“Gure musika zaintzen ez badugu, konturatzerako galdu egingo da”

“Gure musika zaintzen ez badugu, konturatzerako galdu egingo da”

Maialen Etxaniz

“Kaleko txistularia” da Jose Inazio Elias (Azpeitia, 1951), musika ikasketa profesionalik jaso ez duen “txistulari saltseroa”. Urte askoan aritu izan da Euskal Herriko mendi gainak txistu doinuz girotzen, eta Imanol Urbieta zenarekin ere egin zituen hainbat proiektu. Orain, bestelako egitasmo bat dauka esku artean; izan ere, Youtubeko Zesteronekua kanalera igo ditu txistuarekin grabatu dituen mila abesti baino gehiago. Sona handia izan du Eliasen proiektuak, eta entzunaldi ugari izan dituzte abestiek. “Gustura” dago egindako lanarekin, eta aitortu du elkarrizketara bertaratu baino zertxobait lehenago amaitu duela azken abestia.

Gaur egun txistuarekin joaten zara edonora, baina noiz hartu zenuen txistu bat aurrenekoz esku artean? Nolatan hasi zinen instrumentu hori jotzen?

Bitxia da kontua, baina aitak arrebari erositako txistua izan zen jo nuen aurrenekoa. Arreba piano ikasketak egiten ari zen, eta hark ez zion arretarik jarri txistuari. Niri, aldiz, deigarria iruditu zitzaidan. Gainera, banekien Loiolako basilikan [Azpeitia] bazegoela txistua jotzen zekien jesuita bat, eta harengana joan nintzen, ea irakatsiko zidan galdezka. Eskema bat marraztu zidan, zein zulo ireki eta itxi behar nituen zehaztuta. Eskema hura aurrean jarrita ikasi nuen txistua jotzen. Ezkutuka jotzen nuen, eta egun batean aitak entzun egin ninduen. Aho zabalik gelditu zen, ez baitzekien txistua jotzen nekienik. Hark eraman ninduen jotzen ikastera, Andoni Albizurirengana. Zaletasuna txikitatik datorkidala esango nuke, haurra nintzela ere txokolotarren piezak entzuten genituelako meza nagusien ostean eta.

Non trebatu zinen?

Andoni Albizurirekin hasi nintzen, Oargi dantza taldeak Azpeitian zuen lokalean. Ez genituen ordu asko egiten han, baina jo eta jo aritzen ginen; hori zen ikasteko modurik onena. Dantzariek piezak entseatzeko jotzen genuen txistua, eta dantza errepikatu behar bazuten, guk ere pieza osoa errepikatzen genuen. Ez dago aritzea baino eskola hoberik.

Ba al zegoen orduan txistua jotzeko joerarik?

Gure taldean zazpi-zortzi lagun inguru biltzen ginen, ia denak gizonezkoak, baina gerora pare bat emakumezko ere animatu ziren. Sei-zazpi urtean aritu nintzen han, eta oroitzapen bikainak ditut. Eskolak jasotzeaz gain, egunpasa ederrak egiten genituen. Txistua gainean hartuta mendira joaten ginen sarritan, eta dantza taldeekin ere herriz herri ibiltzen ginen. Legazpira egin nuen aurreneko irteera, eta oso oroitzapen onak ditut.

Mendiak eta txistuak lotura handia zuten sasoi hartan; izan ere, orduan ez zegoen orain beste trikitirako joerarik. Orduan txistua entzuten zen mendian, urteekin aurrea hartu digun arren. Xoxotera, Pagoetara, Aralarrera, Urbiara… Hara eta hona ibiltzen ginen. Gainera, abertzaletasuna pil-pilean zegoen garai haietan, eta gu agitatzaileak ginen, nolabait. Txistuz jotzen eta abesten genituen euskal kantak tarteko, joan izan ginen behin baino gehiagotan kuartelera. Abentura andana utzi dizkigu txistuak.

Zeuk esana da kaleko txistularia zarela. Zer egiten du kaleko txistulari batek?

Egia da hori; ni zerbait banaiz, kaleko txistularia naiz. Eta zer egiten dugun? Herria girotu, festetan jai giroa sortu, festarik festa euskal kantak eskaini… Azken batean, musikaz askotariko txokoak alaitzen ditu kaleko txistulariak. Zoritxarrez, apenas gelditzen den halakorik.

Mendira urte luzez eraman zenituen txistu doinuak, eta Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunakoek aitortza ere egin zizuten. Nola oroitzen dituzu urte haiek?

Urte paregabeak izan ziren; beti oroituko ditut. Harreman bikaina izan dut eta daukat Lagun Onak Mendi Bazkunarekin. Xoxoten urte luzez aritu nintzen txistulari, eta horregatik egin zidaten aitortza. Ausartzen naiz esatera inoizko aitortzarik onena izan zela, edozein domina baino ederragoa.

Azpeititik Zarautzera ezkondu zinenean, nolakoa zen euskal kulturaren bueltako giroa herrian?

Iritsi bezain pronto ezagutu nuen Imanol Urbieta zena. Musika eskola zuen hark, eta proposatu zidan haurrei txistu eskolak eskaintzea. Orduan dirurik kobratu gabe egiten genituen horrelakoak, eta ezin gusturago ibili nintzen. Ume ugari zegoen musika eskolan, eta giro paregabea sortzen zen. Imanolek grabaketak egiten zituen haurrekin, eta haientzako kanta ugari sortzen zituen. Grabaketa haietan ere parte hartu nuen.

Imanol Urbieta izan zenuen bidaide, beraz. Pertsona berezia izan al zen zuretzat?

Oso garrantzitsua; bai niretzat, bai Zarautzentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere. Umeekin egiten zuen lanak ez dauka hitzik. Nik ordura arte ez nuen harremanik izan umeekin, eta beste mundu bat ezagutu nuen hari esker. Haurrei txistua jotzen irakatsi nien, baina haiekin asko ikasi nuen, eta zer esanik ez Imanolekin. Haiekin lan egitea, entzutea… Ederra izan zen dena.

Beste hainbat proiektu ere partekatu zenituen harekin.

Hala da. Gogoan dut Atotxa giroan izeneko kaseteak atera genituela, eta Donostiako Parte Zaharrean ibili ginela haiek saltzen. [Xabier] Amurizaren bertsoak-eta jasotzen zituen lanak. Umeentzat hainbat lan ere grabatu genituen, guztiak pedagogikoak. Gaur egun, oraindik ere, erabiltzen dituzte eskoletan. Niretzat beste mundu bat ireki zen Urbietarekin lan egitean.

Azken boladan baduzu proiektu berezi bat esku artean. Dagoeneko txisturako mila abesti baino gehiago grabatu eta jarri dituzu Youtubeko Zesteronekua kanalean. Zer dela eta hasi zinen horretan?

Jean Marc Lempegnat okzitaniarra nire lagun mina da, eta hari esker jaio zen proiektua, nolabait esatearren. Egun batean, Pantxoa eta Peiorekin etorri zen Euskal Herrira; ordurako nik banuen harremana Pantxoarekin, eta hark aurkeztu zidan Lempegnat. Urte batzuen buruan, bere etxera gonbidatu gintuen Lempegnatek, eta han zeukan grabagailu bat erakutsi zidan. Zerbait grabatuko al genuen proposatu zidan, eta hala egin genuen. Gustatu egin zitzaidan emaitza, eta hori ikusita grabagailu bat erostera animatu ninduen. Konturatzerako 50 pieza nituen grabatuta. Arrate Irratira bidali nituen aurreneko grabaketak, eta horren ostean sortu zitzaidan Youtubeko proiektuaren ideia. Gaur [maiatzak 23] grabatutakoarekin, 1.162 pieza igo ditut Zestorenekua-ra. Nire asmoa da urte batzuen buruan Arrate Irratiari daukadan material guztia ematea.

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak aitortza egin berri dio zure proiektuari. Nola jaso zenuen berria?

Ea, aitortza guztiak dira onak. Ez nuen espero halakorik, eta pozgarria da norberak egindako lana aitortzen dutela jakitea.

Zer-nolako piezak grabatu dituzu?

Denetik dago: fandangoak, pasodobleak, boleroak, sanbak, tangoak, zortzikoak, kontrapasak… Niri gehien zortzikoak gustatzen zaizkit. Lehen, edozein une aprobetxatzen nuen abestiak grabatzeko, eta egunean pieza bat edo bi grabatzen nituen. Orain, berriz, ingurukoak nazkatuta dauzkat, eta goizetan egiten ditut grabaketak, astean bi edo hiru aldiz. Ez naiz aspertzen; haserretu gehiago egiten naiz piezaren bat grabatzea lortzen ez dudanean.

Gustura al zaude egindako lanarekin?

Oso gustura. Uste dut inoiz inork ez dituela grabatu txistuarekin mila abesti baino gehiago, eta ez dut uste inork egingo duenik. Neure baliabideekin egindako zerbait da, ordu askoko lana, mimo handiz egindakoa.

Nolako harrera izan du proiektuak?

300.000 bisita baino gehiago izan ditu, eta ikaragarri iruditzen zait, txisturako piezak direla kontuan hartuta batez ere. Youtubek gauza bat du: Euskal Herritik harago entzuten da, eta horrek poz ematen du. Izan ere, txistua ez da ia inon entzuten, Arrate irratian salbu. Eskerrak irrati horri; izan ere, gure musika zaintzen ez badugu, konturatzerako galdu egingo da.

Erreleborik izango al du txistularitzak?

Panorama beltz dago. Argi dago inork ez duela hartuko gure erreleborik. Gu joaten garenean ez da ezer geldituko, eta tristea da. Gaur egun, gazteak musika eskoletara joaten dira, eta gehienek guk baino hobeto jotzen dute txistua. Kontua da ez dutela kalean jotzeko aukerarik. Euskal Herriko Txistulari Elkarteari eskatuko nioke egin dezala zerbait txistularitza eta, batez ere, txistulari gazteak kalera hurbiltzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.