Zinemarekin, herria kalera

Zinemarekin, herria kalera

June Romatet Ibarguren

Badira bederatzi urte Donostiako Cristina Enea fundazioak udako zinema zikloak antolatzen dituela. Urtero, lau film proiektatzen dituzte fundazioaren izen bera duen parkean, Kristinaenean. Gainera, filmen hautaketa berezia izaten da: fundazioak une horretan duen erakusketaren arabera aukeratzen dituzte proiekzioak.

Udako zinema baino lehenago ere antolatzen ziren horrelako saioak. Xabi Ubedak, Cristina Enea fundazioko administrariak, kontatu du bera haurra zela saioak egiten zirela hondartzan eta auzoetan: “Ni haurra nintzela, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, egiten ziren horrelako proiekzioak, baina gero antolatzeari utzi zioten”. Hori ikusirik, eta fundaziokoen ustez “Donostian zinemazale asko daudenez”, udako zinema zikloak antolatzea erabaki zuten.

Saio horiek antolatzen hasi orduko filmak hautatzeko baldintzak erabaki zituztela azaldu du Ubedak: “Garrantzitsua iruditu zitzaigun fundazioari garrantzia ematea; horregatik hartzen genuen erakusketaren gaia ardatz, eta horren inguruko filmak aukeratzen genituen”. Horiek horrela, aurreko urteetan, besteak beste, munduaren amaiera, nekazaritza eta beste gai batzuk hartu zituzten Donostian.

Berrikuntzen garaia

Urtero berdin egin bazuten ere, aurten aldaketa batzuk egin dizkiete saioei. Alde batetik, aurreko aldietan lau filmak parke bakarrean proiektatzen ziren. Baina, aurten, hiriko bost auzotako parkeetara zabaldu dituzte, eta bakoitzean pelikula bat jarriko dute. Lehen saioa Amaran egin zuten; bigarrena, Martutenen; hirugarrena, Altzan; eta laugarrena, Egian. Gaur egingo dute bosgarrena, eta Bidebietan izango da, Salvador Allende parkean.

Aldaketa hori hobekuntza bat izan dela aipatu du Cristina Eneako administrariak: “Saioekin hasi baino lehen, auzo elkarteetakoen mezu elektronikoak genituen eskerrak emanez eta laguntza eskainiz”. Horrez gain, auzoetara mugitzeak jende gehiagorengana gerturatzea dakarrela ere azaldu du. Saio bakoitzean ehun pertsona inguru izan dituzte, eta adin ezberdinetako jendea agertu da. “Auzo batzuetan, jendea, etxean gelditu beharrean, jaitsi egin da. Horregatik, zaharrak, helduak eta gazteak zeuden filmak ikusten”, kontatu du Ubedak. Hala ere, azpimarratu du haurrak eta gurasoak izaten direla gehienak, batez ere aurtengo filmen aukeraketagatik.

Bigarren aldaketa filmen hautaketan egin dute: aurten ez dute erakusketaren gaia oinarri hartu, baizik libreki hautatu dute, eta bestelako bizimoduak hartu dituzte ardatz. Horregatik proiektatu dituzte, E.T. Estralurtarra, Fantastic Mr. Fox, Brian’s life eta Lotia filmak.

Euskara bermatuz

Udako zikloko filmak, lehen, bertsio originalean proiektatzen zituzten. Azken urteetan, ordea, guztiak bikoiztuta aurkezten dituztela azaldu du Ubedak; horrela errazagoa izaten delako herritarrentzat ulertzea, eta jende gehiago azaltzen delako. Gainera, azpimarratu du film batzuk euskaraz izatea garrantzizkoa iruditzen zaiela: “Beti saiatzen gara bermatzen aukeratutako filmen erdiak behintzat euskaraz izan daitezen”. Hala ere, aitortu du batzuetan zaila izaten dela euskarazkoak topatzea. Euskal produkzioez gain, bikoiztutakoak gutxi izaten direla dio antolatzaileak, eta azpidatziak egitea garestiegia izaten dela haientzat: “Film osoa itzuli, azpidatziak egin eta hori guztia muntatzea lan handia izaten da, eta, ez badugu diru laguntzarik jasotzen, dena gure kabuz egitea ezinezkoa da”.

Proiekzioen aukeraketa egiteko ez ezik proiekzioak prestatzeko ere material eta pertsona asko behar izaten dira. Lehenengo, filmaren eskubideak lortu behar izaten dituzte, banatzaileekin kontaktuan jarri eta alokatuz. Ubedak aitortu du pelikularen arabera asko zailtzen dela ikus-entzunezkoa lortzeko lana, baina aurtengoa erraza izan dela.

Ondoren, egunean bertan pantaila, proiektorea eta soinu ekipoa prestatzeko enpresa behar izaten da. Antolakuntzaren inguruan bi arazo nagusi izaten dituztela esan du antolatzaileak: “Argiaren konexioak lortzea zaila izaten da; batzuetan, sorgailuak lortu behar izaten ditugu”. Beste arazo nagusia eguraldiarena izaten da: azkenera arte ez dute jakiten proiekzioa egin ahal izango duten ala ez. Horregatik, eguraldi txarra egingo balu, uztailaren 14a eta 15a gordeak dituzte saioren bat atzeratuko balitz ere.

Gorabeherak izaten badituzte ere, urtero udako zikloa antolatzen jarraitzen dute. Iluntzera itxaron eta jendea elkartzen denean, filma martxan jartzen dute.

Hirietatik kanpo

Donostiatik kanpo ere badira kaleko zinea antolatzen duten Gipuzkoako herri asko. Elgoibarren, adibidez, uztaileko ostiral eta larunbatetan zinema saioak dituzte. Azkoitian, Astigarragan eta Orion, besteak beste, uztaileko gau baterako antolatu dituzte saioak. Oñatin, berriz, Antixenako gaztetxeko kideek, urtero bezala, Martizinema antolatu dute. Gaztetxearen kanpoaldean uztaileko astearteetan telesailak eta filmak ikusteko saioak dira.

2019. urtean hasi ziren Martizinemak antolatzen. Ataun of the dead trilogiaren sortzaileekin hitzaldia egin zuten, eta filmak ikusi zituzten. Ordutik, urtero proiekzioak egiten dituzte. Saio horiek egiteko baldintza batzuk jartzen dituztela azaldu du gazte asanbladako kidea den Beñat Ugalde Urkiolak: “Beti saiatzen gara filmetako bat euskaraz izan dadin, eta, ez badugu lortzen, bertsio originalean izaten da, azpidatziekin”. Horrez gain, esan du talde feministari ere aukera ematen diotela filmetako bat hautatzeko.

Aurtengo lehen proiekzioa joan den asteartean egin zuten, eta Brinkola telesailaren lehen hiru atalak ikusi zituzten, krispetak jaten zituzten bitartean. Ugaldek kontatu du hamabost lagun inguru joan zirela: “Ez gara ikusle asko izaten normalean, baina giro goxoa sortzen da”.

Datorren asteartean, hurrengo hiru atalak jarriko dituzte. Beste bi asteetan, berriz, filmak proiektatuko dituzte: uztailaren 19an, Usual Suspects, eta uztailaren azken asteartean, 26an, Paradisu Zinema.

Leave a Reply

Your email address will not be published.