Ione Zuloaga: “Frankismo garaian emakume tradizionala bihurtu zen eredu”

Ione Zuloaga: “Frankismo garaian emakume tradizionala bihurtu zen eredu”

Maria Ortega Zubiate

Espainiako Bigarren Errepublika (1931-1936), 36ko gerra (1936-1939) eta diktadura frankista (1939-1975) aztertzen ari da Ione Zuloaga (Azkoitia, 1995), Aranzadi zientzia elkarteko historialaria. Urte horiek, iruditeria kolektiboan nahasiak izateaz gain, emakumezkoengan zuzeneko eragina izan zutela dio Zuloagak: “Frankistek, izateko eta jarduteko eredu berri bat eratu zuten, errepresio bidez”. Horri buruz ariko da maiatzaren 25ean, asteazkenean, Mutrikun, Zabiel kultur etxean (18:00).

Emakumeen egoera frankismo garaian du izena asteazkenean Mutrikun emango duzun hitzaldiak. Diktadurak 40 urte iraun zuen. Zer kontatuko duzu?
Guretzat, historialariontzat, garrantzitsua da emakumeek gerran eta diktadura frankista garaian jasandako errepresioa ulertzeko iraganera begiratzea; horregatik, [Espainiako] Bigarren Errepublikan jarri dugu begirada. Ordutik 1945. urtera arteko sasoia izan dugu kontuan, batik bat, ulertzen dugulako prozesu horretan emakumearen eredua aldatu egin zela. Bigarren Errepublikan militantzia politikoan jardun zuten emakumeak frankisten aldetik errepresioa jasan zutenak izan ziren: ilea moztu zieten, zenbait kasutan bortxatu ere egin zituzten, kartzelatu edo erbesteratu… Emakume haiei egindako errepresioa gainontzeko emakumeek egin behar ez zutenaren eredu ere bilakatu zen.

Nolakoa zen emakume eredu berri hori?
Frankismo garaian emakume tradizionala bihurtu zen eredu, emazte eta ama ona izango zena. Eta garrantzitsuena: gizonaren mende egon behar zuen. 1938ko Lanaren Foruak aldaketa nagusi bat ekarri zuen: emakume ezkongabeek lan egin zezaketen, baina, ezkondu ondoren, etxean gelditu behar zuten.

Gerra eta diktadura frankistan urrundu egin zen Bigarren Errepublika garaian anarkistek, errepublikanoek, komunistek eta sozialistek, batik bat, laudorioz hartutako emakumeen eredua, emantzipazioaren aldekoa; espazio publikotik pribatura zokoratu zuten emakume eredua sortu zuten orduan, betiere gizonaren mende egongo zena. Bi eredu ezberdin dira oso, kontrajarriak.

Euskal Herrian ere horrelakoa zen egoera?
Alderdi eta talde politiko bakoitzak defendatzen zuen emakume eredua oso ezberdina zen Euskal Herrian; Emakume Abertzale Batzak (EAB), oro har, amaren eredua defendatzen zuen. Bitxia dena da, EABko militanteek mitinak espazio publikoan eman arren, emakumeek, oro har, espazio pribatuan geratu behar zutela adierazten zutela. Hala ere, EABko militante guztiak ezin dira sartu zaku berean, zenbaitek berdintasunaren alde egin baitzuen borroka. Hala ere, garai hartan abertzaletasunaren eta hizkuntzaren transmisorea izan behar zuen amak, eta gizona zen gudaria, borrokalaria. Hori zen errealitatea.

Urteek aurrera egin ahala aldatuz joan zen errealitate hori?
Diktadura frankistako urteetan mantendu egin zen eredu hori, eta uste dut gaur egun ere hori islatzen dela gure gizartean. Nahiz eta oso inkontzienteki izan, jarrera horiek badaude.

Mutrikun emango duzu hitzaldia, Saturrarango emakumeen kartzela zegoen herrian. Horrek badu esanahi berezi bat?
Saturraran emakumeen presondegi handienetako bat izan zen Espainiako Estatuan. Bertako preso asko estatuko beste leku batzuetakoak ziren; urrunketa politikak ezarri zituzten. Niretzat berezia da Mutrikun eta Ondarroan [Bizkaia] familien sareak sortu izana, preso zeuden emakume horiek janaria izan zezaten eta euren familien eskutitzak jaso zitzaten. Garrantzitsua da Saturrarango kartzela, sareak sortu zirelako haren inguruan; Emakume Abertzale Batzak zeresan handia izan zuen horretan, besteak beste.

Memoriari buruzko ziklo baten parte izango da zure hitzaldia. Aurrera egiteko garrantzitsua da atzera begiratzea?
Bai. Aranzadin jarduten dugu metodo zientifiko bidez ahalik eta objektibotasunik handienarekin egia bilatzen. Behin egia aurkituta, hori ezagutaraztea oso garrantzitsua da justiziaren eta erreparazioaren bidean laguntzeko. Uste dugu historia osorik jakin beharra dagoela zauriak ixteko.

Eta memoria horrek badu betaurreko morerik?
Uste dut azken hamarkadan emakumeak gero eta leku handiagoa duela historian. Herrietako elkarteak horretan ari dira lanean, eta Aranzaditik ere egiten dugu eurekin lan. Emakumeen aurkako errepresioaren proiektu bat martxan dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta, beraz, erakundeen aldetik badago interesa datu horiek berreskuratzeko. Gero eta ikerketa gehiago daude gaiaren inguruan. Egia da hasierako urteetan ez zela horrenbeste ikertzen, errepresioaz mintzo garenean gizonezko gudariarena delako guztion irudimenean dagoen irudia. Baina ezin gara ahaztu Hego Euskal Herrian miliziano bezala aritu ziren berrehun emakumeez. Oraindik ez dugu lortu emakumeen aurkako errepresio guztia aztertzea, baina gero eta lan gehiago daude horren inguruan. Poliki-poliki ari gara, baina uste dut gero eta betaurreko more gehiago daudela arlo horretan ere.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.