Hogeita bost orduko laneguna

Juan Luis Zabala

Egunero ikusten ditugu irudi latzagoak, erdiragarriagoak, baina duela hamar bat egun, astegun buruzuri batez eguerdi partean, Gipuzkoako errepide batean ikusi nuena, berez hain tragikoa edo dramatikoa ez izanagatik ere, aparteko indarrez geratu zait iltzatua burmuinean.

Bidean konponketa bat egiten ari zirenez, errei bat moztuta zegoen 300 bat metroko tartean, eta errepidera aterata zegoen langile batek —gizonezko gaztea— autoa geldiarazi zidan, beste noranzkoan zihoazen autoak igaro arte, pasatzeko debekua adierazten duen trafiko-seinale zuri-gorria erakutsiz, beste aldean aurrera nondik jo adierazten duen zuri-urdina izaten duten horietakoa. Kontua da seinale zuri-gorria erakusten zidan bitartean, zuri-urdina erakutsi arteko tarte laburrean, ikusi ahal izan nuela trafiko-seinaleaz gain jaten ari zen ogitartekoari ere eusten ziola langile gazteak esku batekin, eta beste eskuarekin barruan edariren bat zeukan plastikozko ontzi bati. Lan egiteari utzi gabe ari zela bazkaltzen, alegia.

Egun bakarrean 25 lanordu egin zuen langilearen istorioa etorri zitzaidan burura, garai batean oso anekdota ezagun eta aipatua Azkoitian. Langile hark, kondairak dioenez, egun osoa eman zuen lanean, jateko zeukan atseden-tartean ere gelditu gabe, eta horregatik 25 lanordu kobratu omen zituen, edo kobratzea eskatu bederen, egun hartan egindako lanaren ordain gisa. Ez zuen halakorik egiterik izango niri errepidean egokitu zitzaidan langileak.

Autoa berriro martxan jarrita, etxera bidean, pentsamenduak elkartuz, pixka bat lehenago autoko irratian entzuna nuen albistea etorri zitzaidan gogora. Albisteak zioen Gipuzkoako ostalarien elkarteek, bertako establezimendu eta ostatuetan aritzeko langileak aurkitzeko zailtasunak dituztenez, Kolonbiatik ekarriko dituztela 50 inguru langile aurtengo udarako, ondorengo urteetan, bide hori indartuz, gehiago ekartzeko asmoz. Begien bistan uzten du albisteak ostalaritzako langileen baldintzak, errepidean geldiarazi ninduen langilearenak bezala, ez direla oso inbidiagarriak.

Kamioilariak eta arrantzaleak etorri zitzaizkidan gero gogora. Lanbide gogorrak izan dira beti biak ere, baina lehen bazuten konpentsaziorik eta abantailarik. Gaur horiek ere galdu dituzte, beste lanbide askok bezala. Beste batzuek, feminizatuenek batez ere, ez dute inoiz halakorik izan.

Irratiko albisteen artean ez zen egun hartan laneko istripuan hildako inoren aipamenik. Bai, ordea, biharamunean.

Azak ontzeko, egun batzuk geroago EAEko agintari kuadrilla baten argazkia ikusi nuen hedabideetan, gizonezkoak denak, trajez jantzita eta pala bana eskuetan, irrigarri bezain negargarri, lotsagarri baino lotsagarriago.

Ez dut uste orain 20, 30 edo 40 urte baino okerrago bizi garenik. Ulertzen dut zaila dela mundu gero eta globalizatuago eta hiper-populatuago hau gutxieneko printzipio batzuei eutsita antolatzea, herritarrei gutxieneko ongizate baterako bideak eta erraztasunak emanda —”inor atzean utzi gabe” lelo gero eta hipokritagoak dioen moduan—, eta ez dela dena txarra izan beti, alde horretatik, kapitalismoan. Baina gero eta begien bistakoago ageri zaizkigun arrakala horiek kezka seriorako motibo behar lituzkete gure gizartearen eta, oro har, bizi garen munduaren martxa gidatzen ari direnek. Ardura hori inork baldin badu bederen.