“Lehen aldiz osatu dut abesti bat hasieratik bukaeraraino neronek”

“Lehen aldiz osatu dut abesti bat hasieratik bukaeraraino neronek”

Irati Saizar Artola

Musikari moduan ibilbide oparoa izaten ari da Enrikko Rubiños bateria jotzailea (Tolosa, 1977). Skalariak eta Vendetta taldeetan ibili zen garai batean, eta egun La Topadora taldearekin ari da. Ez da musika taldeetan soilik aritzen, ordea. Bateria eskola bat eta musika tresna denda bat ditu bere gain, Ibarrako lokal batean. Orain gutxi, gainera, buru-belarri lanean ibili da Kilometroetako abestia sortzeko erronkarekin.

Zer harreman daukazu musikarekin?

Txikitatik izan dut lotura musikarekin. Nire aita musikaria zen, eta haurra nintzela haren emanaldietara joaten nintzen. Uste dut hor sortu zitzaidala musikarekiko dudan grina.

Bateriaz gain, beste instrumenturik jotzen duzu?

Perkusio klasikoa ikasi nuen. Bateria ere jotzen dut, noski, eta gitarrarekin, baxuarekin eta pianoarekin saltsan ibiltzen naiz. Dultzainero garaia ere izan nuen; amaren etxean egongo da gordeta dultzaina.

Bateriari noiz heldu zenion?

Eduardo Mokoroa musika eskolan hasi nintzen perkusioa ikasten, 11 urte ingururekin, Tolosan. Ordura arte musika eskolan ez zen erakusten perkusioa; gu izan ginen lehenak. Beti gustatu izan zitzaidan bateria, eta 12-13 urterekin hasi nintzen bateriako klaseak hartzen.

Bateria ikasten hasi eta talderen batean lehen aldiz jotzeko aukera ere iritsiko zitzaizun…

Gaztetan, Tolosaldean zeuden talde nahikotxotan jo nuen. Bagenuen talde bat pop-rocka egiten zuena, Waika taldea, eta blueseko bat ere bai, Bluesez blai izenekoa. Saltsan ibiltzea gustatzen zitzaidan.

Urte luzez, ondoren, Vendettan aritu zinen, ezta?

Horren aurretik Skalariak taldean ibili nintzen, azken bi urteetan, eta gero etorri zen Vendetta. Orain, La Topadoran nabil.

ENRIKKO RUBIÑOS

Vendettarekin. Vendetta taldearen hamar urteko ibilbidean bateria astintzen aritu zen Rubiños. Irudian, Arenal Sound festibalean (Burriana, Herrialde Katalanak, 2018).

Vendettarekin ezagutu zenuen talde handi batean egoteak daukan eragina?

Skalariak taldearekin egin nituen bi urteak ere oso emankorrak izan ziren; mundu osoko bira bat egin genuen, eta Europan ere jotzen aritu ginen. Kontua da Vendettarekin hutsetik hasi ginela, eta barrutik ikusi genuela proiektua nola hazi zen. Skalariak taldera iritsi nintzenean, guztia eginda zegoen, taldea goi-goian zegoenean iritsi nintzelako. Vendettarekin, behetik hasi eta lana, lana eta lan gehiago eginda iritsi ginen goian egotera.

Proiektua zeure sentitu zenuen, beraz?

Noski. Guk hasitako zerbait zen, guk garatutakoa, eta hori ikustea oso polita izan zen.

Lokal txikietan hasi, plazetan, eta jaialdi handietan eta kanpoan jotzera ere iritsi zarete.

Europan barrena ibili ginen, Ameriketara iritsi ginen, Turkiako jaialdi batean ere jo genuen… Oso bolada polita izan zen, eta oroitzapenak hor geratzen dira.

Nolakoak dira oroitzapen horiek?

Oso ederrak, baina bidea gogorra izan zen. Kontuan izanda hutsetik hasitako talde bat zela, lan asko egin behar izan genuen erantzun hori jasotzeko. Nire kasuan, ordea, ez zen erabateko dedikazioa, udal musika eskoletan ere banenbilelako irakasle moduan. Denbora asko eskatzen zuen, baina bidaia polita izan zen.

2018an itxi zenuten Vendettaren etapa, baina ez zinen geratu besoak gurutzatuta.

Ez dakit geldirik egoten. Musikariak gara, eta musikarioi musika egitea gustatzen zaigu, modu batera edo bestera. Vendettarekin bukatzerako, La Topadoraren proiektua martxan zegoen, baina une horretan geldialdian zegoen. Bitartean, Modus Operandi taldean aritu nintzen, bateria jotzen; bira bat egin eta disko bat atera genuen ni egon nintzen aldian. Gero, La Topadorarekin hasi ginen, eta erabaki nuen talde horrekin bakarrik jarraitzea, gauza gehiegi izango zirelako bestela.

Disko berria prestatzen ari zarete orain, ezta?

Lehen diskoa pandemia hasi baino astebete lehenago kaleratu genuen. Pandemiarekin sekulako zaplaztekoa hartu genuen; izan ere, uda osoan etxean geratu behar izan genuen. Orain bigarren diskoa grabatuta daukagu, baina singleak ateratzen ari gara pixkana-pixkana: duela hilabete atera genuen Vamos primo izenekoa, bideoklip batekin, eta joan den astean Al calor izenekoa publikatu genuen, beste bideo batekin. Azaroan kaleratuko dugu diskoa osorik.

Nolako uda datorkizue?

Uda honetarako kontzertuak ixten ari gara, eta espero dugu hitzordu gehiago ere iritsiko direla. Ea giro politean pasatzen dugun uda.

Vendettatik zatozten musikariak zaudete La Topadoran. Elkar ezagututa, lana ere errazago egiten da?

Lan egiteko modua mekanizatzen duzunean eta badakizunean zerk funtzionatzen duen, bai entseguetan, bai konposatzean, errazagoa da guztia. Desberdina izango zen bost lagun berri elkartu izan bagina, bakoitza bere lan egiteko moduarekin. Azken batean, talde honen engranajea eginda dago, lehendik mekanizatuta geneukan lan egiteko modua daramagu aurrera; gure modura egiten dugu, ez daukagu inor konbentzitu beharrik.

Publikoa konbentzitu beharko duzue…

Haiek bai, jakina. Eta uste dugu konbentzitu dugula, baina zaila ere bada. Vendettako hasiera hartako egoera berean gaude orain. Hutsetik, behetik hasi gara, eta lana egin beharko dugu. Ea noraino iristen garen.

Zure proiektu propioa ere badaukazu: Tarukutraku musika tresnen denda eta bateria eskola. Nolatan jarri zenuen martxan proiektu hori?

Musika eskoletan ari nintzen lanean, eta bitartean kontzertuetan ere banenbilen. Kontzertuak klase batekin kointziditzen zuen aldiro, baimena eskatu behar izaten nuen, ondoren zuzendaritzak onartu behar izaten zuen, eta baita udalak ere. Prozesua pisutsua egiten zitzaidan, eta estresa eragiten zidan. Buruan nuen neure kabuz eskola bat irekitzearen ideia, eta azkenerako probatzera animatu nintzen, 2017an. Ibarran dago, eta, hasieran, denda eta kabina txiki bat soilik zituen. Iaz, beste kabina bat jarri nuen, beste irakasle bat ere badaukagulako bateriako klaseetan, eta gitarrako eta baxuko klaseetan. Pixkana eboluzionatuz goaz, baina lokalak dituen metro koadroetara egokitu beharra daukagu.

Bateriak bere lekua behar du…

Batetik, lekua, eta, bestetik, intsonorizazioa. Kabinak prestatuta ditut kanpora ahalik eta zarata gutxien ateratzeko. Bizilagunak daude inguruan, eta niri ere ez litzaidake gustatuko sekulako zarata izatea etxe azpian.

Eskola eta denda, biak elkarrekin daude.

Denda oso txikia da, baina denetik saltzen dut. Dituen metro koadroengatik, ez da asko sartzen, baina bezeroek eskatzen didaten ia material guztia ekartzen dut. Aholkatu ere egiten ditut, instrumentua zertarako nahi duten kontuan izanda.

Eskolari dagokionez, zenbat ikasle dituzu gaur egun?

Ikasturte honetan 44 ikasle izan ditut bateriarekin, eta beste irakasleak hemezortzi ikasle inguru izan ditu. Haurrentzat tailerrak ere ematen ditugu, 5-8 urte bitartekoentzat. Horiek hirunaka joaten dira klasera, eta tresna ezberdinekin egiten dituzte saioak. Gitarra eta baxuko irakasleak hamar ikasle inguru izan ditu aurten.

Ibarraren gisako herri baterako ez da kopuru makala…

Ezin gara kexatu, ez. Kanpotik ere etortzen da jendea, ez dira guztiak ibartarrak. Baina ditugun ikasleekin etorkizuna badagoela ikusten dugu, behintzat.

Ikasturte amaiera duzue orain.

Aurreko astean egin genituen entzunaldiak kultur etxean. Pozik geratu ziren ikasleak, baita gurasoak ere, eta zer esanik ez gu.

Joan den asteburuan aurkeztu zuten Kilometroetako bideoklipa, eta zuk sortua da abestia.

Oso esperientzia polita izan da. Lehen aldia izan da abesti bat hasieratik bukaeraraino neronek egin dudana. Vendettan eta La Topadoran, esaterako, konposizioak eginda etortzen ziren, eta okurritzen zitzaidan detaileren bat eransten nion, baina pisu guztia neure gain hartu dudan lehen aldia izan da. Hasieran kezkaz begiratu nion proposamenari, baina gustura geratu naiz erantzunarekin. Hori bai, sekulako taldea izan dut aldamenean; musikari onak izan ditut ondoan: Jon Garmendia, Ander Zubillaga, Loatzo musika eskolako ikasleak… Gainera, hitzekin ez naiz oso trebea, eta, esan zidatenean hitzak Ane Zubiak eta Maider Eraunzetamurgilek idatziko zituztela eta ez nuela zertan kezkatu, sekulako lasaitua hartu nuen; animatu egin nintzen.

Erronka ederra izango zen zuretzat, ezta?

Bai. Lan asko egin dugu, eta atera denarekin oso pozik geratu gara. Azken batean, sorkuntzak denbora eskatzen du, eta hainbeste gauza egiten ditut egunerokoan, ez baitiot denbora nahikorik eskaintzen sorkuntzari. Proposamena jaso nuenean, ordea, beharrezko denbora eskaini behar niola ikusi nuen. Dendako eta kabinako ateak itxi, gitarra hartu, eta proban aritu naiz, Kilometroetako aurtengo abestia sortu arte.

Egun batzuk pasatu dira abestia kalean denetik. Zer harrera izan du?

Inork ez dit esan kakaren hurrena denik, eta tira… Iritzi onak jaso ditut oraingoz.

Oraindik denbora pixka bat falta da urriaren 2rako, Kilometroetako azken festarako, eta udan leku batean baino gehiagotan izango da entzungai abestia.

Baietz pentsatzen dut. Pozgarria izango da hori, seguru. Norberak sortutako zerbait hor zehar entzuteak beti sortzen du halako poztasun bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.