Irlanda gertuagotik ezagutzeko

Irlanda gertuagotik ezagutzeko

Erik Salazar

Aste gutxi pasatu dira Sinn Fein alderdiak Ipar Irlandako Parlamenturako hauteskundeak irabazi zituenetik. Irlandako irlaren bateratze aukera mahai gainean dago, eta Pasai Donibaneko Bixi-Bixi elkartean egoera hori baliatu nahi izan dute aurtengo Gora Herriak jaialdian Irlandari buruzkoak herritarren aurrean zabaltzeko. Atzo hasi eta ekainaren 18ra arte, bosgarrenez egiten ari dira kulturartekotasunaren jaia Pasai Donibanen. Hilaren 18an egingo dute bukaerako jaialdi nagusia, Euskal Herriko nahiz Irlandako dantzariekin eta musikariekin.

Garazi Alegria eta Xoane Legarda Bixi-Bixi elkarteko kideek pozez hartu dute azken asteotan Irlandak nazioartean hartu duen garrantzia. Egitarau “osoa eta askotarikoa” prestatu du elkarteak, eta aurten atzerriko jende asko espero dutela gaineratu du Alegriak: “Sorterritik, Irlandatik, inoiz baino jende gehiago etorriko da. Beste aldietan ere herrialde jakin bati egin izan diogu jaramon, baina bertako ordezkariak Euskal Herrian bizi ziren aspalditik”.

Legarda pozik dago elkarteak prestatu duen egitarauarekin: “Denetik dago: hizkuntza kontuak, kultur arloa, erakusketa bat…”. Ekitaldi nagusia, ordea, Mairead Farrell Sinn Feineko parlamentariaren hitzaldia izango da, ekainaren 16an, ostegunarekin, 19:30ean, Kulturgunean. Alegriaren ustez, garrantzitsua da Irlandako herrialdeari buruzko informazioa ematea: “Haien errealitatea ez da gehiegi zabaldu, eta horri buruz ikasteko aukera bikaina da Gora Herriak”.

Aurreko edizioetan Kuba, Sahara edo Kurdistan izan dituzte hizpide. “Askapen borrokan dauden herrialdeak gonbidatu izan ditugu beti. Gainera, Sahararen kasuan sakonagoa da lanketa”, dio Alegriak. Horren erakusgarri, aurten ere Saharatik Pasai Donibanera umeak iritsiko direla esan du Legardak. “Herrian talde indartsua sortzea lortu dugu”.

Irlandak Euskal Herriarekin betidanik izan dituen antzekotasunak nabarmendu dituzte Bixi-Bixi elkarteko bi kideek. “Bake prozesu bat izan zuten han ere, eta asko ikas daiteke handik”, ondorioztatu du Alegriak.

Egokitzeko arazorik ez

Eoghan O’Ciarmhac irlandarra da, eta orain dela hogei urte inguru heldu zen Euskal Herrira, ikasketak amaitu bezain pronto: “Hasieran, urtebete egin behar nuen hemen, besterik ez. Baina urteak bata bestearen atzetik pasatu ziren, eta Euskal Herrian gelditu nintzen”, aitortu du.

O’Ciarmhacek arreta handiz aztertzen ditu Irlandatik heltzen diren albiste guztiak, baina onartu du hainbeste denbora egin duela kanpoan, batzuetan “informazio falta” sumatzen duela. Hala ere, arazorik gabe hitz egiten du edozein gairi buruz: “Euskal Herrian irlandarra zarela esaten duzunean, inguruan berehala sortzen da interesa”.

Gipuzkoan bizitzeko egokitzapen prozesua ez dela zaila uste du O’Ciarmhacek; Donostian bizi da. “Niretzat ez zen gogorra izan. Horrela izanez gero, Irlandara bueltatzeko aukera neukan, baina Gipuzkoan jarraitzea erabaki nuen. Erraza da Gipuzkoako gizartean integratuta sentitzea”.

Irlandarrak bere herrialdetik etorritako hogei bat lagun ezagutzen ditu Donostialdean. Ez da talde handia, baina, haren esanetan, nahikoa komunitatea sortu ahal izateko: “Nik hasieratik egin nituen lagunak”. Bixi-Bixiren jardunaldiak gustuko ditu O’Ciarmhacek: “Hainbat herrialderi buruz gehiago jakiteko ezinbesteko egitasmoa da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.