“Etxean asko hitz egiten zen politikaz; natural egin zait txikitatik”

Eusko Legebiltzarrean hasi, Gipuzkoako Batzar Nagusietatik igaro, eta Gipuzkoako Aldundiko diputatu eta bozeramailea da egun Mendoza. Lanean "saiatua eta langilea" dela aitortu du.

Erik Salazar

Azpeitian jaioa da Eider Mendoza LarraƱaga (1974), baina Hondarribian egiten du bizitzaren zatirik handiena. Ezkonduta dago, eta lau seme-alaba ditu. EAJko kidea da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua eta bozeramailea da egun. Zerbitzu publikoetan sinisten duela aitortu du, eta uste du oraindik ere aurrerapauso gehiago eman behar direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean. Ez du argitu hurrengo urteko foru hauteskundeetan ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaia izango den edo ez.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen politikan hastea?

16 urte nituela afiliatu nintzen EGIn. Familian asko jarraitzen zen politika. Gure etxean asko hitz egiten zen politikaz; aititek, amamak eta amak hitz egiten zuten politikari buruz batez ere. Esan daiteke politika beti zegoela mahai gainean familiako bazkarietan eta afarietan. Nire ingurua ere oso politikoa zen: kuadrilla, auzoko lagunak… Eskolan ere asko hitz egiten zen politikaz. Horregatik, oso natural egin zait txiki-txikitatik. Eta zergatik EAJn? Bi arrazoi nagusirengatik: batetik, abertzalea naizelako, eta, bestetik, bakezalea naizelako. Aitortu behar dut neure burua inoiz ez nuela irudikatu erakunde publikoetan.

2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortu zenuen legebiltzarkide postua. Dena aldatu al zen egun horretatik aurrera?

Aukeratua izateko inolako asmorik gabe eman nuen izena zerrendetan. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria buru zela, oso emaitza onak lortu genituen hauteskunde haietan, eta eserlekua eskuratu nuen. Beraz, Eusko Legebiltzarrean izan zen nire lehenengo esperientzia erakunde batean; sekulako bertigoa sentitu nuen orduan. Pentsa, 26 urte besterik ez nituen, eta ama izan berria nintzen, hilabete gutxiko ume bat nuen etxean… Baina aitortu behar dut izugarrizko oparia izan zela. Oso momentu gogorrak bizi behar izan genituen, baina ederra izan zen. Gauza guztiekin ikas daiteke, eta beste leku batetik gure herriari ekarpena egiteko aukera ona izan zen ordukoa.

EIDER MENDOZA

Eusko Legebiltzarrean. 2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortu zuen Eider Mendozak bere lehenengo kargu politikoa. Lehenengo lerroan, erdian dagoena da Mendoza.

11 urtez egon zinen Eusko Legebiltzarrean.

Hasieran, EAJ gobernuan zegoela, eta, azken urteetan, oposizioan, Patxi Lopez PSE-EEko ordezkaria lehendakari zela. Horren ostean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aritu nintzen lanean, kasu horretan ere oposiziotik; Markel Olano zen oposizioko burua. 2015eko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, EAJk Gipuzkoako Foru Aldundia berreskuratu zuen, eta Batzar Nagusietarako presidente izendatu ninduten. Egun, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea naiz. Lehendabizikoz, kudeaketa lanetan ari naiz bete-betean; aurretik, arlo araugilean aritu izan naiz gehiago. Sekulako esperientzia izaten ari da dena. Oso pozik nago, ikusten dudalako lantaldearen ahaleginarekin ekarpena egiten diogula herri honi.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Oso saiatua naiz; ez dut amore ematen. Langilea naizela uste dut, eta zerbait lortu behar denean, beti saiatzen naiz bete-betean aritzen, ezarritako helburuak lortzeko. Zerbitzu publikorako bokazioa daukat, zerbitzu publiko hori edozein dela ere. Argi daukat hona ez garela etorri geure buruari begiratzera soilik, baizik eta zerbait ematera. Horrez gain, jardunean zintzoa eta zuzena naiz. Ez naiz atzetik ibiltzen diren horietakoa. Konfiantza lortzeko modurik egokiena horixe dela esango nuke, eta seguru nago lantalde bat behar dela gauzak aurrera eramateko. Taldearen konfiantza lortzeko ezinbestekoa da naturala izatea eta hasiera-hasieratik gauzak argi esatea.

Lau seme-alaba dituzu. Nola kontziliatzen duzu?

Ez dago kontziliaziorik. Ezin duzu egon bi lekutan aldi berean. Nire lana bizi-bizia da politikari gisa; ez dago ordutegirik. Beti egoten da behar edo kezkaren bat. Oso zaila da familiarekin edo norberaren espazioarekin kontziliazioa lortzea. Erabaki nuen ezinbestekoa zela neure burua zaintzea, modu horretan hobeto lan egin ahal izateko. Hainbesteko intentsitateak itolarrira eraman gaitzake. Aitortu behar dut urte asko pasatu eta gero ikasi dudala tarte bat izaten etxekoekin egoteko.

Zure ustez, berdintasunaren ikuspegitik, zer egoeratan daude gaur egun emakumeak?

Oraindik ere ezberdintasun handiak daude emakumeen eta gizonen artean. Nahiz eta azken urteotan aurrerapauso nabarmenak eman ditugun alor horretan, oraindik ere nabariak dira ezberdintasunak. Indarkeria matxista da horren adierazlerik esanguratsuena; horrekin argi ikusten da gizon askok oraindik uste dutela nahi dutena egin dezaketela emakume batekin. Lan handia dago egiteko.

Gainera, okerrena da gaur egun oraindik gazte askok natural ikusten dutela bortizkeria matxista, etxean ikusten dutelako errealitate hori. Egun, beste modu batera erabiltzen dute indarkeria hori, eta askok naturaltzat daukate kontrol hori. Horren kontra egin behar dugu etxean eta eskolan. Eremu guztietan borrokatu behar gara gaitz horren aurka, eta, horretarako, oso garrantzitsua da emakume erreferenteak topatzea eta bizitzako eremu guztietan indartzea.

Politikan, gero eta emakume gehiagok hartzen dituzte erakundeetako aginte karguak.

Sekulako pausoa eman zuten zerrenda parekideak egiten hasi zirenean, legeak hala eskatzen baitzuen. Izan ere, natural egiten zutenean, ez ziren iristen berdintasun egoera batera. Alde horretatik, emakumeok ikusgarri egiten hasi ginen, eta erreferenteak sortzen. Horien artean, Idoia Zenarruzabeitia [Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izandakoa], Miren Azkarate [Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia] eta Emakume Abertzale Batzaren emakumeak aipatuko nituzke, adibidez. Alderdi politiko guztietan ari dira erreferenteak sortzen.

Berdintasunari buruz hitz eginda, ate joka dago Hondarribiko alardea. Zure seme-alabetako batek alarde parekidean parte hartu izan du beste urteetan. Nola ikusten duzu egoera?

Nire seme-alaben bizitza pribatuak ez dauka zerikusirik nire jarduera politikoarekin.

Erreferenteak aipatuta, hurrengo urtean izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta zure izena bolo-bolo dabil, esaten baita ahaldun nagusi kargurako EAJren hautagaia izango zarela. Hala al da?

Nire alderdian, zorionez, emakume asko dago trebatuta eta prestatuta hiriburu bateko alkategai edo ahaldungai nagusi izateko, baina alderdiak eta alderdikideek hartuko dute erabaki hori. EAJk beti hartzen du kontuan berdintasuna, beste elementu batzuekin batera, baina berriro diot: gure alderdian emakume asko dago horretarako prestatuta.

Inkesta guztien arabera, hurrengo foru hauteskundeetan Gipuzkoan lehia estua izango da EAJren eta EH Bilduren artean. Nola ikusten duzu lehia hori?

Lehenik eta behin, azpimarratu beharko genuke aipatutako lehia hori ez dela berria. Gogoratu behar dugu 2011n EH Bildu lehen indarra izan zela Gipuzkoan, eta aldundia eta udal gobernu dezente lortu zituela. Hauteskundeak irabazi, eta agintera heldu zen EH Bildu. Hala ere, azken urteotan, Gipuzkoan EH Bilduren aurretik ibili izan gara beti. Baina oraindik pixka bat falta da hauteskundeetarako, eta, eguna heltzen denean, jendeak erabakiko du zeinen alde bozkatu.

Inguruko lurraldeetan, lehia hori ez da hain estua. Gipuzkoan gauzak hain estu egoteak baldintzatu egiten al du EH Bilduren jarduna edo jarrera?

Ezin dugu ahaztu orain ezohiko egoera bat dugula Gipuzkoan ere. Pandemiak guztiz aldatu du orain arte geneukan egoera. Oso krisi larri batean gaude une honetan, eta horrek ezegonkor bihurtzen du egungo egoera. Nire ustez, orain denok elkarrekin arraun egin beharko genuke. Hauteskundeak heltzen direnean, lehiatuko gara beharrezkoa bada, baina orain guztion artean egin behar dugu aurrera. Egoera zail honetan, gauza bakoitzari bere alde ona bilatzen saiatu behar dugu. Guk, oraingoz, ez dauzkagu buruan hauteskundeak. Heltzen direnean, herritarrek erabakiko dute zer egin, eta ikusiko dugu nork irabazten duen. Baina, geure aldetik, kudeaketa lanetan gabiltza oraindik ere. Erronka handiak ditugu aurrez aurre, eta gobernantza eredu berria bultzatu nahi badugu, ezinbestekoa da beste alderdiekin akordioak lortzea, baita EH Bildurekin ere. Egun, alderdi politiko guztiekin ari gara lantzen proiektuak elkarlanean.

Azken bi legealdietan, PSE-EErekin lortu duzue gobernatzeko akordioa; koalizio gobernuak osatu dituzue aldundian eta herrialdeko udal askotan. Zer harreman dute bi alderdiek? Aurrera begira ere koalizio hori izango da lehentasuna?

Bi alderdion arteko harremana oso ona da. Oso irakurketa positiboa egiten dugu orain arteko lankidetzaren inguruan. Batetik, garai zail hauetan, egonkortasuna lortu dugu instituzioetan. Bestetik, uste dut lurraldeko erronkak ondo identifikatu ditugula bi alderdion artean. Erronkak identifikatzeaz gain, erronka horiei erantzun diegu, modu batean edo bestean.

Pandemiak, bizimodua aldatzeaz gain, eragin handia izan du erakundeetako eguneroko jardunean ere. Zahar etxeetakoa izan zen egoerarik larriena?

Azken bizpahiru urteotan, oso-oso gogorra izan da adineko pertsonentzako zahar etxeetan izan dugun egoera. Kontuan hartu behar dugu COVID-19ak oso zaurgarriak diren pertsonei eragin diela. Gainera, kontuan hartu behar da denak elkarrekin bizi direla egoitza horietan, eta horrek zailtasunak sortu zituela pandemiari aurre egiteko garaian. Legealdi honetako gairik garrantzitsuena hori izan da, zalantzarik gabe: pandemia eta zahar etxeen kudeaketa. Hala ere, azpimarratu nahiko nuke garairik zailenean buru-belarri ibili ginela lanean. Alde horretatik, zahar etxeetako langile guztiak zoriondu beharrean nago, ahalegin handia egin baitzuten zahar etxeetako egoiliarren, senideen eta horien inguruko guztien osasuna zaintzeko.