Terrazen salbuespen baldintzak, amaitzear

Terrazen salbuespen baldintzak, amaitzear

Miren Garate

Indargabetu zuten osasun larrialdia, eta kendu zituzten ostalaritzan zeuden murrizketa neurriak, baina oraintsu arte hor jarraitu dute —eta herri batzuetan hor jarraitzen dute— pandemia garaian ezohiko baldintzetan baimendutako terrazek. “Noiz arte?” izan da askok egiten zuten galdera, betikotzeko itxaropenez daudelako batzuek eta kentzeko desiratzen beste batzuek. Donostian badute data bat: ekainaren 25erako kendu egin beharko dituzte, besteak beste, aparkalekuetan eta tabernaren ikusmen eremutik kanpoko eremuetan dauden mahai eta aulkiak.

Hala ere, pandemiak kontsumo ohiturak aldarazi dituela jakitun, eta ohitura horietako batzuek iraun egin dezaketela ikusita, udal batek baino gehiagok erabaki du terrazak arautzeko ordenantzak egitea edo lehendik zituztenak eguneratzea. Donostian bertan, Eneko Goia alkateak esana du uda alderako aurkeztuko dutela aldaketa batzuk egiteko zirriborroa. Sei hilabete inguruko prozesua izango dela zehaztu du. Haren esanetan, arazo nagusi bat izan dute pandemiaren testuinguruan: “Hirugarren erakunde batek egiten zuenaren mende gelditzen ginen; hau da, alarma edo larrialdi egoera baten mende, eta, hori erortzen zenean, ezin genuen ezer egin”. Ordenantzan mekanismo bat sartu nahi du udalak, ezohiko egoera bat zer den udalak berak erabaki ahal izateko.

Jorratu beharreko beste bi gai ere aipatu ditu Goiak. Alde batetik, ostalaritza establezimenduaren ikus eremutik kanpoko terrazak baimendu edo ez. 2015ean onartutakoaren arabera, oro har, ostalaritza establezimenduaren ikuspen angeluan egon behar du terraza osoak, gehienez ere 25 metroko distantziara. “Agian, hor aldaketa bat egin daiteke; bizi izan dugun esperientziak erakutsi digu ikus eremuarena ez dela hain problematikoa izan, baina ondo finkatu beharko dira gauzak, desiragarriak ez diren ondorioak gerta ez daitezen”.

Donostiako alkateak aitortu du zalantza gehiago dituela aparkalekuetako terrazekin. Oraingo ordenantzak esaten du galtzadan edo iraunkorki aparkatzeko edo antzeko beste erabilera batzuetarako finkatutako tokietan ezin dela terrazarik jarri, ezta zabor edukiontzien ondoan, aldamioen azpian edo ondoan, autobus geltokien aurrean eta abar ere. “Ondo aztertu beharreko gaia da, eta ez dut proposamen zehatzik. Kasu batzuetan ondo egon daiteke baimentzea, baina irekitzen bada aukera inongo mugarik gabe, bestelako egoera asko izan ditzakegu”. Horrez gain, orain arte egin ez duten zerbait egiteko aukera ikusten du: hirian guneen arteko bereizketak egitekoa; hau da, gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, batzuetan gauza batzuk posible izatea eta besteetan ez.

Aldaketak herrietan

Donostiak bezala, beste herri asko eta askotan baimendu zituzten terrazak ezohiko toki eta baldintzetan. Zenbaitetan, hasita daude horiek erretiratzeko eskatzen. Tolosako Udaleko ordezkarien esanetan, dagoeneko bidali diete jakinarazpen bat ostalariei, lehengo baldintzetara itzuli behar dutela esanez. “Orain, batez ere plazetan-eta hasi dugu kentzeko eskatzeko lanketa, udaltzainekin batera. Prozesua pixkanaka egiten ari gara”. Paraleloki, ostalariekin elkarlanean, beste ordenantza bat lantzen ari dira. “Lehendik ere buruan genuen hori egitea, baina pandemiak beste egoera eta behar batzuk ere jarri ditu mahai gainean”.

Pasaian, aurreratuago dituzte lanak, eta jendaurrean erakusteko eta alegazioak aurkeztu ahal izateko fasean dago ordenantza berria. Udaltzaingoko iturrien arabera, aldaketa nagusien artean, besteak beste, aurrerantzean bost aulki jarri ahal izango dira mahai bakoitzean —lehen, lau—, eta terrazek hartu ahal izango duten gehienezko azalera %35ekoa izango da.

Urnietan ere aurreko astetik indarrean da ordenantza berria; Andoainen, iazko uztailean onartu zuten; Aretxabaletan, iazko maiatzean. Ordutegiei, distantziei, ezarri ahal diren elementu finkoei eta abarri buruzko ohiko baldintzez gain, bestelako eskakizun batzuk sartzeko ere baliatu dute ordenantzen berrikuspena udalek. Oriokoak, esate baterako, parrilak herriaren nortasun ikur direla iritzita, egitura erdi finkoak jartzeko baimena eman die erretegiei; horrez gain, eremu publikoak okupatzen dituzten ostalari guztiek euskaraz jarri behar dituzte menuak, arbeletako oharrak, prezioak eta gainerako ohar guztiak.

Bizilagunen eskaerak

Ostalariei onura handiak ekarri arren, terrazak ez dira beti inguruko bizilagunen gustukoak izaten. Badira terrazek lehengo baldintzetara itzuli behar luketela uste duten beste elkarte batzuk ere. Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazioa da horietako bat. Salatu du araudiak dioena ez dela betetzen askotan. “Espaloietan gutxieneko distantziak errespetatzeko eskatzen dugu, eta menuen arbelak eta beste elementuak kanpora ez ateratzeko ere bai”. Itsuentzat, gurpil aulkian doazenentzat eta beste batzuentzat traba handia izaten dira horiek. “Pedagogia gehiago egin behar litzateke, kanpainaren batzuk edo”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.