Digitalizaziotik humanizaziora

Digitalizaziotik humanizaziora

Ariane Vierbücher

Koronabirusak gauza asko kendu dizkio gizarteari, baina, testuinguru horretan, alternatibak ere bilatu dituzte askok, eta oso ekimen interesgarriak jarri dituzte martxan. Ibarran, adibidez, 2019-2020ko ikasturtean herriko irakurketa plana jarri nahi izan zuen martxan udalak, baina, koronabirusaren eraginez, bertan behera utzi zuten. Proiektu haren alternatiba gisa jaio zen tutoretzapeko liburutegia.

Bi urte beteko dira laster egitasmoa abian jarri zutenetik. Astean bitan elkartzen dira gaztetxoak eta boluntarioak, astearteetan eta ostegunetan, etxeko lanak egin, liburuak irakurri eta hausnarketak egiteko. Gainera, bi astez behin, Galtzagorri elkarteko Imanol Mercerok liburu bat irakurtzen die, eta harekin lantzen dute gero. Orain arte irakurri dituzten liburuen katalogoa ere osatu dute; 90 liburu irakurri dituzte.

Tutoretzapeko liburutegia hiru urteko proiektu pilotua da, eta Lehen Hezkuntzako 5. mailan hasi eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara artean irauten du.

Behar bati erantzunez

Kristina Martinez da Ibarrako taldeko boluntarioetako bat, eta, haren hitzetan, “behar bati erantzuteko” sortu zuten proiektua. Bi helburu nagusirekin sortu zuten egitasmoa. Batetik, osasun larrialdiagatik agindu zuten etxeratzea bukatu ondoren, gaztetxoak digitalizaziotik aldentzeko. Martinezek arrazoitu duenez, etxeratzearen ondoren ere etxera iritsi eta berriro “konektatu” egiten ziren haurrak. Pentsatu zuten jokaera horretatik aldentzeko “zerbait” egitea guztiz beharrezkoa zela. Etxealdian pertsonarik zaurgarrienak “galtzaile” atera zirela ondorioztatuta, eskolatik kanpoko jarduerak egiteko aukera askorik ez zuten familiei eta gaztetxoei “nolabaiteko eskaintza inklusibo bat eskaintzea” zen beste helburua.

Ibarrako proiektua “oso arrakastatsua” izaten ari dela ziurtatu du Martinezek. Gaur-gaurkoz, hogei gaztetxok parte hartzen dutela azaldu du. “Oso talde heterogeneoa da. Zailtasunak edo gabeziak dituzten haurrek bakarrik ez, egoera horietan ez daudenek ere parte hartzea garrantzitsua zen, eta lortu dugu”. Martinezekin eta Idoia Mendiarazekin batera, bost gaztek kolaboratzen dute boluntario gisa.

Datorren ikasturterako planteamendua da LHko 5. mailako haurrez gain, 6. mailako eta DBHko 1. mailakoek ere parte hartzea. Bi saio egin beharrean, saio bakarra egingo lukete, baina ordu eta erdikoa. Saio horretan etxeko lanak egin eta gero, irakurketarako aukera ere emango lukete. “Benetan zoragarria da, oso esperientzia polita izaten ari da”, aitortu du Martinezek.

Ibarran garatzen ari diren esperientzia ikusita, Itsasondon ere martxan jarri dute tutoretzapeko liburutegia, Gazteria Foroak proposatuta. Proiektua abiarazten lagundu du Emma Martinezek, eta horrelako dinamiken onurak berresten dituzten “oinarri zientifikoak” ere kontuan hartu dituztela esan du. “Hainbat autorek defendatzen dutenez, horrelako dinamikekin haurrek ulermen kritikoa lantzen dute irakurketatik harago”.

Gaineratu du “mundu mailako klasikoekin” lan egingo dutela eurek, ipuin klasiko horiek denboran irauten dutelako. “Gai unibertsalak, irekiak, askotarikoak, ezinbestekoak eta pertsonen izaerarekin bat datozenak lantzen dituzte, rolak gainditzen dituzte, eta herri kulturaren erreferentzia dira, besteak beste”. Mila eta bat gau liburua lantzen ari dira orain.

Oraintxe, sei partaide dauzkate Itsasondon, eta hiru boluntariok dinamizatzen dituzte saioak. Irakurketa eta tertulia saioak egiten ari dira oraingoz, astelehen arratsaldeetan; bi saio egin dituzte, eta, eguraldia lagun dutenean, kalean biltzen dira.

Boluntarioak ere gustura

Rosario Nogera, Iban Serrano eta Jone Etxeberria dira Itsasondon taldea dinamizatzen ari diren hiru boluntarioak. Egitasmoari “ilusio handiarekin” ekin diotela adierazi du Nogerak. “Ekimen honek onura handia ekarriko du; irakurzaletasuna sustatzen du, haurrak harremanetan jartzen ditu, laguntzeko joera garatzen dute,…”. Bestalde, saioak euren heziketa pertsonalerako ere “baliagarriak” direla aitortu du Serranok. “Gaztetxoengandik asko dugu ikasteko”.

Rosario Nogera

Itsasondoko egitasmoko partaideek ere esan dute “oso gustura” joaten direla saioetara, “oso ondo” pasatzen ari direla. Partaide horiek aurretik ere bazuten irakurtzeko zaletasuna, baina horrelako egitasmo batean parte hartzen duten lehen aldia dute gehienek. Proiektuak aurrera jarraitzea eta jende gehiago animatzea espero dute denek.

Iban Serrano

Leave a Reply

Your email address will not be published.