Koldo Urrestarazu: “Lasterketa txar bat aterata ere, amaitzen badut, ni pozik”

Koldo Urrestarazu: “Lasterketa txar bat aterata ere, amaitzen badut, ni pozik”

Miren Garate

Pandemiaren eraginez, azken bi urteetan ez da Zegama-Aizkorri mendi lasterketa egiterik izan ohiko formatuan. Igandean izango da berriro, eta partaideek 42 kilometro egin beharko dituzte mendian, Zegamatik atera eta berriro herrira itzuli artean. 2002an egin zuten lehen aldiz, eta sei dira orain arteko aldi guztietan parte hartu duten kirolariak. Koldo Urrestarazu da horietako bat (Lazkao, 1973). Lasterketak izan duen bilakaera eta hartu duen ospea zuzenean bizi izan ditu, beraz: “Azkenengo astean bertan ematen genuen izena guk; Zegamako udaletxera deitu, eta datuak hartzen zizkiguten”.

Igandean izango da Zegama-Aizkorri mendi lasterketa. Nola pasatzen dituzu azken egunak?

Azken astea nik lasai egoteko hartzen dut, indarrak hartzeko, ondo jateko eta atsedena hartzeko. 42 kilometro dira, ordu asko mendian, eta ez da komeni nekatuegi iristea; ezer egin gabe iristea ere ez da komeni, ordea, eta hankak pixka bat espabilatzeko pare bat saiotxo egin ditut.

2002an antolatu zuten aurreneko aldiz Zegama-Aizkorri. Gogoratzen al duzu lehen aldi hura?

Uste dut sanferminetan izan zela. Maratoi distantziako lehen lasterketa zen niretzat, zerbait berria. Lazkaon bizi nintzen orduan, eta etxetik gertu zen. Pozez zoratzen bukatu nuen. Hala ere, dexente sufritu nuen, beroagatik eta kalanbreengatik. Lehen aldia izanda, justu samar iritsi nintzen, ez nekielako horrelako lasterketa bat nola prestatu behar zen. Orduan, ez zeuden halako lasterketa asko Euskal Herrian.

Lehen urte hartan, ez zenuten berehala pentsatuko gaur egun duen sona hartuko zuenik lasterketak.

Inondik inora ez. Azkenengo astean bertan ematen genuen izena guk: Zegamako udaletxera deitu, eta datuak hartzen zizkiguten. Aurtengo probarako, berriz, 12.000 lagun zeuden izena emanda, eta dortsala lortzeko aukera 50etik bat-edo zen; oso zaila izaten da tokatzea. Horrek erakusten du zer indar hartu duen, eta ez Euskal Herrian bakarrik, baita Europan eta munduan ere. Hasieran, oso lasterketa popularra zen: inguruko jendeak hartzen genuen parte.

Eta lasterketak hartu duen ospe horren eraginez, punta-puntako lasterkariak etortzen dira urtero, oso denbora onak izaten dira… Horrek ez al dizu atzeraka-edo eragiten pixka bat?

Niri bai, ni lasterkari popularra naiz eta. Dortsala ziurtatzeko, denbora batean amaitu beharrarekin hasi ziren. Lehen, bost ordu eta hamabost minutu-edo nahikoa zen, eta orain gutxiago da. Bost ordutik jaisteko oso maila handia eduki behar da. Oso popularra zen lehen, eta, erdi profesionala dela igual gehiegi esatea izango da, baina antzeko zerbait da orain. Garai batean, gu nolanahi ibiltzen ginen, gure kabuz, eta nik oraindik ere hala jarraitzen dut: ez dut inoiz prestatzailerik izan. Baina hasiberri asko ikusten dira prestatzaile batekin, oso zorrotz, dieta ere zainduz, eta horrekin etorri da denborak asko hobetzea.

Zuk nola prestatzen duzu lasterketa?

Gogoa daukadanean, motibatuta nagoenean, eta lasterketak gero eta gertuago daudenean egiten ditut entrenamenduak; asteburuetan luzeagoak egiten ditut, eta aste barruan motzagoak, familia, lana eta kirola uztartzea ez baita erraza.

Lasterketa gehiagotan ere parte hartzen al duzu?

Martxoan, Beasaingo Arriaran auzoko 23 kilometroko mendi lasterketan parte hartu nuen. Harrezkero, maiatzaren hasieran, Aloñako igoera egin nuen Oñatin, 22 kilometroko proba; maiatzaren 8an, Landarbaso Trailen atera nintzen, 18 kilometroko lasterketan, Errenterian, orain han bizi bainaiz; eta, aurreko asteburuan, Txindokiko kilometro bertikala egin nuen; proba laburra eta esplosiboa da azken hori, eta zerbait ezberdina probatu nahi nuen. Lasterketa horiek egin ditut aurten.

Urteren batean pentsatu al duzu ez ateratzea Zegama-Aizkorri lasterketan?

Amaitzen duzunean, gogo gutxi izaten duzu hurrengo urtean pentsatzeko, baina, gorputza errekuperatu ahala, jartzen zait berriro gogoa, eta ez ateratzea inoiz ez dut pentsatu, ez. Hainbeste aldiz parte hartu badut, gozamenak sufrimenduak baino eragin handiagoa izan duelako izan da.

Hemeretzigarren aldiz egingo duzu aurten. Gorputzak ahal duen bitartean jarraitzeko asmotan zaude?

Aurtengo lasterketa amaitzen badut, hogeigarrena egiten saiatuko naiz. Ilusioa egiten dit hogei aldiz egiteak. Hortik aurrera, urtez urte ikusi beharko dut, faktore askok eragiten dute eta.

Zer helburu jartzen dizkiozu zeure buruari?

Denborarekin, nahiko malgua naiz neure buruarekin. Lehen helburutzat jartzen dut ondo bukatzea, sentsazio onekin, minik hartu gabe, eta hurrengo urterako gogotsu. Hori da helburu nagusia. Noski, gero zeure buruari erronkatxoren bat-edo jartzen diozu, iazko denboraren antzekoa egitea-edo, baina ez naiz kezkatzen horregatik. Lasterketa txar bat aterata ere, amaitzen badut, ni pozik.

Hainbeste urtean aterata, anekdotaren batzuk izango dituzu…

Eguraldiarekin lotutakoak gehienbat, denetik tokatu baitzaigu. 2016an uste dut izan zela: aurreko egunean egundoko beroa egin zuen. Zegamara joan ginen dortsalak hartzera eta giroa ikustera, eta gure artean komentatzen genuen hurrengo egunean halakoa eginez gero laurdenek ez genuela amaituko. Justu igandean, lasterketa hasi eta segituan, kristoren aldaketa izan zuen eguraldiak, eta tenperatura asko jaitsi zen. Negu giroa jarri zen, haizeak gogor jotzen zuen, eta hotza hezurretaraino sartu zitzaidan. Jende asko erretiratu zen, eta ahalik eta azkarren behera jaistea besterik ez nuen buruan. Eskuak sentitu ere ez nituen egiten, baina buelta eman, eta lortu nuen amaitzea.

Zer aholku emango zenioke aurten lehen aldiz parte hartu behar duen bati?

Gozatzeko. Dortsala lortzeko gaur egun dauden zailtasunekin, batzuentzat oso zaila izango da berriz ere ateratzeko aukera izatea; horregatik, behin egin behar, eta esango nieke ez itsutzeko denborarekin, gozatzeko antolakuntzaz, boluntarioen laguntzaz, ikusleen animoez, paisaiaz…

Leave a Reply

Your email address will not be published.