Naturaren liburua irekita

Naturaren liburua irekita

Unai Zubeldia

Irrika loratu da aurtengo udazkenean. Natura ezagutzeko irrika; landareen etengabeko prozesua bertatik bertara ulertzekoa; landareen koloreak, usainak eta tamainak alderatzekoa; polinizazioa gertutik ikustekoa eta ikastekoa… Ingurugela sareak kudeatzen du Eskola Agenda 2030 programa, eta, garapen jasangarria lantzea oinarri duen egitasmo horretan, duela bi urte basoei buruzko gaia aukeratu zuten eskolek. “Gai interesgarria denez, iruditu zitzaigun polita izan zitekeela urtebetez luzatu eta zelaiak, belazeak, larreak eta abar ere aztertzea”, adierazi du Iñaki Sanz-Azkue Ingurugela proiektuaren Ingurumen aholkulariak. Irakasleen eta ikastetxeen artean proiektuak sustatzeko ekipamendu publikoen sarea da Ingurugela, unibertsitatez kanpoko hezkuntza sisteman ingurumen hezkuntzako planak eta programak koordinatzen dituena. Gaur-gaurkoz, bost aholkulari ari dira lanean Gipuzkoan.

Landareei buruzko proiektua Eskola Agendaren barruan dauden eskolei aurkeztu eta “oso erantzun ona” jaso zutela aitortu du Sanz-Azkuek. “50-60 eskolak bat egin dute proposamenarekin”. Aurretik, proiektuaren inguruan hitz eginda zeuden Arantza Aldezabal EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Botanika irakaslearekin. “Eta hark, Maddi Artamendirekin batera, bi orduko formakuntza bat eman zien izena eman zuten eskoletako irakasle guztiei”.

Aldezabalek ikerketa lan bat eginda dauka eskualde atlantikoko mendiko larre eta belardiei buruz. “Gauza praktiko bat prestatzea nahiago nuela esan nion Iñakiri [Sanz-Azkue], aretoan ahalik eta denbora gutxien igarotzeko”. Aurtengo urtarrilean formakuntza prestatzen hasi, eta otsailean eskaini zuten Aldezabalek eta Artamendik. “Formakuntza prestatzen hasita jabetu ginen belardiak zein ikusezinak diren eta zein garrantzi txikia ematen diegun. Ondorioz, ikasleei ekosistema horren berri emateko momentua zela ikusi genuen”. Belardietan bertan lantzeko unitate didaktikoak edo protokoloak prestatu zituzten, “adin desberdineko umeentzat egokituta”. Orain ari dira jasotzen udaberri hasieran ereindakoaren emaitzak.

EHUko irakasleak garrantzi berezia eman dio lurzoruko faunari. “Lurzorurik gabe ez dago landarerik, eta landarerik gabe ez dago polinizaziorik. Horregatik, lurzoru osasuntsua behar da: oso garrantzitsua da”. Azterketa lan hori guztia tokian bertan egitea proposatzen du beti Aldezabalek. “Hala, belardiaren sare trofiko bat eratuko dute ikasleek; non ikusi duten zer, polinizatzaileek zein lore mota bisitatu dituzten, azpian zizarerik ba ote zegoen… Helburua da ikasleak eurak lekuan bertan ohartzea zenbat organismo bizi diren belardi ustez txatxu batean; jakin-mina sortzea da gakoa”. Eskoletarako materiala sortu dute EHUn. “Eta, beharraren arabera, harreman zuzena eskaintzen dugu foro batean edo posta elektroniko bidez”. Aldezabalek argi utzi du eurekin bat egin dezaketela interesa daukaten eskola edo norbanako guztiek.

IRUNGO TXINGUDI IKASTOLA IKASTETXEA

Txingudi Ikastola Irungo ikastetxe publikoa da Ingurugelak proposatutako proiektuarekin bat egin dutenetako bat. Elkarren ondoan dauden bi ikastetxe dira gaur egun: Haur eta Lehen Hezkuntzakoa batetik (3-12 urte), eta Bigarren Hezkuntzakoa bestetik (12-16 urte). Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroko irakaslea da Mikel Estonba, eta hark azaldu du 2004-2005eko ikasturtetik Eskola Agenda 21 programan sartuta daudela eurak. “Eskola Agenda 20-30 izena du orain, baina hasierakoaren oso antzekoa da programa”, zehaztu du.

Ikastetxean bertan belardi zati bat moztu gabe uztea izan zen lehen pausoa. “Martxotik aurrera, ikasleak, adinaren arabera, berehala hasi ziren jabetzen belarra hazten ari zela, kolore eta altuera desberdinak zeudela, intsektuak maizago inguratzen hasi zirela…”. Estonbak gaineratu du moztu gabe utzitako belar zatiaren eta inguruan moztuta zegoenaren azterketa bat egiten ere hasi zirela ikasleak. Azken batean, gelan modu teorikoan lantzen dutena praktikan jartzeko ariketa bat da Ingurugelak proposatutakoa. “Baina ezinbestekoa da ikastetxearentzat zama gehigarri bat ez izatea eta praktika horiek betirako programazioan txertatuz joatea”.

Landareak identifikatzen

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara arteko ikasleekin informatikako aplikazio bat ere erabili dute: Plantnet. “Horri esker, bertan agertzen diren landareak identifikatzera ere iritsi dira ikasleak. Eta ez eremu honetakoak bakarrik, baita ingurukoak ere”. Oinarri-oinarrian, denak “landare” eta “belar” izateari uztea da programaren helburuetako bat, landare eta belar bakoitzari bere izena ematea. “Arreta pixka bat jarrita, berehala ohartuko gara belardi batean sekulako aniztasuna topa dezakegula. Hori ikusten lagundu digu horrelako belar eremu bat uzteak”.

Ikertutakoari jarraipena emanda, Estonbak jakinarazi du ikasle batzuek horma irudiak egin dituztela gero, beste batzuek argazkiak atera dituztela, helduenek intsektuak eta bestelako ornogabeak identifikatu dituztela… “Garrantzitsuena da ingurua aztertzeko eta zaintzeko kultura bat sortu dugula jada”.

Txingudi Ikastola ikastetxeko 12 urtetik 16ra artekoek “beste pauso bat” eman dute proiektuan. “Baso bat badaukagu hemen, eskolaren ondoan, eta bertan aritu gara lanketan”, azaldu du Gurutze Laboa Txingudi Ikastola ikastetxeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) Fisika eta Kimikako irakasleak eta Eskola Agendako arduradunak. “22 talde dauzkagu guk, eta bi ikasle ordezkari daude gela bakoitzean. Haiekin landu dugu landareen proiektua, eta haiek azaldu diete gero ikaskideei”.

Basora joan, metro koadro bat hartu, eta bertako biodibertsitateaz jabetzea izan da ariketa nagusia. “Zenbat landare desberdin dauden aztertu dute ikasleek; lurra altxatuta, landareen sustrai desberdinak ere ezagutu dituzte; lur azpian agertu diren zomorroak ere sailkatu dituzte; eta polinizazio prozesua ere ezagutu dute”. Behin azken hiruhilekoko azterketak amaituta, Biologia ikasgaia baliatu dute taldeka basora bertara joateko eta lanketa bertatik bertara egiteko.

Eskolen arteko harremana

Sanz-Azkueren hitzetan, hasierako proiektua gauzatzeagatik bakarrik ez, “eskolen artean harremanak, proiektuak, sareak sortu direlako” ere bada garrantzitsua esku artean daukaten egitasmoa. “Kontzeptu bat dago lanketa honen oinarrian: landare itsutasuna, landareei buruzko ezjakintasuna. Gure ustez, hezkuntzatik aurre egin beharra daukagu itsutasun horri, behaketarako ohiturak sortuta eta kanpo espazioak erabilita”.

Ingurugelako Ingurumen aholkulariak zehaztu du gaur egun etxe gehienetan galduta dagoela landareei buruzko ezagutza hori. “Ezagutzarik ezean, ezinezkoa da transmisio lan hori egitea. Horregatik ireki dugu guk transmisiorako bide bat hezkuntzan”. Ingurugelak proposatzen dituen gaiak, gainera, ez dira izaten ikasturte bakarrean lantzekoak. “Eskolak eurak saiatzen dira emaitza ona eman duten gaiak euren programan sartzen, curriculumean txertatzen”. Aurrerapen gisa, energiari buruzkoa izango da hurrengo ikasturteko lanketa nagusia.

“Natura bera ari zaigu eskaintzen eduki eta konpetentzia asko lantzeko aukera, eta salto txiki hori egin dugu guk, ez besterik”, adierazi du Sanz-Azkuek. “Liburutik naturara salto egin dugu guk, esperientziari atea irekita, galderei zuzenean erantzunda”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.