Bizitzeko modu bat jaialdi bihurtuta

Bizitzeko modu bat jaialdi bihurtuta

Unai Zubeldia

Ospakizun bat izango da biharkoa, azken hogei urteotan Tolosako Bonberenea Ekintzak plataforma euren egin duten musika taldeak eta sustatzaileak elkartzeko plaza bat. Patxi Muñoa Bonberenea Ekintzak plataformaren koordinatzaileak aitortu du 2002ko maiatzean “jolas baten moduan” ekin ziotela bideari. “Bonberenea gaztetxean zeuden musika taldeek euren proiektuak garatu ahal izateko eman genuen lehen pausoa, baina proposamen gehiago jasotzen hasi ginen pixkanaka, eta 108 disko kaleratu ditugu dagoeneko”. 112 izango dira urtea bukatzerako, disko bat grabatzen ari baitira Elle Belga Fany Alvarez eta Jose Luis Garciaren proiektua, Ama Say, Joseba Irazoki eta Petti, eta Arima.

BONBERENEA EKINTZAK, DISKOAK

Hogei urteko ibilbide horretako lagin txiki bat islatuko dute bihar Bonberenea Ekintzak 20 Urte ospakizun jaialdian —Tolosako gaztetxeak datorren abenduan beteko ditu 25 urte; herriko gazteek 1997ko abenduaren 23an okupatu zuten lehen aldiz San Esteban auzoko eraikina, nahiz eta hiru saiakera behar izan zituzten azkenerako—. 18:00etan hasiko dira kontzertuak, eta hamalau talde igoko dira Bonbereneako bi eszenatokietara, Rodeo, Humus, Arima, Abereh eta Dena taldeak tartean; ordu erdi bateko iraupena izango du kontzertu bakoitzak —01:00ean amaituko dira—. “Sinkronizatuta egongo dira bi eszenatokiak, talde batek gune batean bukatzen duenean berehala hurrengo taldea beste eszenatokian hasteko”.

Amaieran, berriz, Olariusen Brothersak DJen emanaldia izango da, goizaldera arte. “Beasaingo musikari bat zen Olarius, Bonberenean asko ibilitakoa, eta duela lauzpabost urte utzi gintuen. Haren lagunek jarraipena eman zioten haren proiektuari, eta horrela sortu zuten Olariusen Brothersak”. Muñoak esan du “egunsentira arte” festa luzatzeko ardura izango dutela hiru DJek.

Gaurko jaialdirako taldeak aukeratzea “lan erraza” izan dela aitortu du Bonberenea Ekintzak plataformaren koordinatzaileak. “Gure plataformako taldeak dira guztiak. Plataforma sortu genuenetik hogei urte igarota, gurekin aritu izan diren talde batzuk ez daude jada, beste batzuk oso hasiberriak dira oraindik…”. Horren harira, otsailean egin zuten bilera bat Bonberenean. “Eta bertan adostu genuen gaur egun martxan dabiltzan taldeekin osatuko genuela egitaraua; diskoren bat atera dutenak, bizirik daudenak…”.

Atzera begiratuta, ordea, sona handiko talde mordoa ageri da Bonberenea Ekintzak plataformaren zerrendan: Zea Mays; Ze Esatek!; Kashbad; Anestesia; Glaukoma; Arima; Pirritx, Porrotx eta Marimotots; Bonberenea Txaranga… “Guztira, berrogei bat talde igaroko ziren hemendik dagoeneko”. Talde horiei zukua asteburuetako kontzertuekin atera dietela onartu du Muñoak. “Pentsa, hogei urteotan mila kontzertu baino gehiago eskaini ditugu; Euskal Herriko, Espainiako eta mundu osoko hainbat talde etorri dira gurera”. Sorreratik bertatik, musika izan du oinarri Tolosako gaztetxeak, baina Bonberenea hori baino askoz gehiago dela azpimarratu du plataformaren koordinatzaileak: “Serigrafia tailerrak egiten ditugu, adibidez; irrati bat ere badaukagu… Urteak igaro ahala, haziz joan da ia oharkabean martxan jarri genuen proiektu hau”.

Ohiko diskoetxea, ez

Muñoak onartu du askok diskoetxetzat daukatela Bonberenea Ekintzak. “Kanpotik hala uler daiteke, garai batean Basati edo Esan Ozenki ziren moduan. Baina gu inoiz ez gara izan diskoetxe arrunt bat; autogestioa oinarri hartuta, norberak bere proiektuak bidera ditzakeen plataforma bat da gurea”. Azpiegitura eskaintzen du Bonberenea Ekintzak plataformak, eta talde bakoitzak osatzen du beharrezkoa duen aurrekontua. “Ondoren, kudeaketa lanetan laguntzen diegu guk taldeei; babesa eman, grabaketan lagundu, promozioa egin, diskoaren banaketan lagundu…”, zehaztu du Muñoak, eta urteotan guztiotan estudioaren ardura Karlos Osinaga Txap-ek hartu duela gaineratu du.

LISABO

Proiektuaren izaera bera kontuan hartuta, 10 eurotan jarri dituzte salgai sarrerak. “Hamalau talde eta DJ batzuk izango ditugunez, bertaratzen direnek euro bat baino gutxiago ordaindu beharko dute talde bakoitza ikusteko; kopuru sinbolikoa da, azken batean”. Muñoak gogoratu du 1997an okupatutako etxe bat dela Bonberenea. “Hori dago oinarrian, eta gaur egun, gainera, prezioak igo eta igo ari dira azken aldian; horregatik jarri dugu prezio hori, zaleei euskal musika eszena ikusarazteko; azken batean, harrobiko lana da gurea, eta lan hori erakutsi nahi dugu”. Biharko jaialdia luzea izango dela jakitun, ogitartekoak eta edaria ere prest dauzkate jada antolatzaileek.

2012an, 2002012 Doinuen Harmakada antologia liburua kaleratu zuen Bonberenea Ekintzak plataformak, hamar urteko ibilbidea gogoratzeko; bi disko eta bi DVD ere bazeuzkan liburu hark. Hamar urte geroago, Muñoak aitortu du “antzeko proiektu bat” daukatela esku artean. “Baina ezinezkoa izango da aurten publikatzea; hurrengo urterako utziko dugu”. Izan ere, oparoa izaten ari da 2022a. “Urte batzuetan hiruzpalau disko bakarrik grabatu izan ditugu, eta beste batzuetan sei, zortzi edo hamar. Aurten 11 izango dira guztira”. Horrez gain, “fabrikazio merkatuaren egoera” ere kontuan hartu dute liburuaren proiektua atzeratzeko.

Lehen proiektua, 2002an

Aurretik, 2002an bertan, sorrera urtean, Oztopo guztien gainetik musika bilduma kaleratu zuen Bonberenea Ekintzak plataformak, gaztetxearen ordura arteko ibilbidea laburbildu zuen egitasmoa. Tanta taldearena izan zen hurrengo proiektua, 2003koa; Joxi Ubeda, Fernando Manzisidor Mantxi eta Muñoa bera ziren taldeko hiru ordezkariak, eta bost kantuko disko bat kaleratu zuten, Lisabö taldearen eta Berako zenbait ezagunen kolaborazioekin. Hirukote horrek lauzpabost kontzertu ere eman zituen lehen proiektu harekin.

Pausoz pauso bidea eginda, musika talde askoren “habia ezinbestekoa” bihurtu da Tolosako Bonberenea Ekintzak plataforma, eta azken bi hamarkadetako lanketa hori zaleekin partekatzea izango da biharko jaialdiaren helburuetako bat. Larunbata noiz iritsiko irrikan daude proiektuaren sustatzaileak, eta oraindik ere zalantzan dauden musika zaleei bihar Bonbereneara azaltzeko eskatu die Muñoak. “Gaur egungo euskal musika merkatuko talde berri asko ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute bertaratzen direnek; ez dira damutuko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.