“Lehen, nik heltzen nion bilobari izotz pistan; orain, berak heltzen dit niri”

“Lehen, nik heltzen nion bilobari izotz pistan; orain, berak heltzen dit niri”

Unai Zubeldia

Bere lantoki txikia aukeratu du elkarrizketa egiteko, egunero lauzpabost ordu igarotzen dituen tailerra. “Asko entretenitzen naiz hemen”, aitortu du. Begiratu batera nabari ez bazaio ere, urrian 98 urte beteko ditu Jose Luis Gurrutxagak (Donostia, 1924). Pasio bat dauka: igandero, 13:00etan, Donostiako Txuri-Urdin izotz jauregian patinatzea —itxita egongo da irailera arte—. 1972tik hutsik egin gabe, omenaldia egin zioten joan den ekainaren 4an, Txuri-Urdinen 50. urteurreneko ekitaldian.

98 urte betetzear zaudela diote denek, baina ba al dago hori baiezta dezakeen agiririk?

98tik gertuago nago 97tik baino, bai. Urrian beteko ditut 98 urte.

Patinatzeko adin ona al da 97 urte?

Hiltzeko da adin ona. Oraingoz, ez daukat hiltzeko asmorik, baina 97 urte adin polita da horretarako, eta ez nintzateke harrituko.

Patin berriak eskatzeko aukera ona daukazu urrian.

Patin berriak? Ez, ez. Patin hauek ezagutzen naute jada, eta badakite nola patinatu behar dudan; eurek eramaten naute. Erosi nituen lehenengoak dira; hockeyko batzuk ere erosi nituen, baina galdu egin nituen etxe aldaketa batean. Patinaje artistikokoak, ordea, duela 50 urtekoak dira.

Donostiako Txuri-Urdin jauregiak adina urte dauzkate, beraz, zure patinek. Gogoan al daukazu nolakoa zen duela 50 urteko Txuri-Urdin izotz pista hura?

Gaur egungoa baino pixka bat handiagoa zen. Berrikuntza lan batzuetan txikitu egin zuten pista, kontsumoa ere murrizteko, diruz larri samar zebiltzalako. Lehen, jabe pribatu batena zen izotz jauregia, eta zoragarri funtzionatu zuen hasieran; beteta egoten zen beti, bazkariak eta afariak ere izaten ziren… Baina behera egin zuen pixkanaka, itxi egin zuten, eta orduan sartu zen aldundia.

50 urteko ibilbide horretan, omenaldiren bat edo beste egin dizute jada, ezta?

Bai. 90 urte bete nituenean egin zidaten lehenengoa, eta duela bi aste bigarrena, Txuri-Urdinek 50 urte bete zituela ospatzeko ekitaldian. Niri asko gustatzen zait izotz gainean patinatzea, gozatu egiten dut, eta hankek eta buruak laguntzen didaten bitartean jarraituko dut.

30 urterekin batzuek esaten dute ezin dutela gehiago…

Ez, ez. 30 eta 60 urte adin ederrak dira; nik denetik egiten nuen 60 urterekin, eta gaur egungo 60 urteak ez dira urte asko. Pentsa, ni 40 urte baino gehiagorekin hasi nintzen izotz gainean patinatzen.

Hasierako Txuri-Urdin jauregiaz gogoratzen zara, baina gogoan al dauzkazu erratzekin-eta jokatzen zenituzten hockey partida haiek?

Inoiz ez dut pasatu orduan bezain ondo. Baloi txiki bat eta erratzak, besterik ez geneukan, baina zoragarria izaten zen. 21:00etan, izotz pista ixten zutenean, han gelditzen ginen hainbat lagun, eta oso partida politak jokatzen genituen; duela 47-48 urteko kontuez ari naiz hizketan. Mutil gehiago ez zeudenean, neskekin jokatzen nuen, baina stickekin. Etxean gordeta daukat stick hori ere.

Zer egingo duzu igandean, 13:00etan? Irailera arte itxi egin dizute Txuri-Urdin jauregia…

13:00 aldera tailerrera etorriko naizela pentsatzen dut. Niretzat, azkenean, ez dago astebururik; larunbatean eta igandean ere lan egiten dut.

Ez daukazu asmorik, beraz, erretiroa hartzeko?

Ez… Kontua da asko entretenitzen naizela tailerrean; tontakeriak egiten ditut, baina ondo pasatzen dut. Oso luzeak izaten ziren etxean ia ezer egin gabe igarotzen nituen arratsaldeak; igande iluntzean Cuarto Milenio [Espainiako Cuatro telebista kateko] programa ikusi nahi izaten dut, adibidez, 21:30ean, eta, etxean geratuz gero, amaigabea izaten da arratsaldea. Hobeto egoten naiz tailerrean.

Tailerra aipatuta, patinak egiten ere aritu zinen zu, ezta? Inoiz ez zenituen merkaturatu, ordea…

Patin gurpildunak egin nituen, bai. Nire ustez, ahalik eta baxuenak izan beharra daukate gurpilek, baina gaur egun altuagoak egiten dituzte normalean. Baxuagoak egin nituen nik, errazago irristatzeko, eta galga egiteko takoa ere lurretik gertuago egoteko.

97 urterekin izotz pistan sartuta, ez al dizu beldurrik ematen erori eta hezurren bat apurtzeak?

Beso bat apurtu nuen behin, modurik inozoenean, gainera, ez bainindoan oso azkar; bilobarekin hizketan nindoan. Ez dakit zer gertatu zitzaidan, baina ia ez nintzen konturatu ere egin lurrera erori nintzen arte. Besoa apurtuta ere, hiru hilabete geroago patinatzen ari nintzen berriz ere. Iaz arte neure kasa patinatzen nuen, baina aurten bilobak helduta ibiltzen naiz; lehen, nik heltzen nion bilobari izotz pistan, patinatzean; orain, berak heltzen dit niri. Ondo babestuta joaten naiz beti, kasko eta guzti.

JOSE LUIS GURRUTXAGA

Emaztearekin, eskiatzen. Jose Luis Gurrutxaga patinajeak adina erakarri izan du eskiak. Irudian, 1953 inguruan, Candanchuko eski estazioan, Espainian, Feli emaztearekin, eskiatzen.

Gurpil gaineko hockeya, izotz gainekoa… eta eskia. Eskirako ere zaletasun handia izan duzu beti, ezta?

Bai. 18 urterekin hasi nintzen eskiatzen eta 80 urterekin utzi nuen. Bihotza ukitu samar daukat, eta beldurra ematen zidan mendian, goialdean, bihotzeko arazoren bat izateak. Aralarrera joaten hasi ginen gaztetan, baina eskiekin hogei metro jaitsi eta aldapa ikaragarria igo behar izaten genuen berriz ere. Candanchura [Espainia] joan ginen behin, eta zoragarria iruditu zitzaigun aulki batean eserita mendian gora igotzea eta eskiatzen jaistea. Egun hartan amaitu ziren Aralarko kontuak. Candanchu, Formigal [Espainia], Bareges, Cauterets [Frantzia]… eski estazio horietara joaten ginen normalean.

14 urte betetzerako patinetan zenbiltzan zu. Nolatan?

Patin gurpildunekin hasi nintzen, eta 18 urte betetzerako txapelketa bat ere antolatu genuen. 28 urtera arte jokatu nuen patin gurpildunekin hockeyan. Patinatzeari utzi nion gero, Donostiako Txuri-Urdin izotz pista ireki zuten arte [1972an]. Hantxe egon ginen lehen egunean, ilaran. Ez dakit zergatik hasi ginen patinekin, baina gogoan daukat Donostiako Paseo Berrian eta Amaran ibiltzen ginela; han ezagutu nuen nire emaztea, patinekin ibiltzen zelako hura ere.

Emaztearen zer oroitzapen dauzkazu?

66 urte egin genituen ezkonduta; nahikoa da, ezta? Gaztetan, ikasten ari nintzenez, Donostian gelditu nintzen soldaduska egiten; Afrikara joatea izaten zen beste aukera bakarra. Janariarekin neuzkan arazoak tarteko hasi nintzen ikasten, Donostian gelditzeko, eta emazteak ekartzen zidan ogitartekoa kuartelera; harrituta gelditzen ziren denak. Nik inoiz ez nuen jan kuarteleko janaririk. Astean behin-edo ematen ziguten baimena arratsaldean kuarteletik irteteko, eta orduan aprobetxatzen nuen etxera joateko eta janaria hartzeko.

Beti izan zara berezi samarra janariarekin?

Bai… Orain dilistak jaten ditut egunero, igandean izan ezik. Biloben etxera joaten naiz igandean, eta ematen didatena jaten dut han; sei biloba eta bost birbiloba dauzkat. 14-15 urte nituenetik ez dut jaten haragirik, arrainik, barazkirik eta frutarik. Umetan, etxean, behartuta jan behar izaten nuen dena, eta jaki horiek baztertzea erabaki nuen egun batean. Egunero babarrun gorriak janez igaro nituen berrogei urte, eta dilistak janez daramatzat azken berrogei urteak.

Zer esaten dizute medikuek?

Aparteko ezer ez. Tarteka aipatzen ditugu horrelako kontuak, eta aitortzen dut askoz osasungarriagoa dela denetik pixka bat jatea. Baina nik sufritu egiten nuen haragia eta arraina jaten.

11 urte zeneuzkala iritsi zen 36ko gerra. Nola bizi izan zenuten?

Frankistak iritsi zirenean, Debara ihes egin genuen hasieran, Azpeitira gero, hangoa zelako nire aita, eta Donostiara itzuli ginen gero. Donostian igaro genuen gerra; ez ginen denbora askoan egon kanpoan. Parte Zaharrean bizi ginen orduan, eta Urdaneta kaleko eskolara joaten ginen. Bulebarretik pasatu behar izaten genuen egunero, bi aldiz, eta bulego bat zegoen han; berriak ematen zituztenean, Espainiako ereserkia jotzen zuten, armadarena, erreketeena eta falangistena, eta, ereserki horiek han harrapatuz gero, gelditu, besoa altxatu eta dena amaitu arte itxoin behar izaten genuen.

Asko sufritu zenuten familian?

Kartzelan egon zen aita, baina hildakorik ez genuen izan inguruan. Lehengusuren bat zauritu zuten, baina besterik ez. 36ko gerra amaitu eta II. Mundu Gerra hasi zen, ordea, eta berrogei urteko frankismo garaia iritsi zen atzetik.

Diru arazorik izan al zenuten etxean? Oso gazterik hasi zinen erlojuak konpontzen-eta, ezta?

Ingeniari tekniko ikasketak egin nahi nituen nik, baina Bilbora joan beharra zegoen, eta, janariarekin neukan arazoa tarteko, ez nintzen joan. Soldaduskarako, berriz, merkataritza-peritu ikasketak egin nituen. Ikasgairik zailenak gainditu nituen, baina beste batzuk ez, ezinezkoa zen, takigrafia esaterako, eta utzi egin nuen. Horregatik, erlojuak konpontzen hasi nintzen 14 urterekin, eta neure kasa hasi nintzen lanean, 18 urterekin. Erlojuak konpontzeari utzi eta mekanika eta elektronika kontuetara igaro nintzen gero.

Nolakoa zen gerra garaiko Donostia hura?

Lehenik eta behin, ezin zen euskaraz hitz egin. Gizarte laguntzarako egoitza bat zegoen Bulebarrean, eta, euskaraz hitz egiten harrapatuz gero, hara eraman eta rizino olioz betetako baso bat ematen zizuten edateko; oso txarra zen. Garai gogorrak izan ziren.

Etxean euskaraz hitz egiten zenuten zuek?

Nire aita espetxean zegoenez, apopilo batzuk hartu zituen amak etxean. Ez dakit nondik ekarri zituen, baina sindikatuan lan egiten zuen horietako bat mugimendukoa zen, nolabait esatearren. Baserrian jaiotakoak ziren nire gurasoak; euskaraz egiten zuten euren artean, eta hala egiten ziguten guri ere umetan. Baina apopilo horiekin ezinezkoa zen etxean euskaraz hitz egitea, eta hor galdu nuen asko. Euskara batuarekin ere nahiko lan izaten dugu adinekook, ez baititugu ezagutzen hitz asko. Niri lotsa ematen dit euskaraz hobeto ez hitz egiteak; ez zait gustatzen euskaraz ari naizenean gaztelaniazko hitzak sartzea.

Gauza bat omen daukazu oso argi: zu, EAJkoa!

Bai. Nire aita ere EAJkoa zen, eta misio bat izan zuen 36ko gerran: gauean apaizak hartu eta toki segurura eramatea. Beldur handia zieten CNTri eta komunistei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.