Txindokiren alderik bertikalenetik gora

Txindokiren alderik bertikalenetik gora

Eneritz Maiz Etxarri

Hamarkada bat igarota, 11 urte geroago, bihar berriz ere Txindokiko Kilometro Bertikala proba jokatuko dute Abaltzisketan, Larraitzen (10:00). Igone Campos zumarragarrari sortu zitzaion proba berriz antolatzeko gogoa, eta Janire Agirre lagun ataundarrari egin zion antolatzeko proposamena. Mendi lasterketetan aritzen dira biak ala biak, eta elkarrekin heldu zioten proba antolatzeko erronkari.

Tolosaldean hasi zen lanean Campos, eta bidean egunero-egunero ikusten zuen Txindoki. Duela hiru urte hasi ziren proba antolatzeko lanetan, baina, pandemiaren eraginez, azkenerako bertan behera utzi behar izan zuten 2020ko maiatzean egitekoak ziren proba. Pandemia atzean utzita, iazko azaroan ekin zioten aurtengorako guztia prestatzeari.

“Nola liteke Txindoki inguruan lasterketarik ez egotea, eta, are gehiago, kilometro bertikal bat ez egotea Txindokik duen bertikaltasun horrekin?”, galdetu zuen Camposek. “Begira hasi, eta Txindokiko Kilometro Bertikala egina zela ikusi nuen”, gaineratu du. “2011n izan zen azkena, eta berreskuratu beharra zegoela sentitu nuen”.

“Txindoki oso berezia da niretzat”, nabarmendu du Agirrek. “Igonek proposamena egin zidanean ez nuen bi aldiz pentsatu, eta aurrera egitea erabaki genuen, baina azken asteetan lanez lepo ibili gara”. Antolakuntza lanetan berriak dira biak. “Espero dugu egunean bertan gauzak ahalik eta ondoena ateratzea”. Ilusioz antolatu dute, behintzat, guztia.

Aralar Parke Naturala den neurrian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena behar izan dute, eta baleko horren barruan korrikalari kopurua mugatuta dute: 210 parte hartzailekoa.

Gaintzako bidegurutzea

Txindokira doazen mendizaleek, normalean, Larraizko langatik hasten dute bidea, baina bihar lasterkariek ez dute bide hori egingo. Erabateko bertikaltasuna bilatu nahi izan dute antolatzaileek. “Kilometro bertikala izanik, Txindokik duen bertikaltasuna aprobetxatuz, desnibel handieneko ibilbidea aukeratu dugu”, zehaztu du Agirrek.

Bere garaian, Aritz Egeak eta Manuel Merillasek egindako apustuetan ibilbidea Gaintzako bidegurutzetik egin zutela ikusi zuten; bidea laburragoa da, baina bertikalagoa. Lasterkariak abiatu Larraizko langa ingurutik abiatuko dira; banan-banan aterako dira, 30 segundoko tartearekin. “Denbora muga bat izango dute Larraiztik atera eta Gaintzako bidegurutzera iristeko, eta beste irteera ordu bat edukiko dute bertan; orduan jarriko dute kronometroa martxan”, azaldu du Camposek.

Gaintzako bidegurutzetik atera, eta Oriako iturritik pasatu ostean, tximista ibilbidetik gora igo beharko dute gailurreraino. 3,6 kilometro egin beharko dituzte korrika, 980 metroko desnibelarekin. “Guk larreetatik gora sartuko ditugu zuzenean, eta Oriako iturrira indarrez ondo iristea komeniko zaiela uste dut”, esan du Camposek. “Bestelakoan, tximista ibilbidea luze egingo zaie batzuei, eta postu asko galtzeko arriskua izan dezakete”.

“Esker ona” jaso dute biek ala biek, eta jendea “gogotsu” dagoela ikusi dute. “Izena emateko epea ireki genuen egunean bertan ehun parte hartzaile apuntatu ziren, eta, egia esan, asko poztu ginen”, azaldu du Agirrek. Izan ere, zalantzan zeuden jendeak nola erantzungo ote zuen. “Bagenekien jendea gogotsu dagoela, baina ez genekien hain gogotsu daudela. Ez genuen espero ia hilabete lehenago dortsalak agortuta egongo zirenik”, aitortu du Camposek. “Lasterketetan jende asko ibiltzen da, baina kilometro bertikaletara ez da hainbeste jende animatzen”, zehaztu du Agirrek. “Txindoki da, izugarrizko mendia, baina jende askok esaten du kilometro bertikala izanda ez dela animatuko”. Gaur egun, gainera, “lasterketa pila bat” dagoela ekarri dute gogora biek, eta eguna aukeratzeko ere gainerako lasterketen egutegiak begiratzen aritu behar izan zutela. Txindokiko Kilometro Bertikalak “erantzun polita” izan duela uste dute.

Lehia estua espero dute

Antolatzaileak beldur ziren inguruan hainbeste lasterketa izanda izen handiko parte hartzaileren bat animatuko ote zen. “Baina harrituta gelditu gara”, aitortu du Agirrek. Emakumezkoen artean, Ainara Urrutia eta Ainhoa Lendinez nabarmendu ditu. “Oso neska indartsuak dira, eta kilometro bertikal gehienetan arituak”. Gizonezkoen artean, berriz, Imanol Goñi, Asier Larruzea, Iban Murua, Mikel Beunza eta Iñigo Altzola aipatu ditu Camposek. “Lehia handia egongo da; gizonezkoen artean, batez ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.