitera.

Ikasketak utzita, nola erabaki zenuen Eibarrera bueltatzea?

Ikasketak utzi eta jarraian etorri nintzen Eibarrera, baina egoera zail bati egin behar izan nion aurre hemen: etxean ez zuten onartzen nik ikasketak uztea, erabaki hori drogei lotuta zegoela uste zutelako. Etxetik alde egitea beste erremediorik ez nuen izan. Hamar urte behar izan nituen ikasketak utzi izanaren ondorioak gainditzeko. Batetik bestera ibili nintzen tarte horretan, eta zortea izan nuen, ez nuelako eskale hasi behar izan. Nire lehen poemak idazten hasi nintzen orduan, eta horien ordez jendeak ematen zidanarekin bizi izan nintzen. Baina alde txar bat nuen: poliziek ikusi eta identifikatzen nindutenean, psikiatrikora eramaten ninduten. Baina, tira, hori ere gainditu nuen.

Urte gorabeheratsuak izan ziren zuretzat, eta garai hartan ez zenuen inon militatu, ezta? Zerk gerturatu zintuen gero, berriz ere, gizarte mugimenduetara?

1990eko hamarkadan Eibarko Txantxa Zelai parkearen borrokarekin bueltatu nintzen militantziara. Milioi bat pezeta [6.000 euro] bildu behar izan genituen, prozesu judizial baten bidez gelditu baikenuen bertan egin nahi zuten obra. Milaka sinadura jaso genituen. Gero, 2005. urte inguruan, Errebal plaza berritzeko erabakiaren inguruko protestetan ere hartu nuen parte. Alde sozialetik eta politikotik beti eduki izan dut parte hartzeko interesa. Gogoan daukat Podemos sortu zutenean, 2015ean, Pablo Iglesiasek esan zuela 30.000 sinadura behar zituztela Europako Parlamentuko hauteskundeetara aurkezteko. 300. sinadura izan zen nirea; hortik atera kontuak.

Informatikari lanera igaro zinen gero. Nola otu zitzaizun salto hori egitea?

Ikasten hasi nintzenerako, 40 urte inguru nituen jada; 2000. urtearen bueltan hasi nintzen. Aurretik, informatikako ikastaro labur bat egin nuen, 1974. urtearen bueltan. 1990eko hamarkadaren amaierarako poemak idazten aritzen nintzen sarri, eta konturatu nintzen informatikari buruzko jakintza behar nuela nire idatziak hedatu ahal izateko. Webguneei buruzko ikastaro batean izena eman nuen eta neure kabuz informatikako teknikari titulua ateratzea erabaki nuen, beste leku batean beharrean nenbilen bitartean. Uste dut ikastaro hartan ni nintzela ikasle bakarra. Hiruzpalau urtean eskuratu nuen titulua.

Zuk bizitza osoa daramazu idazten, ezta?

Tira, bizitza osoa edo… Nik 15 bat urte nituenean, hemengo auzoetako aldizkari batean idatzi nuen, Txontako ordezkari moduan. Gogoan dut, gainera, gero, irakurtzean, pentsatu nuela: “A zer traketsa zaren idazten!”. Behin ospitaleratu egin ninduten psikiatrikoan, pare bat asterako, eta hantxe idatzi nuen errelato bat Eibarko gazteentzako sariketa batera aurkezteko. Saria irabazi nuen. Handik urte batzuetara, Ermuako [Bizkaia] poesia sariketa batean aurkeztu nuen lan bat, eta han ere irabazi egin nuen. Horregatik sortu nuen webgunea, nik banekielako idazten jarraituko nuela, hori egin nahi nuela. 2010ean kaleratu nuen nire lehen liburua [El síndrome del milenio (Milurtekoaren sindromea)], eta berrogei bat urte izango ditu bertako lehen poemak.

Azken urteotan Eibarko talde antimilitaristan ibili zara. Nola sortu zen taldea eta zer lantzen du mugimendu horrek?

Antimilitarismoa esatea ondo dago, baina niri pazifismo berba ere asko gustatzen zait: sinonimoak direla uste dut, baina badirudi askorentzat ez dela gauza bera. Aspaldiko kontua da Eibarko Gerrarik Ez taldearena. 2015. urte inguruan elkartu egin ginen Eibarren ezagunak ginen batzuk. Ukrainako gerraren aurretik hala pentsatzen nuen, eta orain, are gehiago: sinetsi dugu zorterik handiena izan duen belaunaldikoak garela, baina zorigaiztokoena izateko pauso batera gaude. Gure aitona-amonek eta gurasoek ere gauza bera uste zuten, eta gerra pairatu behar izan zuten; guri ere horrelakorik gerta dakiguke. Kontziente izan behar dugu mehatxua parean dugula, ez dugulako nazioarteko komunitate demokratiko bat; feudalismoaren itxura handiagoa du honek. Mundua, hein handi batean behintzat, oraindik ez da sartu etapa demokratikoan.

Zer lortu du zuen taldeak?

Gauza garrantzitsuak lortu ditu; lortu du aurrerapauso bat ematea, txikia bada ere: joan den apirilaren 1etik arma nuklearren aurkako eta bakearen aldeko udal bihurtu da Eibarkoa. Garrantzitsua da hori, udalean onartu zituztelako bi kontu horiek, eta beste erakunde publikoei mota horretako erabakiak hartzeko presioa eragiteko edo bultzatzeko konpromisoa ere hartu zuten. Bide bat irekita daukagu hor, eta Eibarrek presioa egin dezake diputazioan edo beste erakundeetan. Geure esku dagoen guztia egingo dugu guk.

Leave a Reply

Your email address will not be published.