Ordiziako urteroko zita

Ordiziako Klasikoa egingo dute astelehenean. Aurten, Txomin Perurena txirrindulari ohia omenduko dute, lasterketarekin duen loturagatik, baita egin duen ibilbideagatik ere.

June Romatet Ibarguren

Urtero antolatzen dute Ordiziako Klasikoa, eta datorren astelehenean izango da aurtengoa, berriz ere Txapelgorri elkarteak antolatuta. 1922an egin zuten lehen aldiz, eta urtero egin izan dute, nahiz eta etenaldia egin behar izan zuten 1936an eta 1937an, 1936ko gerraren ondorioz. Aurtengoa, beraz, 99. aldia egingo da. Lehen aldiz egin zuten egunean, 11 lagun elkartu ziren: Ordiziakoak batzuk, Beasaingoak beste batzuk, eta Alegiako bat, Francisco Sarasola, irabazlea.

Lehen lasterketaren urtetik hona, antolatzaileak aldatuz joan dira: hasieran, udalak eta elkarteren batek antolatzen zuten; ondoren, Txapelgorri eta Boxing Ciclo Club KAS elkarteen artean egiten zuten; eta, gaur egun, Txapelgorri elkarteak du ardura.

Txapelgorri elkarteko lehendakaria Patxi Garmendia da, eta aurten berrikuntza batzuk gehitu dituztela esan du: “Zuzenean emango dugu lasterketa: herrian pantaila bat jarriko dugu, eta, horrela, herritarrek bertan ikusi ahal izango dute”. Gainera, lehen aldiz, droneak erabiliko dituzte lasterketako irudiak hartzeko, eta abantailatzat jo du hori: “Karrera hobeto ikusiko dugula uste dut”.

Urtero pertsona bat omentzen dute, eta Garmendiak kontatu du aurten Txomin Perurena txirrindulari ohia izango dela omendua. Azaldu du Perurenak urtero parte hartzen zuela Ordiziako Klasikoan, eta hiru aldiz irabazi zuela. “Gainera, Txominekin izugarrizko harreman ona dugu; urtero etortzen da, eta laguntzeko prest dago beti. Lagun ona dugu benetan”.

Perurena ez da izaten antolatzaileei laguntzen dien bakarra. Garmendiak esan du laguntza handia behar izaten dutela alde ekonomikotik, baita azpiegitura aldetik ere. Ordiziako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen dute. Dena den, Txapelgorri elkarteko bazkideek saltzen dituzten bonuak eta inguruko enpresek emandako laguntzak ere garrantzitsuak direla esan du. Azpiegiturak antolatzeko orduan, berrehun pertsona inguru aritzen dira; herritarrek laguntzen dute, eta udalak hamabost gazteri laguntza eskatzen die.

Prestaketa guztiak amaitzen ari dira, eta lasterketaren eguna iristeko gogoz daudela dio antolatzaileak. Aurreko hilabeteetako lanketaz gain, badira eguneko prestaketak ere. Karreraren egunean, goizeko seietan elkartzen dira, bidea zortzietarako prest izateko. Batzuek hesiak jartzen dituzten bitartean, beste batzuek ibilbidean markak, pankartak eta bide seinaleak jartzen dituzte.

140 txirrindulari

Datorren astelehenean, 140 txirrindulari ariko dira probaren azken urteetako ibilbide bera egiten. Parte hartzaileak kategoria ezberdinetako 22 taldetakoak dira. Horietako sei kategoria altuenekoak dira —World Teamekoak—; bederatzi, Pro Team kategoriakoak, eta beste zazpiak, Kontinentaletakoak. Beste talde batek ere parte hartu behar zuen, baina, dopin arazo batzuengatik, ez da Ordizian izango.

Azken urteetan Ordiziako Klasikoa bezalako lasterketa batzuk kolokan jarri direla azaldu du Garmendiak: “Garrantzi handia ematen zaie lasterketa handiei; Worldtourreko karreretarako laguntza asko ematen dira, baina oinarria ez da zaintzen”. Zornotzakoa (Bizkaia) bezala, batzuk desagertzen ari direla esan du, eta babesten ez badira karrera asko bidean geldituko direla.