Kino Martinez: “Bakardadeari aurre egiten laguntzen dute terrazek”

Kino Martinez: “Bakardadeari aurre egiten laguntzen dute terrazek”

M. Garate

Aurtengo uda “oso ona” izango dela uste du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak. Jende asko espero dute bisitan, eta, Kino Martinez (Hernani, 1958) idazkari nagusiaren esanetan, “zuhurragoa” iruditzen zaie pandemia garairako onartutako baldintza malguagoak mantentzea terrazentzat. Donostian, behintzat, ez da hala izango.

Eneko Goia Donostiako alkateak iragarri du ekainaren 25ean amaituko direla COVID-19aren eraginez ostalaritzako terrazetan baimendutako aldaketak. Nola hartu duzue erabakia?

Guk terraza horiek uda amaitu arte mantentzeko eskatu genuen. Aurtengo udan jende asko etorriko da; mugimendu handia espero dugu, eta, osasun ikuspegitik, zuhurragoa iruditzen zaigu terrazak orain dauden bezala mantentzea, jendeak toki gehiago izateko; azkenean, ordea, ez da hala izango. Hala ere, gaur egungo ordenantza berrikusteko eta hobekuntza batzuk egiteko eskatu dugu. Proposamen hori duela lau hilabete eman genion zinegotzi arduradunari, eta beste alderdi politiko guztien esku ere jarri dugu. Badirudi onartuko dutela aldaketaren bat.

Aldaketa horiek, ordea, ez dira udarako iritsiko.

Ez, udalbatzan onartu behar dira, jendaurrean erakutsi… Beraz, aparkalekuetan-eta jarrita dauden terraza batzuk kendu egin beharko dira Donostian.

Zein da egoera Gipuzkoako beste herrietan?

Ikusita nola aldatu diren gauzak eta terrazek nolako protagonismoa hartu duten, askok erabaki dute araudiak aldatzea. Udal korporazioek ulertu behar dute terrazek gure auzo, kale eta plazetan eskaintzen duten tokia topaketarako, elkarbizitzarako eta sozializaziorako gunea dela. Gaur egungo zibilizazioaren arazo nagusia nahi gabeko bakardadea da. Kexatzen gara 55 urtetik gorakoen %30ek esaten dutelako bakarrik sentitzen direla. Horri aurre egiteko tresna bat dira terrazak; bada, susta ditzagun. Ez da beharrezkoa parkeak, plazak eta bestelako egitura artifizialak muntatzea; ostalaritzako terrazak jada hor daude.

Zuek dakizuenaren arabera, kexa asko izan dira terrazengatik?

Gauza guztiekin egoten dira kexak, eta denok nahi dugu ostalaritza, baina ez gure etxe azpian. Eta terrazek frogatu dute herritarrek onartutako eta desiratutako guneak direla, eta sozializatzen eta bakardadeari aurre egiten laguntzen dutela. Ikusi besterik ez dago nola egoten diren terrazak beteta eta banku publikoak hutsik.

Aipatu duzu zenbait herritan udal ordenantzak aldatu dituztela. Zer aldaketa nagusi jaso dira horietan?

Alde batetik, erregularizazioan egon dira aldaketarik handienak; hau da, zehaztu egin da zer baimentzen den eta zer ez, nola, sasoien datak zein izango diren… Ostalariontzat ezinbestekoa da segurtasun juridikoa izatea, inbertsioak-eta egin ahal izateko. Bestetik, terrazen erosotasunean egon dira aldaketak, berogailuak, toldoak, kristalezko babesak eta abar baimenduz. Ordutegi aldetik ez da aldaketa handirik izan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.