Zezen plazaren “eraldaketa”

Eibarko Udalak jakinarazi berri du obrak egingo dituztela zezen plazan, "erabilera handiagoa emateko". Laster zabalduko dute proposamenak aurkezteko epea.

Maria Ortega Zubiate

“Eibarko zezen plazak eraldaketa behar du”; hala uste du udalak. Eta, hain zuzen ere, horixe da Eibarko Udalaren Hirigintza Plan Orokorraren eguneraketaren pausoetako bat. “Zezen plaza oso zaharra da, eta zati batzuk nahiko txarto daude. Horregatik, gutxi erabiltzen da gaur egun”, azaldu du Jon Iraola Eibarko alkateak. Hala, udalak jakinarazi berri du proiektuak aurkezteko epea zabalduko diela arkitektoei, eta, ondoren, horien artean herritarrek aukeratuko dutela gustukoen duten proposamena.

JON IRAOLA

Azken egunetan albiste eta zurrumurru ugari zabaldu dira gaiaren inguruan, eta begirada ugari erakarri ditu zezen plazak. Izan ere, eraikin horrek historia luzea du herrian. “Tradizio handiko eraikina da, eta herriaren erdigunean dago, gainera”, dio Iraolak. Besteak beste, kokagune horren eraginez sortu du obrak sona handia herrian eta inguruan. Zenbaitek adierazi dute gaur egun plaza dagoen eremuan parke bat egingo dutela; beste batzuek esan dute kirol azpiegiturak eta aparkatzeko lekuak izango direla aurrerantzean. Baina Eibarko Udalak ez du adierazi halakorik, proiektua oraindik “zehazteke” dagoela argudiatuta.

Alkateak esan du beren asmoa ez dela “memoria ezabatzea”, eta oraindik ez dakitela eraikina botako duten edo ez. Hala, ez dute abiarazi zezen plazarekin zer egin zehaztuko duen lehiaketa. “Gu prest gaude edozein proiektu gauzatzeko, betiere proiektu horrek ildo batzuei jarraitzen badie”, adierazi du alkateak. “Guk zehaztuko ditugu ildo horiek: herritarren premiak betetzea, erabilera anitzeko espazioa izatea, eta, adibidez, arboladi batzuk errespetatzea”. Udalaren asmoa da eraikinaren izaerari muzin egin gabe hari “erabilera handiagoa” ematea, “gaur egun baino baliagarriagoa izan dadin eta herritarren premiei erantzun diezaien”.

EIBARKO ZEZEN PLAZA

Eibarko zezen plazaren garrantzia azpimarratu du Iraolak, eraiki zuten urtea gogora ekarrita: 1903an egin zuten, eta ia 120 urtez dago herriaren erdigunean. 36ko gerran kalte nabarmenak jasan eta gero, 1961. urtean zabaldu zituen ateak berriz ere, eta ordutik irekita egon da. Udalaren hitzetan, ordea, orain “egoera kezkagarrian” dago zezen plaza. “Zenbait harmaila egoera txarrean daude, eta badakigu ezer egiteko horiek bota eta berriak eraiki behar direla. Gainera, hondarra egon beharko lukeen tokian jada ez dago halakorik”, azaldu du Iraolak. Hondarraren ordez, kirola egiteko erabilera anitzeko bi zelai daude gaur egun.

Zezenketei atea itxi gabe

Jon Iraolak zehaztu du “ia 5.000 metro koadroko gunea” hartzen duela Eibarko zezen plazak. “Espazio handia da, eta gaur egun ematen diogun erabilera baino hobea eman diezaiokegu”. Alkateak esan duenez, zezen plazaren erdigunea hartzen duten bi kirol zelaiak handik ateratzea da aukeretako bat: “Eraikinari beste erabilera bat emango genioke horrela; bi jokaleku horiek herriko beste eremu batera eraman genitzake, eta beste mota bateko ekintzetarako utzi zezen plaza; kontzertuak hartzeko, esaterako”. Dena dela, alkateak ez du baztertu jatorrizko erabilerarekin jarraitzea ere; zezenketekin, alegia: “Inor animatuko balitz zezenketaren bat antolatzera, horretarako ere egon daiteke tokia”.

Herritarrek proiektuan parte har dezaten nahi du Eibarko Udalak. Hala ere, oraindik ez du zehaztu egitasmoa martxan jartzeko datarik. “2008ko Plan Orokorra aldatzeko lanetan gabiltza oraindik”, esan du Iraolak. Dena den, urte hau amaitu aurretik behin betiko proiektua aukeratzea espero dute: “Aurtengo udan bertan deialdia egitea da asmoa, herritarrek proiekturen baten alde egin dezaten urte bukaerarako. Hala, datorren urtean jada proiektu bat lantzen hasi ahal izango gara”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

18 + 7: