Herritarrak erdigunean jarriz

Herritarrak erdigunean jarriz

June Romatet Ibarguren

Herritarrak politika publikoaren erdigunean jartzeko ordenantza bat abiarazi zuen Oñatiko Udalak uztailaren 11n, alegazioak jasotzeko epea amaitu ondoren. Administrazioaren irekitasuna eta gardentasuna, parte hartzeko bideak, eta lankidetza publiko-soziala arautu dituzte. Izaro Elorza Oñatiko alkateak azaldu du EH Bildu aurreko legealdian hasi zela ordenantzaren prozesuan lanean, nahiz eta araudia hilabete honetan argitaratu duten: “Beharrezkoa iruditu zitzaigun gu baino lehen zeudenek hasi zuten bidearekin jarraitzea, uste baitugu hori dela etorkizuna, herritarrek erdigunean egon behar dutela”. Gisa horretako lehen ordenantza da Gipuzkoan.

Osoko bilkuran aho batez onartu zuten, eta horri garrantzia ematen diotela kontatu du Elorzak. “Guretzat, garrantzitsua da esatea denok bat egin dugula honetan. Udalak garrantzia eman dio parte hartzeari, baita garapen komunitarioari ere, eta apustu bat egin dugu norabide horretan”.

Ordenantzaren helburu nagusia da herritarrak gobernuaren erdigunean jartzea, erabakiak udala, herritarrak eta hainbat eragile batuz hartzea. “Elkartzen baditugu, gure arteko harremanak bidezkoagoak izango dira, eta hori lortu nahi dugu”, esan du alkateak. Gaineratu du parte hartzearen aldeko apustuak aldatu egingo duela gaur egun gizarteak horri buruz duen ikuspuntua, eta alde demokratikoa handitu eta sakonduko duela.

“Herritarrek politika publikoan eragiteaz hitz egiten dugunean, ez gara eremu jakin batera mugatzen: asmoa da eremu guztietara zabaltzea”, esan du Elorzak. Parte hartzeak antzekoak izatea nahi dute, udaleko jardun askotan eragitera iristea, baita herritarrak egiten denaren parte izatea ere. “Gure ustez, benetan garrantzitsua da parte hartzea tresna moduan erabiltzea, eta ez helburu moduan”.

Orain arte, hainbat prozesu parte hartzaile abiarazi dituzte Oñatin, eta, ordenantzaren bidez, horiek arautu eta ordenatu nahi dituzte. Modu horretara, herritarrek gauzak nola egin jakingo dutela dio Elorzak, eta udalarentzat ere beharrezkoa izango dela: “Honekin, gobernatzeko eredua aldatuko da, eta hiru esparruri emango diegu garrantzia”. Nagusitzat jo dituzten esparruak hauek dira: informazioaren eskuragarritasuna eta administrazioaren irekitasuna bermatzea, parte hartzeko dauden bideak ireki eta azaltzea, eta lankidetza publiko-soziala sustatzea —hau da, eragileen, udalaren eta herritarren arteko lankidetzan eremu eraldatzaileak sortzea—. Sareak sortuko dituzte, horietan lan egin, erabakiak hartu eta gobernantza ereduari bira emateko.

Bazterketak eragoztea

Idazketa prozesua, batez ere, Partaidetza eta Garapen Komunitarioko Sailak egin zuen. “Aholkularitza saio pare bat ere izan genuen”, esan du Elorzak; “bat, hezurdura zehazteko, eta bestea, generoaren lanketa zehatza egiteko”. Arlo legal eta juridikoari dagokionez, idazkaritzak egin zion jarraipena, eta, iritziak eta ikuspuntuak jasotzeko saioak egin zituzten maila teknikoan, maila politikoan eta herritarrekin. “Hori guztia egin ondoren osatu genuen ordenantza”.

Prozesuan ez dute izan beste herririk erreferentzia moduan, nahiz eta badauden hiri batzuk: Donostia, Iruñea, Bartzelona… Hala ere, Elorzak kontatu du dena aztertu ondoren puntu batzuk bakarrik hartu dituztela oinarritzat, beste askorekin ez baitzuten bat egiten. Gainera, Oñatirako sortuko zutenez, haren errealitatera gerturatu behar zuela dio.

Genero ikuspegitik, adibidez, lanketa bat egin du udalak. Alkatearen hitzetan, horrelako partaidetzetan ere izaten baitira praktika baztertzaileak. “Legediak markatzen duenetik harago joan nahi izan dugu: berdintasunean lan egiteko beste urrats batzuk egin ditugu”. Horregatik, generoaz gain, parte hartzeak baldintzatzen dituen hainbat faktore zaindu dituzte: jatorria, adina, klasea, desgaitasunak, eta abar. Prozesua inklusiboa izatea nahi zuten, behar denak kontuan hartzeko eta bazterketarik ez izateko.

Parte hartzeak ahalmen eraldatzailea duela dio Oñatiko alkateak, orain arte izandakoak aldaketa eskatzen duela, eta horretarako herritarrak izan behar duela erabakitzeko gaitasuna. Baina, aukera hori bermatzeko, Oñatiko Udalak betebeharrak izango ditu: besteak beste, ematen diren pausoak kalitatezkoak izatea eta ordenantza betetzen dela ziurtatzea. “Udalak zati garrantzitsu bat egin behar badu ere, herritarren inplikazioa beharko dugu hau aurrera atera dadin”.

Hemendik aurrerakoak

Uztailaren 11n ordenantza abiarazi ondoren, jarraipena eman behar diete martxan zeuden prozesuei, ordenantza hori oinarri hartuta. Bestalde, badituzte martxan jartzeko hainbat prozesu, eta horiekin lanean hasiko dira.

Prozesuak egiteaz gain, Elorzak esan du herritarrek informazioa izatea dela hurrengo pausoa: “Orain tokatzen zaiguna da ordenantza gizarteratzea. Ez soilik badela jakinaraztea, baizik eta herritarrengana gerturatzeko ahalegin berezi bat egitea”. Horretarako, askotariko euskarriak sortzen ari dira, herritarrek errazago uler dezaten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.