Aitziber Etxebeste: “Zenbait autoeskolatan erreleboa ez dago ziurtatuta”

Aitziber Etxebeste: “Zenbait autoeskolatan erreleboa ez dago ziurtatuta”

Maria Ortega Zubiate

Gipuzkoako autoeskoletan urteak daramatzate kezka berarekin: ez dago nahikoa aztertzaile. Orain, ordea, GAE Gipuzkoako Autoeskolen Elkarteak beste kezka bat plazaratu du: aztertzaileak soilik ez, irakasleak ere falta dira, ez direlako betetzen hutsik geratzen diren lanpostuak. Errelebo falta ikusita, irakasleak heziko dituen Lanbide Heziketako zikloa martxan jartzea erabaki du Espainiako Trafiko Zuzendaritzak, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, Gipuzkoan, Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe integratuan egongo da ikasteko aukera. Aitziber Etxebeste (Oiartzun, 1977) GAEko zuzendaritza batzordeko kidearen esanetan, “ongi etorria” izango da prestakuntza.

Autoeskoletako egoerarekin kezkatuta zaudetela esan izan duzue. Zein da egoera?

Alde batetik, ez dago nahikoa irakasle. Gure lanbidean asko ari dira erretiroa hartzen, eta zenbait autoeskolatan erreleboa ez dago ziurtatuta. Beste alde batetik, Gipuzkoako autoeskolen kezka handiena da aztertzaileak ez ditugula ziurtatuta izaten. Horrek ekartzen du gure zerbitzua ez izatea behar den modukoa: ikaste prozesua bukatutakoan, azterketa egiteko aukera izan beharko lukete ikasleek, baina administrazioak ez ditu ematen behar adina plaza. Horrela, asko luzatzen dira itxaron denborak, eta zaildu egiten da gidabaimena ateratzea.

Aztertzaileen arazoa aspalditik dator, ezta?

Bai, urte dezente daramatzagu honekin. Duela urte batzuk greban egon ziren aztertzaileak, lan baldintzak hobetzeko eskatzen zuten, eta luze jo zuen gatazkak. Horrek, noski, gugan eta gure ikasleengan eragin handia izan zuen. Hori gainditu zenean, esan ziguten ez zegoela aztertzaile nahikorik, sektore horretan ere jende askok hartu zuelako erretiroa eta administrazioak ez zuelako aurreikusi egoera horrek ekarriko zuen kaosa. Gainera, aztertzaileak Espainiako administrazioko langileak dira, eta Hego Euskal Herria ez da helmuga egokia haientzat, garestiagoa delako. Orduan, oso zaila da hemengo plazak betetzea. Gure egunerokotasunean traba handiak jartzen ditu aztertzaile kopuru finko bat ez izateak.

Zerrenda arintzeko, 2020ko abuztu osoan ere egin zituzten azterketak. Orain ere horrelakorik egingo da?

Ez. Azkeneko azterketak abuztuko lehen astean izango dira Gipuzkoan. Abuztu osoan egingo balira, egoera hankamotz geratuko litzateke, aztertzaileek, beste guztiok bezala, opor egunak dituztelako. Denek batera hartu beharrean banaka hartuko balituzte, oso zaila izango litzateke lantaldea osatzea ia-ia urtarrilera arte. 2020an, abuztuan lan egin genuen, guk geuk eskatuta. Baina konturatu ginen horrek ekartzen zuela erdizka egotea, ezin genuela kopuru normaletan lan egin; izan ere, baten bat oporretan badago ez da inor egoten haren ordez. Horregatik, abuztuan oporrak egitea erabaki zuen Espainiako Trafiko Zuzendaritzak.

Aztertzaile falta ohiko arazoa da, baina irakasle falta arazo berria da. Zergatik uste duzu falta direla?

Ezjakintasun handia dago, jende gutxik daki irakasle izateko zein prozesu pasatu behar izan dugun. Orain arte, irakasle izateko oposizio baten antzeko prozesua pasatu behar zen. Nahikoa luzatzen zen, eta jende asko bidean gelditzen zen. Gai asko ikasten dira, eta, gutxi-gorabehera, bi urteko prozesua da. Mundu hau ezagutzen ez dutenak atzera botatzen ditu ez jakiteak noiz bukatuko den: ez da oso ohikoa mundu honetatik kanpoko norbait lanbidean sartzea. Horregatik, irakasle kopurua murriztuz joan da denborarekin.

Zer beste eragozpen daude?

Gainera, lan honek eskatzen du besteek jai daukatenean lan egin behar izatea. Zaila da pertsona bat topatzea lan honetarako prestatuta dagoena.

Eskaintza jaitsi da, baina eskariak bere horretan jarraitzen du? Ala nabaritu duzue gazte gutxiagok ematen dutela izena autoeskoletan?

Nik ere entzun dut ohiturak aldatzen ari direla, baina nik lotuko nuke gehiago mugitzeko erraztasunarekin. Uste dut hori guztiz baldintzatzen duela autoeskola kokatuta dagoen herriak: Donostian, adibidez, garraio publikoa askoz txukunagoa da. Gurea bezalako herrietan [Oiartzun], ordea, ez dago halako erraztasunik. Horregatik, uste dut hemen mantendu egiten dela 18 urte betetakoan autoeskolan izena emateko ohitura.

Lanbide Heziketako ziklo berria jarriko dute martxan datorren ikasturtetik aurrera, irakasle gehiago hezteko asmoz. Itxaropentsu zaudete?

Eusko Jaurlaritzak aukera hau jarri du mahai gainean, lehendabiziko aldia da horrelako zerbait egiten dena, eta ongi etorria da, noski. Honek martxan jarriko ditu irakasle berriak. Espero dugu gogotsu etortzea eta pazientzia handia izatea. Horrek, jendeak ikastaroa egiteak, alegia, bermatuko baitigu erreleboa egotea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.