“Errementaritza galtzeko bidean dagoen lanbidea da, zoritxarrez”

“Errementaritza galtzeko bidean dagoen lanbidea da, zoritxarrez”

Josune Zarandona

Gipuzkoan geratzen diren errementari bakarrenetakoa da Ricardo Mediavilla (Boadilla del Camino, Espainia, 1958). Jaioberria zela etorri zen Euskal Herrira; lehenengo, Altsasura (Nafarroa), eta gero, Legazpira, aitak, Ricardo Mediavillak, Legazpiko Patrizio Etxeberria enpresariaren fabrikan lana aurkitu zuenean. Ofizioa aitarengandik ikasi zuela aitortu du, eta “irakasle zorrotza” izan zela ziurtatu badu ere, “oso eskertuta” dago jasotako irakaspen guztiengatik. Errementari ona izateko, irudimena, pazientzia eta kontzentrazioa beharrezkoak direla dio.

Bi buruko aizkora. Iturbe anaiak Aizkoragileak liburua kaleratu berri dute, eta proiektu horretako protagonistetako bat zara. Nola iritsi zen zugana?

Ezkioko Iturbe anaiei [Joxe eta Agustin] haien bilobek egin nahi izan dieten omenaldia da liburua. Errementariak izan ziren, eta aizkoragile apartak, garai hartako errementaritzaren ikonoak. Ezkion zuten tailerra. Liburua osatzeko, tailerra martxan jarri beharra zegoen, eta hala jarri ziren nirekin harremanetan. Ni naiz inguru hauetan gelditzen den errementari bakarra.

Tailerrak 30 urte zeramatzan itxita.

Tailerrera sartu nintzen lehendabiziko aldian txundituta geratu nintzen. Harrigarria egin zitzaidan nola izan ziren gai iturbetarrak baldintza haietan aizkora haiek egiteko. Artisau lana egiten zuten, erabat; lan egiteko erabiltzen zituzten makinak ere beraiek egindakoak ziren. 30 urtean geldirik egon eta gero, makinak gogortuta zeuden, baina, azkenean, lortu genuen martxan jartzea.

Egiten zituzten aizkoren lan prozesua irudietan biltzea izan da liburuaren helburua, ezta?

Aizkora bat egiteko prozesu guztia argazkitan jaso dute orain, Iturbe anaiek egiten zuten moduan. Aizkoraren begia nola egin, altzairua heldulekuarekin nola uztartu, aizkora nola tenkatu, aizkora ahoa nola zorroztu… Guztia erakutsi nien pausoz pauso. Guztiz esperientzia aberasgarria izan da, XIX. mendera atzera egitea bezala: makinak, lekua bera, bertako iluntasuna, lan egiteko modua… Egokitzea ez zitzaidan asko kostatu, errementaritza ez baita asko aldatu azken mendeetan; artisau lana da oinarrian.

Iturbe anaiak ezagutu zenituen?

Legazpiko Patricio Echeverria fabrikan Bellota Herramientasen lanean ari nintzela, 20 urte eskasekin, Iturbe anaiek Ezkion egiten zituzten aizkoren berri izan nuen. Oso ezagunak ziren. Errementari ofizioa ikasten hasi berria nintzen orduan. Behin, Ezkion nengoen batean, euren tailerrera joan nintzen, eta lana nola egiten zuten ikusteko aukera izan nuen. Oso pertsona jatorrak iruditu zitzaizkidan.

Zeure burua errementari gisa definitzen al duzu?

Bai. Fabrikan errementari lanak eta forja lanak egin izan ditut nik. Ez dira gauza bera, errementari lana gehiago baita artisau lana.

RICARDO MEDIAVILLA AITA-SEMEAK

Ricardo Mediavilla aita-semeak.

Lanbidea zure aitarengandik jaso zenuen, ezta?

Boadilla del Caminon jaio zen nire aita, Ricardo Mediavilla. Errementaria zen eta nekazaritzarako lanabesak egiten zituen. Sektorea mekanizatzen hasi zenean, ordea, lana jaitsi egin zen. Legazpiko Patricio Echeverria fabrikan errementari bila zebiltzala jakin zuen orduan, eta bere burua aurkeztu zuen. Lana lortu zuen, eta Altsasura joan ginen bizitzera, ni jaioberria nintzela. 2 urte nituela etorri ginen Legazpira. Aita ni baino errementari hobea izan da betidanik. Erretiroa hartu arte egin zuen lan bertan.

Aita izan duzu maisu, beraz?

Aitarekin lan egitea pribilegio bat izan da niretzat, nahiz eta garai hartan ez nintzen hortaz ohartzen. Nirekin oso zorrotza izan zen, baina, gaur egun, egindako lanaren emaitzak ikusita, oso eskertuta nago. Bellota Herramientasen ofizioa ikasteko aukera izatea ere pribilegio bat izan zen, forjagintzari dagokionez puntako enpresa izan baita Espainia mailan. Jose Bolinaga enkargatua ere aipatu nahiko nuke, lan egiteko eman zidan askatasunagatik.

Oso gazte zinela hasi zinen zu aitarekin lanean, ezta?

14 urterekin hasi nintzen Patrizio Etxeberria enpresariaren Bellota Herramientas fabrikan lanean, aitaren laguntzaile gisa. Garai hartan hiru errementari zeuden enpresa hartan, eta guztiek erretiroa hartu zutenean ni bakarrik geratu nintzen. 1980ko hamarkadan, krisiaren eraginez, Patricio Echeverria fabrika desegin egin zuten, eta hortik sortu ziren GKN, Cie Automotive eta Bellota Herramientas, besteak beste. Langileak beste hainbat enpresatara aldatu gintuzten, eta hala hasi nintzen ni GKNn.

Garai hartan ireki zenuen zure tailerra Legazpin. Ordutik, lantegiko eta tailerreko lanak uztartu dituzu, orain bi urte erretiroa hartu zenuen arte, ezta?

Krisiaren ondorioz, lana automatizatzen hasi ziren, eta enpresa desegitearekin batera, Patricio Echeverrian mantentze lan guztiak ere kendu egin zituzten, ez baitzuten dirurik ematen. Nik horixe egiten nuen errementari bezala, baina enpresak errementaritzarako makineria guztia txatarratara botatzea erabaki zuen. Pena eman zidan, haurra nintzenetik ezagutzen nuen ofizioa zelako, eta denborarekin asko gustatzera iritsi zitzaidalako. Enpresarekin adostasun bat lortu, eta makineria erosteko aukera izan nuen. Orduan muntatu nuen Legazpin gaur egun daukadan tailerra.

Zer makina ekarri zenituen? Zerekin egin izan duzu lan?

Ikatzezko sutegia, balezta bidez mugitzen den mailua, esmerila, ingudea eta zizaila ekarri nituen. Patrizio Etxeberriaren fabrikan erabiltzen nituen horiek guztiak eta ofizioa ikasteko balio izan zidaten makina horiek berberak erabiltzen ditut oraindik tailerrean. Tailerra pixkanaka muntatu nuen. Nire hasierako asmoa zen denbora librea neukanean eskultura egiten hastea, baina garaiko gertaerek beste bide batetik eraman ninduten.

Nolatan?

Krisiarekin, inguruko fabriketan desagertu egin ziren errementariak, eta zenbait pieza lortzeko zailtasunak izaten hasi ziren; tenazak, adibidez. Tresna horiek egiteko eskatu zidaten, eta hala hasi nintzen, nire tailerretik bazen ere, enpresa horietako mantenu lanak berriz egiten. Gipuzkoako eta Bizkaiko beste enpresa batzuetarako ere egin izan dut lan, eta nire lan tresnak Mexikora, Iranera, Indiara, Alemaniara eta Venezuelara ere bidali izan ditut, besteak beste. Urte askoan uztartu ditut fabrikako eta tailerreko lanak; gogorra izan da, baina ez naiz damu. Orain, bizitzaren beste etapa batean nago, eta gustatzen zaizkidan gauzak bakarrik egiten ditut.

Adibidez, zer?

Burdina oso gustuko dut, eta oraintxe bertan labanak egiten ari naiz Jon Altzola GKNko lankide ohi batekin batera. Damasko motako labanak egitea da gure erronka. Oso labana bereziak dira, kalitate handikoak. Bi burdina mota erabiltzen ditugu, eta bakarra lortzen dugu gero prozesu jakin baten bidez. Horrela lortzen dira labana horietan horren berezkoak diren marrazkiak xafletan.

Aipatutakoez gain, bestelako zer lan mota egin izan dituzu zure tailerrean?

Errementaritzan egin daitezkeen lanik gehienak egin izan ditut. Askotariko zaharberritzeak; Beasaingo Igartza jauregirako bandak, adibidez, edo etxe partikularretarako burdin sareak. Albaola proiektuko kide ere banaiz, San Juan baleontzirako iltzeak egin nituen hastapenetan, eta burdineria lanetan ari gara orain. Irungo Oiasso museoarentzat edo Elgoibarko IMH institutuarentzat ere egiten ditut hainbat lan. Eskultura ere landu izan dut, Juan Mari Burguera legazpiarrarekin batera.

Aizkorak ere egin izan dituzu, ezta?

Bai. Azken bost urte hauetan elkarlanean ari naiz Oñatiko Arkaitz Lizarralde aizkolariarekin. Aizkoraren munduan lehen pausoak ematen ari da; aizkoren diseinuak egiten ditu berak, eta nik egiten dizkiot aizkorak. Australiar erako aizkorak dira, baina berezko materialen konposizio batekin. Proba asko egin eta gero, aizkora burdinurtu berritan, erdiko zatia forjatuz gero, berez sortzen diren mikroporoak desagertu egiten direla konturatu gara, eta, ondorioz, aizkora trinkoagoak lortzen ditugu. Oso emaitza onak lortzen ari gara.

Zer eman dizu errementaritzak?

Poztasuna eta asebetetzea, baina baita makina bat buruhauste ere. Errementariaren lana ez da bakarrik eskatutako piezak egitea, aldez aurretik piezaren diseinua ere egin behar izaten da. Planoak ekarri izan dizkidate batzuetan, baina askotan hutsetik egin behar izan ditut eskatutako lan asko, baldintza jakin batzuekin. Egin ditudan tenaza askoren diseinuak, adibidez, nireak dira.

Zer burdina motarekin lan egitea duzu gustukoen?

Izan dezaketen karbono portzentajearen arabera sailkatzen dira burdina mota ezberdinak. Duen karbono kantitatearen araberakoa izango da burdinaren gogortasun maila, eta egin beharreko lanaren arabera aukeratu behar da burdina bat edo bestea. Aizkorak edo labanak egiteko, adibidez, karbono askoko burdinak egokiagoak dira, ahoak zorrotzagoak izan daitezen.

Lan gogorra al da zuena?

Bai. Oso lan fisikoa da. Mailua erabiltzen ikasten hasi nintzenean, etxera itzuli eta bazkaltzeko gai ere ez nintzela gogoratzen dut, eskuek dardar egiten zidatelako.

Gipuzkoan, dagoeneko, ez dago errementari askorik, ezta?

Hemen inguruan bakarrenetakoa naiz. Errementaritza galtzeko bidean dagoen lanbidea da, zoritxarrez. Lan zorrotza da, urte askotako esperientzia eskatzen duena; lanbide hau ezin da egun batetik bestera ikasi.

Leave a Reply

Your email address will not be published.