Herri bat musikaren bueltan

Herri bat musikaren bueltan

Jon Miranda

Bihar izango da Musikherria egitasmoaren zortzigarren aldia, Tolosan. Urtez urte errotuz joan den festa bat da, eta gero eta parte hartzaile gehiago batzen dira ospakizunera; horren erakusgarri, hogei taldek baino gehiagok baieztatu dute aurten parte hartuko dutela. Era guztietako musika emanaldiak izango dira egun osoan Tolosako zenbait gunetan. Mikel Iraola Jainekin txarangako kide eta Musikherriaren antolatzaileak esan duenez, “normaltasunera bidean” herria girotzeko aukera izango dute bihar musikariek: “Egitarau mardula prestatu dugu, eta parte hartzeko gonbita egiten diegu herritar guztiei”.

MIKEL IRAOLA

Tolosan beste herrietan adina musikari daudela uste du Musikherriako antolatzaileak, baina kaleko musikan egin du azpimarra: “Txaranga, fanfarre, txistulari eta dultzainero talde asko daude gure herrian, eta kalera ateratzeko ohitura izaten dute asteburu askotan”. Bihar ere kalea hartuko dute musikari horiek. Herrigunera bakarrik ez, gainera: Larramendi, Amarotz, Izaskun eta San Esteban auzoetara ere zabaldu nahi dute festa, eta han ere ariko dira dultzaineroak eta txarangak. 11:00etatik aurrera, kalez kale ibiliko dira trikitilariak, akordeoi orkestrak, fanfarreak eta txarangak.

Lehen urtea, 2014an

Kaleko musikari horiengan pentsatuta, Tolosako musikari talde batek antolatu zuen lehen aldiz Musikherria, 2014an. Isidro Larrañaga akordeoi jotzaileak musika eskola bat du Tolosan, eta hura ere antolatzaile taldean dabil hasieratik: “Urtean behin behintzat herriaren aurrean denok batera agertu behar genuela pentsatu genuen, herrian zenbat talde gabiltzan eta zenbateko indarra daukagun erakusteko”. Larrañagak 1980an sortu zuen bere izena daraman akordeoi orkestra, Kilometroak Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia Tolosan egin zuten urtean, eta gisa horretako ekitaldi guztietan parte hartzen du ordutik, baita Musikherrian ere.

ISIDRO LARRAÑAGA

“Guretzat oso berezia da egun hau”, esan du Larrañagak. “Besteetatik ezberdina da. Antzokietan eta horrelako aretoetan jotzen ohituta gaude, baina udaberri giroarekin batera datorkigu Musikherria, eta gure lagun musikariekin kalean ospatzeko okasioa da guretzat. Gure jaiegun bezala hartzen dugu”. Musikarientzat, batetik, ospakizuna izango da biharkoa, baina, aldi berean, urte guztian ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izango dute. Eguerdian, Emeterio Arrese plazan eta Plaza Berrian izango dira emanaldiak. Eta, hileko azken larunbatetako ohiturari eutsiz, Tolosa Kantari egitasmoan parte hartzen dutenak 12:00etan abiatuko dira Maria Luisa Agirre Doktorearen plazatik.

Izatez, herriko kaleak musikaz girotzeko eta alaitzeko ekitaldi bat da Musikherria, baina, Iraolaren hitzetan, Tolosako musikarien eta artisten lana ikusarazteko ere balio du. “Eta, bide batez, musikariok egiten dugun ekarpena aintzat hartzeko ere bai”. Larrañagak zehaztu du “isilpean eta bakoitza bere kasa” ibiltzen direla maiz. “Eta ekimen honek aukera ematen digu elkartzeko eta elkarri aitortza egiteko”. Haren hitzetan, musika ez da botoi bat sakatu eta automatikoki sortzen den gauza bat. “Egunero-egunero ikasi beharra dago. Gure lanak sakrifizio handia eskatzen du, eta Musikherrian balioa ematen zaio isilpeko lan horri”.

Transmisio lanaz

Musika eskolara begira, Larrañagak uste du abantaila handia dela adin ezberdinetako musikariak egun eta toki berean elkarrekin aritzea. “Heldu sentitzen dira jendaurrean aritzen direnean, eta polita da hori. Gainera, ikasle horiei ispilu bezala ere balio die Musikherriak; gure alboan arituta ikus dezakete noraino irits daitezkeen musikaren munduan”. Biharko jaian adinak garrantzirik ez daukan erakusgarri, Tolosako Abeslari Gazteak taldeak, adibidez, lehenengo aldiz parte hartuko du Musikherrian.

Duela urte batzuk sortutakoa izanagatik, Tolosako Laskorain ikastolako Lask abesbatzak eten bat egin behar izan du pandemiagatik. Ikasturte honetan berreskuratu dute taldea, 22 gaztetxorekin, eta bertan zuzendari aritzen da Naiara Mintegia: “Gure abesbatzan aurten izena eman dutenek lehenengo aldia izango dute jendaurrean”, argitu du zuzendariak, eta, urduritasunak urduritasun, gazteak ere kalera atera eta kantuan aritzeko gogoz daudela azpimarratu du. “Ikasturte osoa daramagu errepertorio bat lantzen, eta bost bat kantu aukeratu ditugu aurtengo Musikherria jaialdirako”.

NAIARA MINTEGIA

Laskorain abesbatzako zuzendari izateaz gain, Isidro Larrañaga akordeoi orkestrako kidea ere bada Mintegia. Bihar, beraz, bi alditan igoko da oholtzara. Dena den, goizeko emanaldiez gain, eguerdian Zerkausian egingo duten herri bazkarian ere jarrita dauka gogoa zuzendariak. “Elkarrengana bildu, kontu batzuk esan, eta bazkalostean elkarrekin kantuan aritzeko aukera izaten dugu beti. Oso giro polita sortzen da urtero”.

Aurreko urteetako bazkarietan bostehun pertsona inguru bildu izan dira. “Ez dago musikaria izan beharrik bertan parte hartzeko. Festarako gogoz dagoen oro animatu nahi genuke”. Laskorain ikastolak prestatuko du bazkaria, eta helburu solidarioa izango du: bertan lortutako irabaziak Zutani elkartearentzat izango dira.

Arratsaldean jarraituko du festak, eta, horretarako, aurretik ere Tolosan izandakoa den Les Incognitos taldea gonbidatu dute (18:00). Reggae, rock eta ska musika lantzen du Frantziako talde horrek, eta kalez kale ibiliko dira horiek ere. 22:30ean, berriz, Plaza Berrian, Aldapeko Basque Latin Jazz taldea ariko da, eta, gauerditik aurrera, Laiotz taldearekin erromeria egingo dute jaiaren amaiera gisa.

Orain arte, urtero-urtero, maiatzaren hondarrean antolatu izan dute Musikherria jaialdia, eta COVID-19a zela-eta 2020ko etenaren ostean, ohiko formatura itzuliko da aurten. Iaz, urrian, ezohiko moduan, baina kalera atera ahal izan ziren musikariak, zazpigarren urtez. Ezin izan zuten egin herri bazkaririk, eta ekitaldiak ere mugatuak izan ziren, pandemiagatik.

“Udaberria loratzearekin batera, musikarioi ere kalera ateratzeko grina pizten zaigu, eta aurten jaiegun eder batez gozatzeko aukera izango dugu berriz ere”, esan du Iraola Jainekin txarangako kideak eta Musikherriaren antolatzaileak. Goizean goizetik eta goizeko ordu txikiak arte, Tolosara doanak musika joz eta musika entzunez gozatzen duen herri batekin egingo du topo.

Leave a Reply

Your email address will not be published.