Sortzaileen ikaste prozesuaren abaro

Sortzaileen ikaste prozesuaren abaro

Julene Frantzesena

Doinu berriak sortzeko, ikasteko eta plazaratzeko”. Horretarako eta musika talde berriei “esperientzia osoagoa” eskaintzeko xedez antolatu dute Arkupehotsak proiektuaren bosgarren edizioa, Azpeitian. Berrikuntzaz beteta dator, Azpeitiko Kulturaz kooperatibak “osotasuna” eman nahi izan baitio proiektuari. Prozesuan jarriko dute arreta, nahiz eta azken emaitza zuzeneko emanaldia izango den. “Arkupea” izango da azken emaitzaren agertokia, eta hara iristeko prozesua, “aterpea”.

Asko izan dira egitasmoaren lau edizioetan parte hartu duten taldeak, eta aurten beste hainbatek izango dute horretarako aukera. Hain zuzen ere, Arkupehotsaken izena emateko epea zabalik egongo da uztailaren 15era arte, Kulturaz.eus webgunean, eta musikari gazteentzako deialdira aurkezten diren sei proiektu aukeratuko ditu kooperatibak. Horiek bi asteburuko egonaldia egingo dute Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Gainera, sortze, ikaste eta plazaratze prozesuan musikari ezagunak izango dituzte bidelagun.

Arkupehotsaken parte hartu ahal izango duten musika taldeetako kideek nahiz bakarlariek 16 eta 25 urte bitartean izan beharko dituzte. Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak azaldu duenez, “lehen akordeak jotzen” ari diren musikarientzako deialdia ondu dute. Irailean jakinaraziko dute zein taldek egingo duten egonaldia, eta talde horietako bakoitzak musika sortzeko, ikasteko eta plazaratzeko aukera izango du. “Dinamoa sormen guneko soinuaren eremuaren lanak bukatzear dira, eta Arkupehotsaken esperientzia bizitzeko aukeratuko dituzten sei taldeek han egingo dute bi asteburuko egonaldia; lotarako lekua eta otorduak ere eskainiko dizkiegu”.

Puntako bidelagunak

Sortzaile berriei bitartekoak eskaintzea du xede proiektuak, eta baita inguruko sortzaileei balioa ematea eta belaunaldi berriei plaza eskaintzea ere. “Ibilbidea, emaitzak eta esperientzia ikusita, proiektua moldatzeko eta atontzeko arnasa hartu dugu; proiektua egungo baldintzetara ekartzeko eta hobetzeko ahalegina gauzatu dugu”, dio Bengoetxeak.

Dinamoan egingo duten egonaldian ikasteko, sortzeko eta entseatzeko aukera izango dute taldeek, eta, horretarako, hainbat bidelagun izango dituzte; soinu teknikariekin ez ezik, musikari ezagunekin ere kolaborazioak egingo dituzte. Arkupehotsaken ariko diren taldeek musikari ezagun bana izango dute bidelagun prozesuan, eta horien artean dira, besteak beste, Tomas Lizarazu Bulego taldeko abeslaria eta Olatz Salvador abeslaria. Gainerako bidelagunak aukeratutako taldeek jorratzen duten musikaren arabera izendatuko ditu Kulturaz kooperatibak.

Taldeek urritik aurrera egingo dituzte egonaldiak eta eskainiko dituzte egonaldi horretan prestatutako zuzenekoak; zehazki, hileko azken igandean kontzertu bat emango du hil horretan egonaldia egin duen taldeak, Sanagustin kulturguneko arkupeko agertokian. Bengoetxeak azaldu duenez, “ukitu berezia” izango dute. “Talde bakoitzarekin aritu den musikari bidelagunak kolaboratuko du emankizunean”.

Azken boladan euskal musikaren eszenan punta-puntan dabilen Bulego taldeko abeslaria da Tomas Lizarazu (Azkoitia, 1993), eta Arkupehotsaken ariko den taldeetako batek hura izango du sormen prozesuan gidari edo bidelagun. Kulturaz-en proiektua ez zaio arrotza abeslariari. Izan ere, 2019ko Arkupehotsaken parte hartu zuen Bulegok, eta gehien nabarmendu zen taldea izan zen; Hegan abestiaren bideoklipa egin zion Kulturaz-ek. Lizarazuk ez du ahazteko nondik datozen: “Oso egitasmo ederra da, bultzada ikaragarria izan zen guretzat; izan ere, Arkupehotsaken parte hartu genuenean ari ginen taldeari forma ematen, eta bideoklip bat grabatzea zoragarria izan zen”.

Inbidia pixka batekin

Egitasmoari formatua aldatu izana ere positibotzat jo du abeslariak, inbidia pixka bat ezkutatu gabe: “Guk bere garaian gustura hartuko genukeen Arkupehotsak formatu honetan; izan ere, pozgarria da kulturan hainbeste zailtasun dagoen garaiotan sortzaileak bultzatzeko halako egitasmoak sortzea. Baliabide gutxi izateak gauzak asko zailtzen ditu, eta talde batentzat hasierako bidean izugarrizko laguntza dira halako egitasmoak”. Alde horretatik, Arkupehotsakek bidea urratzeko aukera ematen duela uste du Lizarazuk. “Dena uztartzen du proiektu honek; talde berriei jakintza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko aukera ematen die, eta talde hasiberriei agertokietara igotzekoa”.

Bidelagun izateko proposamena “ilusioz” hartu duela adierazi du. “Nirekin gogoratzeak poz handia eman zidan, geu ere horrelakoxe egitasmo batzuetan hasi baikinen urratsak egiten. Errespetu pixka bat ere ematen dit, bidelagun lanik ez baitut sekula egin, baina jende berria ezagutzeko gogoz nago; ziur nik ere asko ikasiko dudala”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.