Oteiza eta Txillidaren eskulturekin dantzan dabil Kukai taldea

Dantza konpainia horrek eta Maite Larburuk ‘Chillida eta Oteiza dantzan’ emanaldia egingo dute gaur azkenekoz, Donostiako San Telmo museoan. Sarrerak agortuta daude.

June Romatet Ibarguren

Jorge Oteizaren eta Eduardo Txillidaren obrak batera aurkezten ditu, lehen aldiz, Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida. Dialogoa 50eko eta 60ko urteetan erakusketak. Aurretik Valentzian (Herrialde Katalanak) egon ondoren, joan den apiriletik datorren urrira bitarte Donostiako San Telmo museoan egongo da ikusgai. Han, Kukai dantza konpainiak ikusleak gidatzen ditu, dantza eta musika bidez, Maite Larbururen laguntzarekin. Gaur egingo dituzte Chillida eta Oteiza dantzan ekitaldiaren azken emanaldiak: 20:30ean eta 21:30ean.

Erakusketa, zehazki, Oteizak eta Txillidak 1948. eta 1969. urteen bitartean egin zituzten ibilbideetan oinarritzen da. 1948a bidaien urtea izan zen bi artistentzat: Oteiza Euskal Herrira itzuli zen, Amerikan hamahiru urte pasatu eta gero, eta Txillida Parisera joan zen, arkitektura ikasketak utzita, eskulturak egiteko asmoz. 1969a obra garrantzitsuak egiteko garaia izan zen: Oteizak Arantzazuko santutegirako (Oñati) estatua multzoa amaitu zuen, eta Txillidak Unescok Parisen duen eraikinaren kanpoaldean bere lehen obra publiko handia jarri zuen.

Hainbat adituk antzeman dute garai hartan bi artistek giza irudia jorratzeko edota horren gainean lan egiteko joera zutela, nahiz eta bakoitzak estilo eta azentu ezberdinekin egiten zuen. Garai hartan beste hainbat artistak egiten zuten moduan, gorputzaren irudia desitxuratzen zuten.

Hori guztia bildu dute San Telmo museoan ikusgai dagoen erakusketan. Baina horri berezitasun bat emateko asmoz, eta gaur egungo artistekin lotuz, Kukai dantza konpainiak eta Maite Larburuk Chillida eta Oteiza dantzan izeneko ikuskizuna egin zuten maiatzaren 14an, ekainaren 10ean eta uztailaren 8an. Egun bakoitzean bi saio egin zituzten, 25na ikuslerekin, eta bisitan haiekin mugituz joan ziren, dantzatu, abestu eta musika jotzen zuten bitartean. Gaur izango dira azken bi saioak.

Kukai konpainiako koreografoak eta ikuskizun horretan arte zuzendaritzan aritu den Jon Maiak esan du erakusketa San Telmo museoan jarriko zutela jakin zutenetik haren parte izan nahi zutela: “Txillida eta Oteiza eta haien diskurtsoak batez ere gure diskurtsoan oso barneratuta ditugu, eta, beraz, gogotsu ginen proiektu txiki hau sortzeko”.

Artistengandik gertu

Bi artistak gertutik sentitzen dituztela azaldu du Maiak, Txillidak eta Oteizak sustrai edo erroekin zuten loturagatik, batik bat. “Txillidak zioen sustraiak oso errotuta izan behar direla hostoak urrunera joateko. Oteizak, berriz, unibertsal izateko modu onena norbere sustraietan sakontzea dela”. Kukai konpainiak sustraietatik lan egiten du: euskal dantzak oinarri hartuta, dantza garaikidea egiten du.

2005ean emanaldi bat egin zuten Oteizaren testuekin: Oteizari biraka. Iazko azaroan, Txillidaren erakusketa batean lanean aritu ziren, eta Donostiako Haizearen Orrazia-ren inaugurazioan ere dantzatu zuten, besteak beste. “Nola ez genuen bi artistak elkartzen dituen ekuazio horretan parte hartuko?”, esan du koreografoak.

San Telmo museoarekin lotura estua dutela ere azaldu du Maiak, askotan egin dutela lan haiekin, eta Gernikako (Bizkaia) bonbardaketaren inguruko ikuskizuna han estreinatu zutela, adibidez: “Pieza guztiek bat egin zuten, eta aurrera egin genuen horrekin”.

Kukaik dantza egiteko, ordea, musika ere behar izaten du. Horregatik, Larburu artistarekin lan egiten dute emanaldi edo bisita horietan. “Lehenago, batera lan egitea tokatu zitzaigun, eta izugarri ondo moldatu ginen harekin”, kontatu du Maiak. Hala, elkarrekin lan egiteko aukera ikusi zutenean, Kukaik proposamen bat egin zion, eta Larburu berehala hasi zen kantuak, testuak eta musika prestatzen. “Maite oso diziplinatua da, hau da, primeran jo dezake, badauka kantua, badauka esperimentazioa, testu zoragarri bat dauka ikuskizunetan egiten duena”, esan du Kukaiko koreografoak. Azaldu du egunetik egunera bi diziplinek elkarrekin gorputza hartu dutela.

Bisita horietan, ikuslea sartzen den gela bakoitzean interbentzio ezberdinekin topatzen dela esan du Maiak: batzuetan kantua, besteetan dantza: “Erakusketaren hasieratik bukaerarako ibilbide guztian laguntzen diegu beste lengoaia horien bitartez”.

Kontzeptuekin lanean

Kukaiko Alain Maia, Ibon Huarte eta Urko Mitxelena aritzen dira Larbururekin dantzan. Oinarrian Oteiza eta Txillida hartu dituztenez, koreografiak haien kontzeptuen gainean sortu dituzte; besarkadarekin egin dute bat, eta hutsunea eta isiltasunaren gaiarekin beste bat. “Kontzeptu nagusiak hartu baditugu ere, beste koreografia batzuk inprobisazio bidez eginikoak izaten dira, espazioek eta arte lanek ematen dutenarekin jolastuz sortuak”.

Jon Maia emanaldiaren arte zuzendaritzan aritu da batez ere, eta adierazi du zailena izan dela kontzeptuak ondo ulertzea eta “destilatzea”. Kontzeptu nagusiak ondo aztertu ondoren, esan du horiekin haien dantza errepertorioa moldatu behar izan dutela, eta dantza berriak ere sortu dituztela. “Inprobisatzeko tarteak dituzten arren, jakin behar da zerekin jolastu, eta, horretarako, ondo aztertu behar genuen bi artisten lana”.

Gaur egingo dituzte koreografiak ikusteko azken saioak, eta sarrera guztiak salduta daude. Saio bakoitzean, segurtasun neurriengatik, 25 lagun baino ez dira sartzen.

Esklusibotasuna

Eskulturak babesteko eta hiru dantzariek lasai mugitzeko lekua izan dezaten, ikusle kopurua murriztu zuten. “Hasieratik genekien jende gutxik ikusiko zuela, bonboi baten modukoa izango zela, eta horrela tratatu dugu”, dio Maiak. Gaineratu du xumetasunetik landu dutela ikuskizuna, eta erakusketari eman nahi izan diotela garrantzia, argi baitute protagonistak erakusketa eta Oteiza eta Txillida direla. “Erraza izan da emanaldi hau egitea; batez ere, goxotasunetik egin dugulako”.

Gainera, eszenatokirik gabeko emanaldiak izateak gertutasuna bermatzen duela uste du Maiak. Saioak 40 minutukoak dira, gela berean egoten dira dantzariak, musikaria eta ikusleak, eta bidea batera egiten dute amaieraraino. Koreografoaren hitzetan, oso polita izaten da erreakzioak ikustea eta haien hitzak entzutea, gertutik bizitzen dutelako dena: “Normalean, amaitzen dugunean oihala ixten da, eta bakoitza bere aldetik joaten da, gu aldagelara eta ikusleak etxera, baina hemen ez”. Saioa bukatzen denean, ikusleak agurtzen dituztela kontatu du Maiak, eta, horrela, aukera izaten dutela iritziak biltzeko eta haiekin hitz egiteko. Alde hori asko gustatzen zaiela esan du.

Esklusibotasunetik ere bizitzen dutela aitortu du Maiak: “Badakigu hemen bakarrik gertatuko den zerbait dela. Horrek berezi egiten du museoko saio bakoitza”. Bestalde, ikusleek ere horrela bizitzen dutela dio. Horregatik, eta sarrera gutxi direnez, saio bakoitza baino bi edo hiru aste lehenago agortu dira sarrerak.

Chillida eta Oteiza dantzan- Kukai dantza konpainia

Azken emanaldia

Gaurkoa azkena izango da. Hasieratik, lau egun zehaztu zituzten, eta egun bakoitzean, bi saio. Horrek pena pixka bat ematen diola esan du dantzariak. “Oso gustura aritu gara gai honekin, espazioarekin eta formatuarekin lanean, eta pena emango digu azkena izateak”. Gehitu du gustatuko litzaiekeela emanaldi hau egiten jarraitzea, jende gehiagok ikus dezan, eta Oteiza eta Txillidaren diskurtsoak jendeak barneratu ditzan. Horrez gain, azaldu du saioek “ekitaldi kutsua” izatea ere asko gustatu zaiola, bazekitela egiten ari ziren hori eta une horietan bakarrik egin ahalko zutela.

“Museoekin lanean aritzeak xarma du, eta horrelakoak egonkortu egin beharko lirateke”, dio Maiak. Izan ere, dantzariak antzokiz antzoki aritzen dira normalean, eta aitortu du batzuetan toki batean gelditzea gustatuko litzaiokeela.

‘CHILLIDA ETA OTEIZA DANTZAN’

Gaur. Bi saio izango dira: 20:30ean eta 21:30ean, San Telmo museoan, Donostian.