Musikarako grina hauspotzeko bultzada

Musikarako grina hauspotzeko bultzada

Unai Zubeldia

Zestoan aspaldikoa da musika taldeek entseguetarako baliatzen duten lokala. “Okupatutakoa garai batean eta udalak berak utzitakoa gerora”, zehaztu du Ortzi Alberdi Zestoako gazte asanbladako eta Fundizio musika elkarteko kideak. Hain zuzen ere, hasieran lokal hori kudeatzeko sortu zuten herriko gazte asanblada. “Baina Zestoan betidanik musikarako zaletasun handia egon dela kontuan hartuta, herrian musika sorkuntzan ari diren guztiei aukera bat eman beharra geneukala ikusi genuen”. Egitura handiagoa nahi zuten, eta “musikarako grina hauspotzea eta talde berrien sorrera bultzatzea” jarri zituen helburutzat gazte asanbladak lehenik eta musika elkarteak ondoren. Lanketa horretan, beste pauso bat eman zuten iaz: lehen aldiz antolatu zuten Fundizio Fest musika jaialdia. Bigarren aldia izango dute bihar.

COVID-19ak eragindako pandemia artean lanak ematen ari zela, herriko taldeekin osatu zuten iazko egitaraua: Displasy, Hellwatzh, Manitu, Rodeo eta Ezpalak musika taldeak eta HGS eta Triki DJak igo ziren oholtzara. “Pandemiak pandemia, eserita eta zailtasun handiekin, baina oso giro ona sortu zen azkenerako”, esan du Alberdik. Aurten, beste pauso bat emanda, “egitarau zabalagoa” osatu dute. 17:00etan hasiko da jaialdia, gaztetxean, No place, Igitaia eta Habemus Papam taldeen emanaldiekin, eta Rukula, Trini Fox, Joseba Irazoki eta Lagunak, eta Ezpalak taldeen kontzertuez ere gozatu ahal izango da gero, Laranjadi plazan eta herriko plazan. Amaierarako utzi dituzte HGS eta Alejo Zestoako DJen emanaldiak, arkupeetan.

Festa eta aldarrikapena

Jaialdi soil bat bakarrik ez, aldarrikapen kutsuko mugimendu bat ere badago Zestoako Fundizio Festen atzean: Herriko musika indartzeko, gaztetxea zentrora. “Gaur-gaurkoz, kultur etxeko gela batean daukagu gaztetxea, eta nahiko zaharkituta dago jada; gaur egunerako, txikia eta prekarioa da espazioa”, zehaztu du Zestoako gazte asanbladako eta musika elkarteko kideak. “Udalak berak, gainera, sarritan erakutsi du interesa gaztetxea tokiz mugitzeko”.

Hain zuzen ere, gaztetxea beste toki batera eramateko, udalarekin “aspalditik” hizketan ari direla argitu du Alberdik. “Begira aritu ondoren, zinema zaharra zenaren eraikina iruditu zitzaigun egokiena gaztetxea jartzeko, elizaren ondoan dagoena; behean espazio bat dauka areto txukun bat muntatzeko eta bertan kontzertuak eskaini ahal izateko, eta goian aukera edukiko genuke hainbat kolektibok bilerak-eta bertan egiteko”.

Elizarena da egoitza hori, eta gazte asanbladako, udaleko eta Elizako kideak iazko irailetik ari dira hizketan, adostasunen bat lortzen saiatzeko. “Negoziazio mahai bat eskatu genien guk, baina, oraingoz, ez dugu ezer askorik lortu; udalaren bidez ari gara saiatzen Elizan eragiten”. Aurtengo Fundizio Fest jaialdia baliatu nahi dute herrian gaztetxeak lokal berria behar duela aldarrikatzeko eta babesa lortzeko. “Azken finean, herrian ezinbestekoa dugu areto txukun bat”. Azken urteotan gazte asanbladak eta musika elkarteak kudeatzen dute gaztetxeko musika eskaintza.

Alde horretatik, herriko tabernarien babesa jasotzen ari dira Fundizio Fest musika jaialdiaren sustatzaileak. “Euren borondatez, ekarpen ekonomikoa egin dute, eta eskertu beharrean gaude. Asko laguntzen ari zaizkigu finantzaketa lanetan”. Laguntza bonuak saltzen ere ari direla gaineratu du Alberdik.

Zestoako Rodeo taldeko partaideetako bat ere bada Alberdi, eta, haren hitzetan, oraintxe “musika talde asko eta oso onak” daude Zestoan. “Gure taldeaz gain, Ezpalak ere hor dago, Grises taldeak ere hor jarraitzen du oraindik, gazte asko gogotsu dabiltza —Manitu taldean, esaterako—, metal musika gustuko duten etorkizun handiko gazte-gazte batzuk ere badaude…”. Indar horren jakitun, beste bultzada bat ematea da gazte asanbladako eta musika elkarteko kideen helburu nagusia.

Bihar zestoarrak animatuko direla zalantzarik ez dauka Alberdik. “Baina aurtengo jaialdian ere talde interesgarriak daudela uste dut, Zestoatik kanpokoak animatzeko modukoak”. Onartu du “herrira begirako jaialdia” dela eurena. “Baina Ezpalak edo Joseba Irazoki eta Lagunak badira jende asko erakartzeko moduko talde garrantzitsuak. Guk inori ez diogu aterik itxiko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.