“Igurtzi” feministen fruituak

“Igurtzi” feministen fruituak

Unai Zubeldia

2009an dauka oinarria Ez da kasualitatea bertso saio musikatuak. Mutrikun egin zuten lehen saio hura, ekainaren 19an. “Udalean Berdintasun teknikari lanetan ari zen Ainhoa Agirreazaldegiren eta bion lagun bat, eta hark galdetu zigun ea bertso saio feminista bat sortuko ote genuen”. Uxue Alberdik gogoan dauka lehen pausoa besterik ez zela izan Mutrikukoa. “Pixkanaka, toki gehiagotatik deitzen hasi zitzaizkigulako; udaletako Berdintasun Sailetatik, batez ere”.

Mutrikun lehen saioa egin zutenetik hamahiru urte geroago, bihar Hondarribian izango dute Ez da kasualitatea bertso saio musikatua, Blagan euskara elkarteak antolatuta, 20:00etan, Kasino parkean. Amaia Agirre, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Maider Arregi ariko dira bertsotan, Araitz Bizkai eta Gari Otamendi musikarien laguntzarekin. Gaiak, berriz, Ainhoa Aranburuk jarriko dizkie.

Alberdik zehaztu du hasieratik argi eduki zutela “intentzio feministako bertso saioak” izango zirela proiektu horretakoak. “Geure artean kantatzeko aukera gehiago nahi genituen emakumeok. Ordura arte, emakume bakarra edo asko jota bi izaten ziren bertso saio gehienetan, eta Martxoaren 8tik kanpo oso gutxitan izaten zen saioetan gizon baino emakume gehiago, oso-oso gutxitan”. Bertsolariak gaineratu du horren eraginez Ez da kasualitatea egitura berrian elkarrengana hurbilduz joan behar izan zutela bertsolariek, pixkanaka-pixkanaka. “Ez genekien zeintzuk ziren geure arteko bertsotarako elkarrizketak, igurtzi horrek eman zitzakeen fruituak, geure artean zein umore klase sor zitezkeen, zein kode konpartituko genituen, nola sentituko ginen, saiakera horrek desberdina zen zer ekarriko zuen…”.

“Desberdintasun” horretan, musikariena da beste bereizgarrietako bat. Otamendi ez zen aritu lehen urte haietan. “Ixak Arrutik eta Eneko Sierrak ekin zioten bideari. Enekok ezin zuen egun batean, ni neu joan nintzen Zaldibiara. Erromeria giroan ibiltzen nintzen aurretik, eta han ezagutu nuen Ixak. 2014a izango zen. Beraz, erdi kasualitatez hasi nintzen saioak egiten”.

Inperfekzioa, freskagarri

Otamendik aitortu du berezitik dezente daukala Ez da kasualitatea saioak. “Bertsoa zurruna dela esaten da askotan, baina ez dut uste hala denik: bertsolari bakoitzak bere tempoan kantatzen du, musikariek tonua hartzen diogu…”. Musikariaren ustez, sormenaren ikuspegitik “malgutasuna” eskatzen du bertsoak. “Eta ikuspegi zurruna musikariok eman izan dugu askotan: tempoa, intonazioa… Guretzat ia naturala izaten da bertsolarien erritmoari jarraitzea. Herri musikariak gara gu, eta oso ondo elkar hartu dugu bertsolariek eta guk. Oso taldekoak sentitzen ditugu saioak; koralak dira, nire ustez”.

Biek aitortu dute “inperfekzioak” izaten direla Ez da kasualitatea saioan. “Baina, hain zuzen ere, horrek bihurtzen du polit eta fresko saio hau”, esan du Otamendik. “Adibide gisa, partitura eskatu zidaten behin, baina nik ez daukat halakorik. Bertsolariek inprobisatzen duten neurrian, euren tonuan aritzen gara gu ere, eta nota askok ihes egiten dute bide horretan”.

Alberdik kontatu du konturatu direla Ez da kasualitatea bertso saio musikatuetan emakume bertsolari asko ohiko saioetan baino “lasaiago” egoten direla. “Pozago. Eta horrek bestelako ausardia bat ematen die bertsolariei, bestelako askatasun bat ohiko saioetan aterako ez lituzketen erregistroak, moduak, gaiak, umore motak… azaleratzeko”.

Bertsolariaren hitzetan, “normalean baino inspiratuago” sentitzen dira emakume bertsolari asko. “Dibertitu egiten direla aitortu izan dute zenbaitek, beldurrik gabe joaten direla saio horietara, eta sormena zabaltzen eta zorrozten laguntzen du horrek”. Alberdik gaineratu du “beldurrik gabeko saio horiek” erakutsi dutela bestelako saio batzuetan, “agian”, beldurtuta egoten direla emakume bertsolari batzuk, “nahi baino lotuago”.

Otamendik Ez da kasualitatea bertso saio musikatuak bermatzen duen talde izaera horren barruan sartu du publikoa ere. “Denok erlaxatu egiten gara horrelako saioetan, eta ariketa horretan musika lagungarria dela uste dut. Bestelako aldarte batekin joaten da ikuslea: lasaiago”. Eta bertsolariak ere helduleku dezente izaten dituela azaldu du. “Aurretik lanketa berezi bat egiten dugulako. Gai jartzaileak bost egun lehenago bidaltzen digu melodien zerrenda, saioaren egunean ere ordu eta erdi lehenago elkartzen gara ofizioz ofizio tonuak-eta zehazteko…”.

Zaleak erakartzeko aukera

Alberdik argi dauka aurretik bertsotarako zaletasunik ez zeukaten zenbait herritar bertso saioetara joateko balio izan duela Ez da kasualitatea egitasmoak. “Ordezkatuta sentitu dira asko eta asko. Erakargarriago zaie horrelako saioetan sortzen den giroa. Horregatik, uste dut funtzio bat betetzen duela egitura honek, bai bertsolarien artean, bai bertsozaleen artean. Aberatsa izan da prozesu hau”. 2009tik ehunka saio egin dituzte jada, eta, adibide gisa, Alberdik jakinarazi du iaz Ez da kasualitatea-ren 121 saio egin zituztela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.