“Herri kirol taldeak galtzen badira, gure kirolak galtzeko arriskua dugu”

“Herri kirol taldeak galtzen badira, gure kirolak galtzeko arriskua dugu”

Asier Zaldua

Kalean jaio, eta, senarrarekin batera, baserrirako jauzia egin zuen Izaskun Arrutik (Zizurkil, 1979), nahiz eta umetan ia astero joaten zen baserrira, Oriora, amaren jaiotetxera. Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteko zuzendaritzan hutsuneak zeudela-eta, ia oharkabean sartu zen herri kirolen munduan, eta seme-alabekin batera “oso momentu politak” bizitzen ari dela aitortu du.

Baserri mundua asko maite duzu, baina baserrian jaiotakoa al zara?

Kaletarra naiz, baina nire senarra [Jon Zubillaga] Igeldoko Borda baserrian jaiotakoa da. Duela 45 bat urte baserria erre egin zitzaien, eta Ezkioko Agerre Handi baserrira etorri ziren bizitzera. Duela bost urte arte Ezkion bizi izan ginen gu ere; egun, Zumarragan bizi gara. Dena den, senarra ezagutu aurretik ere baserrizalea nintzen. Ama Orioko Munieta baserrikoa da, eta txiki-txikitatik baserriarekin harremana izan dut. Aitak goizetik lan egiten zuen, eta ia arratsaldero amaren familiaren baserrira joaten ginen; asteburuetan ere bai. Belar garaia, patatak atera, sagarrak bildu, sagardoa egin, esnetarako behiak… Betidanik bizi izan dut hori. Amaren familian 11 anai-arreba ziren, eta lehengusu guztiak baserriko lanetan laguntzera joaten ginen.

Lanera joaten zineten, baina oroitzapen ona duzu…

Txikitatik laguntzera joaten ginen, eta balio hori oso barneratua dut. Elkarlanari garrantzi handia ematen diot.

Baserriko bizimodua gogorra al da?

Baserritik kanpo ere lan egiten duenarentzat oso gogorra da belar garaia. Gauerdira arte lanean, hurrengo egunean haurrak ikastolara eraman beharra… Baserritik bizi denaren egoera ere oso gogorra da. Eguneko ordu guztiak gutxi dira lanak aurrera ateratzeko, baina gustuko duenak aurrera egiteko aukera du. Hori bai, egoera gero eta okerragoa da. Gogo handia behar da baserritik bizi nahi izateko: lanorduak asko dira, eta soldata, berriz, eskasa. Nagusia zu zeu zara, baina ardura ere zeurea da. Gaur egun oso zaila da baserritik bizitzea. Baserritik kanpo lan egiten duenak soldata finkoa du, eta buruko min gutxiago ditu; baserria zaletasun gisa dute horiek.

Baserrizalea izateaz gain, herri kirolen zalea ere bazara. Biak lotuta al doaz?

Bai, noski. Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkartean zuzendaritzak kargua uzteko asmoa zuelako sartu nintzen ni. Senarra hasieratik da elkarteko kidea. Zuzendaritzan erreleborik ez bazegoen taldea desegin egingo zela esan zidan, eta hurrengo bilerara joatea erabaki nuen. Bazkide gisa onartu ninduten, eta idazkari kargua hartu nuen, paper kontua baitzen euren buruhauste nagusia. Ordurako beste batek ere bere burua aurkeztu zuen, eta, paper kontuez arduratuko zena ere bazeukatenez, errazagoa izan zen beste hiru kide lortzea. Gorabehera batzuk medio, aurtengo martxoan aldatu egin dugu zuzendaritza.

Elkartea desagertzeko arriskua zegoela esan duzu…

Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteak historia luzea du, eta Gipuzkoan oso herri kirol elkarte gutxi daude, gainera. Herri kirol elkarteak eta taldeak gure kirolen, gure tradizioen, gure kulturaren… zaintzaileak dira. Herri kirol taldeak galtzen badira, gure kirolak eta tradizioak galtzeko arriskua dugu.

Zer ekitaldi antolatzen dituzue elkartean?

Zazpi ekintza antolatzen ditugu urte guztian: Pazko asteleheneko, San Joan eguneko, Buzkantza eguneko eta Santa Lutzi eguneko ekitaldiak, eta hiru idi proba: Zumarragako jaietakoa, Urretxuko jaietakoa eta Santa Lutzi eguneko finala.

Zuzendaritza berriak ekitaldi berezirik antolatu al du?

Pandemia garaian, aspertuta geunden etxean eta beste zerbait antolatzea erabaki genuen, bai. Gainera, herri kirol jaialdirik antolatu ezin zenez… Herri kiroletan ibilitako Urretxu eta Zumarragako emakumeak omendu genituen, eta, arrakasta ikusita, sokatira taldean ibili zirenak ere omendu genituen. Izan ere, Urretxu eta Zumarragako sokatira taldea punta-puntan ibili zen urte batzuetan.

Zure senarraren familian, berriz, idizaleak dira, ezta?

Etxean idiak eduki dituzte betidanik eta hiru anaiak giza proban ere aritutakoak dira.

Zu inoiz ez al zara aritu herri kiroletan?

Orain ari naiz! Norberak ez badu parte hartzen, zaila da gainontzekoak animatzea. Seme-alabekin parte hartzen dut. Semeak 22 urte ditu, eta alabak, 13. Senarrak, berriz, epaile eta laguntzaile lanak egiten ditu, batik bat. Esperientzia honek seme-alabekin kirola egiteko aukera eman dit eta oso gauza polita da hori. Orain ez badut egiten, aurrerago ezingo dut egin. Adinean aurrera goaz, eta, gainera, ni inoiz ez naiz izan kirolaria. Baina oso momentu politak bizitzen ari naiz herri kirolei esker. Seme-alabak gozatzen ikustea, euren ilusioa ikustea… Sekulakoa da hori. Semeak 22 urte ditu dagoeneko, baina alabaren kasuan oso berezia da: maiatzaren 7ko herriko sokatira txapelketarako taldekideak bilatzen ibili zen, adibidez. Gainera, gazteen artean zaletasuna suspertu beharra dago. Bestela, Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkartea desagertzeko zorian egongo da berriro, eta herri kirolak ere bai.

IZASKUN ARRUTI

Maiatzean, herri kirolen inguruko festa eta idi proba lehiaketaren finala izan dituzue Zumarragan eta Urretxun…

Herri kirolen inguruko festan jende gehiagok parte hartzea espero genuen, baina gustura gelditu ginen. Lehen edizioa izan zen, eta, gainera, ekitaldi asko egon ziren asteburu horretan. Beste datarik ez genuen, ordea: taldekako pentatloia eta idi proben finala iaz atzeratutako ekitaldiak ziren, eta udalak ekainaren 30a baino lehen egin behar genituela esan zigun. Zuzendaritza martxoan aldatu genuenez, eta maiatzetik aurrera epaileak lortzea zaila izango zenez, maiatzaren 1eko eta 8ko asteburuak bakarrik genituen libre. Sokatira txapelketan zortzi taldek parte hartu zuten, eta oso ondo pasatu genuen.

Harri berezi bat ere atera zenuten plazara…

Hala da, bai. [Andoni Iruretagoiena] IzetaVI.a-k oso harri berezia altxatu zuen. 1960 inguruan, Azpeitiko Oñatz auzoko Kojua ferratzaileak Urretxuko kanpitoan zuen ferratokira ekarri zuen 100 kiloko zilindroa, astoarekin. Zumarragako Elorriaga baserriko Jose Antonio Aranberrik Elizalde baserrira igo zuen bizikletaz eta bertako ganbaran egon zen bi urtez. Auzoko gazteek desafioak egiten zituzten harriarekin. Elizalde baserriko nagusiak, gazteek sortzen zuten zalapartarekin nazkatuta, bertatik eramateko esan zien. Elorriagara eraman zuten, idiekin, eta bertan egon da azken hamarkadetan. Harria altxatu dutenen zerrenda luzea da: Paulo Aranberri zena, Aizpuruko Maria [Aranberri; Zumarragako baserri bat da Aizpuru], Jexux Lizarazu… Plazara bitan bakarrik atera dute: Ezkizuko igerilekuan [Ezkio] egin zuten jaialdi batean, eta maiatzaren 7an egin genuen festan.

Urretxun eta Zumarragan idizaletasun handia dago, ezta?

Bai, baina ikusleak helduak dira eta sarrera doakoa da. Sarrera kobratuko balitz, ez dakit plaza beteko genukeen. Buzkantza eguneko saioan, adibidez, batzuetan plaza beteta egon zen, eta beste batzuetan hutsuneak ikusten ziren. Benetako zaleek saio osoa jarraitzen dute.

Idi askoko tokia da Urretxu eta Zumarraga ingurua…

Bai, baina gazteen artean Ipeñarrieta jauregikoak [Urretxu] bakarrik hartu du erreleboa. Oso gazteak dira gehienak, eta oraindik ez dira atera plazara. Gero eta idi pare gutxiago daude, gainera. Izan ere, gero eta garestiagoa da idiak mantentzea; pentsuaren prezioa asko igo da. Idiak edukitzea kapritxoa da, sakrifizio handia. Urretxu eta Zumarragako idi gehienak herrirako daude prestatuta, eta ez dute parte hartzen herritik kanpoko probetan. Idiak mantentzea, gainera, ez da diru kontua bakarrik: idiei jaten eman behar zaie, entrenatu, garbitu… Hogei minutu behar dira idiak lotzeko bakarrik eta astean bizpahiru entrenamendu egin behar dira; ordu asko behar dira. Dagoeneko, garai batean baino baserri gutxiagotan dituzte idiak. Urretxu eta Zumarragako txapelketan hamahiru idi parek parte hartzen zuten lehen, eta aurten lau pare ariko direla uste dut. Hori bai, oso serio lan egiten dute.

Herri askotan idi probak galdu egin dira. Zergatik uste duzu eutsi zaiela Urretxun eta Zumarragan?

Tradizio bat dago hemen, eta adinekoek eutsi egin diote. Etxe batzuetan oso idi onak eduki dituzte, sari asko irabazi dituzte, eta atzetik etorri direnak horri eusten saiatu dira.

Baserri munduaz eta herri kirol zaletasunaz aritu zara, baina egun ez zara baserri batean bizi eta herri kirolena zaletasun hutsa da. Zertan lan egiten duzu?

Sukaldaritza ikasi nuen Donostian eta ostalaritzan lan egin izan dut beti. Tolosan, Zizurkilen, Urnietan, Bidanian, Mandubian… Azken urteak Zumarragan eman ditut.

Sukaldean lan egin izan duzu beti?

Denetik egin izan dut. Lehen urteak zerbitzari lanetan eman nituen, barran eta jangelan. Egun, Zumarragako ospitaleko kafetegian lan egiten dut, sukaldean; hamalau urte daramatzat bertan.

Ospitaleetako kafetegiak toki bereziak dira…

Ospitaleetako kafetegietakoa lan gogorra da. Lan asko dago beti: goizeko lehen ordutik iluntzera arte. Bazkariak, ogitartekoak, pintxoak, sandwichak… Ezagun batek behin esan zidan beti festetan gaudela dirudiela, lan asko izaten dugulako.

Lan karga festetan dauden herrietako tabernetakoa izango da, akaso; giroa, ordea, ez.

Ospitaleko kafetegian, broma gutxi. Ezagunekin bakarrik egiten ditugu bromak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.