Errockmeria giroa Zelatunen

Errockmeria giroa Zelatunen

Jon Miranda

Artisau garagardoaren inguruan osatutako elkarte bat da Beertoki, lau lagunek Villabona-Amasan sortua. 2016tik, Euskal Herriko artisau garagardoen bost azoka antolatu dituzte; irteerak, dastaketak eta beste hainbat ekintza ere egin dituzte, eta hiru garagardo ekoitzi: Zappa, Kazalis eta Always look on the bright side of life. Beertokiko kide Aitor Otegik nabarmendu du hiru garagardoek badutela lotura musikarekin: “Lehenengoa, Frank Zapparen omenez egin genuen; bigarrena, Anestesiako Mikel Kazalisekin gogoratuta; eta azkenekorako, Monty Python umore taldearen kantuaren izena hartu genuen”.

Artisau garagardoarekin batera, musikak lotzen ditu Beertokiko lagunak, eta haien afizioa gizarteratzeko ekinaldi bat antolatu dute uztailaren 10erako, Zelatunen, Hernio mendiaren azpian. Errockmeria jaialdia egingo dute, 12:00etan hasita, eta lau taldek parte hartuko dute: Mara bakarlariak, rock psikodelikoa lantzen duen Petra taldeak, Zarauzko Sofa taldeak eta Patxuko Nicek.

“Musikazale amorratuak gara, eta denetik entzuten dugu”, aitortu du Otegik. “Esango nuke ezerk batzen bagaitu rockak batzen gaituela, baina estilo desberdineko musika kontsumitzen dugu, eta elkarri taldeak gomendatzen dizkiogu”. Beertokiren izenean, berrogei kontzertutik gora antolatu dituzte Villabona-Amasako tabernetan azken urteotan; Otegiren esanetan, herriari bizitasun pixka bat ematea izan da elkartearen asmoetako bat. “Hainbat estilotakoak izan dira emanaldi horiek: ez gara zentratu genero jakin batean. Rock kontzertuak, kantautoreak, DJak… denetik izan dugu”.

Musikaren inguruan egiten dituzten ekitaldietako bat Beertoki Fest jaialdia da; urrian antolatu izan dute. Artisau garagardoa eta musika uztartuta, zuzeneko emanaldien hutsunea bete nahi izan dute hasieratik Villabona-Amasan, Berdura plazan antolatutako festarekin. Hiru aldiz egin dute: 2018an, 2019an eta 2021ean. Hainbat musika talderekin harremana egiteko baliatu izan dute udazkeneko ekitaldia, baina baita sarea zabaltzeko ere. “Gu lau lagun gara, baina, horrelako festa bat antolatzeko, jende gehiagoren laguntza behar da, eta jende asko batu zaigu bidean”, esan du Otegik.

Molde berriko erromeria

Beste ekinaldi asko bezala, “garagardo baten bueltan” sortu zitzaien Errockmeria antolatzeko ideia Beertokikoei: “Sofa taldeko Kepa Izetarekin trago batzuk hartzen ari ginela, haien azken diskoan, Krispetak izenekoan [Bonberenea Ekintzak, 2022], bildu duten Zelatun kantuaz hizketan aritu ginen. Agian Zelatunen zerbait egin zitekeela aipatu, eta horrela gorpuztu zen ideia”, azaldu du Otegik. Maiatzaren hasieran izan zuten elkarrizketa, eta uztailaren 10eko festa antolatzen eman dituzte azken asteak.

“Zelatunen egiten dituzten erromeriei beste ukitu bat eman nahi genieke. Tradizioa eta berritasuna elkartu nahi genituzke ekitaldi bakar batean. Horregatik aukeratu dugu igande eguerdia kontzertua egiteko. Inguru horretan beste zerbait eskaintzea da gure asmoa”. Beertokiko kideek musika jarriko dute, eta tabernetan eskuratu ahal izango da jan-edana. “Urte osoan eskaintzen dute zerbitzua, eta hango arduradunei bultzadatxo bat emateko ere baliatu nahi dugu ekitaldi hau. Uste dugu gauza ezberdin bat antolatuz balitekeela normalean igotzen ez diren batzuk igotzea”.

Aurten, “gertuko taldeak”

Beertokiko kideek ez diote jarri arreta berezirik urte sasoi honetan antolatzen ari diren musika jaialdi erraldoiei. “Ia kasualitatez sortu zen gure ekinaldia. Asko gustatu zaigu ideia, eta aurrera egingo dugu. Horrela funtzionatzen dugu Beertokin: momentuan egin nahi dugun hori egiten dugu, eta hurrengo urteetan ikusiko dugu zer motibazio dugun horrelako ekitaldi bat berriro egiteko”. Dena den, antolakuntzan jardungo duten lagunen inplikazioa azpimarratu du Aitor Otegik. Izan ere, Errockmeriak laguntzaile zerrenda luzea du, eta denek jardungo dute ekitaldia antolatzen uztailaren 10ean. Lurrean jarriko dute musika ekipoa, oholtzarik gabe. Antolatzaileek jakinarazi dute jendearen laguntza beharko dutela Zelatunen muntaketa egiteko.

Antolatzaileek “gertuko taldeak” gonbidatu dituzte lehenengo ekitaldirako. “Plaza polita iruditzen zaigu Zelatungoa, eta lagunarteko saio bat egin nahi dugu, bertaratu nahi duten guztiek aukera izateko. Horregatik jo dugu ingurukoengana, eta gertukoak sentitzen ditugun taldeak gonbidatu ditugu”.

Antolatzaileek aurreikusi dutenez, jaialdia eguerdian hasiko da, eta 18:00ak arte iraungo du; oinez bertaratzeko deia egin diete herritarrei. “Mendi buelta bat emanez, kontzertuak entzun eta etxera oinez bueltatzeko plana proposatzen dugu guk”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.