Segak badu bere harrobia

Segak badu bere harrobia

Imanol Garcia Landa

Gaztelun bada lur eremu bat, frontoiaren atzealdean, izen jakinik ez zuena, eta egun herrian “sega belardia” deitzen diotena. Udalarena da, eta, belardia izan aurretik, soroa izan zen. “Belardian futboleko ateak jarri genituen, baina berehala konturatu ginen futbola eta ganadutarako belarra aprobetxatzea ez zirela bateragarriak”, hasi du azalpena Joxe Gabirondo gazteluarrak. “Beste erabilpen bat ematea pentsatzen hasi ginen, eta, ia konturatu gabe, eskualdetik gazte batzuk etortzen hasi ziren segan aritzera”. Gabirondok zehaztu du “hamabost bat urte” pasatu direla ordutik. “Eta gaur egun segalari petoak dira, txapelketetan-eta dabiltzanak”.

Gazteluarrak badu eskarmentua eta ezagutza herri kiroletan: 30 txapel inguru lortuak ditu segan eta trontzan, Gipuzkoakoak zein Euskal Herrikoak. Baina, hitz egiten duen moduari erreparatuta, ziur aski sari horiek guztiek baino ilusio handiagoa egiten dio herriko egitasmo horrek; sega eskola izenik jarri ez badiote ere, izaera hori du: “Orain dela hiru urte, herriko festetarako zerbait ezberdina egiteko asmotan, batzuk hasi ziren esaten segan egin behar zutela eta ikasi egin nahi zutela. Aleka-aleka, batere konbentzitzen aritu gabe, hainbat haur etorri ziren ikasi egin nahi zutela esanez”.

Astean behin edo bitan

Guztira, hamazazpi segalari daude taldean, 6-7 urteko haurretatik hasi eta 15 urteko gazteetara bitartekoak. Horietatik hamalau dira gazteluarrak, bi Leaburukoak, eta bestea Adunakoa. “Astean behin edo bitan” elkartzen dira, eta Gabirondok dagoeneko kutsatu die segarekiko duen pasioa: “Beti prest egoten dira, beti gustura. Gurasoek esaten dute beste gauza batzuk egiteko aitzakiak jartzen dituztela, baina segan aritzeko beti prest egoten direla”.

Hasieran jolas moduan hasitako egitasmoak “izaera sozial bat” hartu duela dio irakasleak: “Elkarlanerako balioak lantzen ditugu, auzolanekoak. Elkarri laguntzen diote; batzuek segarekin mozten dute, eta besteak eskuarearekin jasotzeko prest egoten dira. Errespetuz jokatzen dute, eta talentua dute”. Guztiak “arduratsuak” direla gaineratu du Gabirondok, “txandak-eta helduen pare zainduz. Ilusioa dute, eta modu horretan askoz errazagoa da dena”. Gurasoen zein udalaren inplikazioa ere nabarmendu du.

GAZTELU, SEGA

Segan aritzen diren gaztetxoetako bat da Inge Goikoetxea gazteluarra. 13 urte ditu, eta hiru urte daramatza segan. “Lagun batzuk hasi ziren, eta, kirol ezberdin bat denez, probatzeko interesa neukan”, esan du. “Jende guztiak egiten ditu futbola, saskibaloia eta horrelako kirolak, eta segan oso gutxi aritzen dira”. Gaztelun lotura berezia dute sega belardiarekin: “Lehen, futbol zelaia zen, baina orain segarako erabiltzen dugu. Herri honetan, segak futbolari irabazi dio”.

Sega belardia kirola egin eta ikasteko erabiltzeaz gain, mantendu egiten dute. Frontoiaren ondoan dagoen jolas parkeko belarra ere tarteka beraiek ebaki eta txukuntzen dute. “Kirola egiteaz gain, lurrarekin eta belarrarekin kontaktu zuzena dute. Naturaren grazia bizitzen ari dira”, dio Gabirondok.

Almitza elkartea ari da egun sega sustatzen Euskal Herrian. “Harreman zuzena du Europako beste elkarteekin, eta kirol eta kultur ekitaldi guztietan Euskal Herria ordezkatuz aritzen da beti. Euskal Herriko segaren bizkarrezurra da”, esan du Gabirondok. Bide batez, elkarteak jasotzen duen babes eskasia kritikatu du: “Udal gutxi batzuk kenduta, beste erakunde guztiek bizkarra ematen diote. Erakundeek protokolo ekitaldietan gastatzen duten dirutik zati txiki bat gure kirol hau sustatzeko erabiliko balitz, beste modu batean hitz egiten ariko ginateke gaur egun”.

Almitzaren sega ligan

Almitzak sega liga bat antolatzen du, eta asteburuan bukatu berri da liga hori. Gaztetxoen mailetan parte hartu dute Gazteluko eskolako zenbait segalarik, 10 eta 15 urte artekoek. “Gaztelun egiten duguna ez dago gero bideratuta lehian aritzeko, baina eurak motibatu egiten ditu ligak, eta eskola kirol moduan hartzen dugu”, zehaztu du Gabirondok.

Segalariak badaki segak etorkizun zaila duela. “Azken 30 urteotan kontu berarekin gabiltza”. Sega ia ez da erabiltzen baserri lanetan, eta kontra du eskatzen duen lanketa handia: “Sega zaila da. Belardiak behar dira, belarraren egoera eta eguraldia kontuan hartzea… Naturari oso lotuta dago. Ez dago beste kirolik non ez duzun une oro leku berean entrenatzeko aukera. Eta erreminta egoki jartzea, sega pikatzea, sekulako lana da”.

Harri handiz beteta dagoen belardi baten itxura du segaren etorkizunak, baina Gaztelutik ari dira aletxoa jartzen. Segaren harrobi moduko bat ari dira eraikitzen, eta Gabirondok beste herriei ere dei egin die horrelako egitasmoak martxan jartzeko, “baita handiak direnei ere”. Gaztelun, segarekiko duten pasioaren tanta batzuk besterik ez da behar.

Leave a Reply

Your email address will not be published.