Beñat Gereka: “Duda hori nuen: oraindik ere bada herri arrantzalea Getaria?”

Beñat Gereka: “Duda hori nuen: oraindik ere bada herri arrantzalea Getaria?”

Miren Garate

Getariarra izan arren, itsasoaz ezer gutxi zekiela ikusita erabaki zuen Beñat Gerekak (Getaria, 1988) Itsasoak pizten gaitu dokumentala egitea. Itsasoarekiko ezagutza eta transmisioa galtzen ari diren kezkatik abiatuta ere bai. Gaur izango da estreinaldia, Getarian bertan, Bista Ona gunean, 21:30ean (eguraldi txarra eginez gero, elizan). Urriaren 5ean, berriz, Donostiako Euskal Itsas Museoan emango dute.

Nondik nora etorri zitzaizun Itsasoak pizten gaitu dokumentala egiteko ideia ?

Getariako erretegi bateko semea naiz, eta duela hiruzpalau urte erretegi batzuetakoak juntatu ginen parrillaren ingurua aztertzeko; hau da, parrilla nondik datorren, arrantzaleek nola bizi zuten parrillen eboluzioa… Konturatu ginen parrillena oso ederra eta deigarria dela, baina horren azpitik historia handia dagoela. Har hori hor sortu zitzaidan, eta ikusi nuen nik neuk ere, getariarra izan arren, ez nekiela askorik itsasoari buruz: nora joaten ziren arrantzara, sareak non josten zituzten… Ezagutza faltatik, eta, bide batez, galderak planteatzeko eta hausnarketa egiteko nahitik etorri da dokumentala.

Saregileak, arrantzaleak, gazteak… Hainbat iturri erabili dituzu dokumentala osatzeko.

Itsasoari buruz hitz egiten dugunean, beti ematen du arrantzaleez bakarrik ari garela, baina itsasoak hainbat adar zipriztintzen ditu: genero ikuspegitik begiratuta badago zeresana, migraziotik ere bai, gastronomiatik, historiatik, artetik… Itsasoaren irudi osatuagoa egitea nahi nuen, eta ulertzea, puntu ezberdinetatik, badituela bere argi eta ilunak.

Galdera nagusi bat dago dokumentalean: noiz arte izango den Getaria arrantzale herri bat. Aurkitu al diozu erantzunik edo zein ideia nagusi geratu zaizu dokumentala egin ostean?

Getaria deskribatzean, batez ere komunikabideetan, beti “Getaria, herri arrantzalea” esaten da. Eta duda hori nuen: oraindik ere bada herri arrantzalea Getaria? Orain dela 500 urte bai, baina orain ez dakit zenbateraino garen herri arrantzalea, eta, baldin bagara, noiz arte izango garen. Erantzunik aurkitu dudan ez dakit, baina gutxienez hausnarketarako galdera batzuk planteatu badira, ondo, hori zen helburua: bakoitzak hausnarketa bat egitea nondik gatozen eta nora begira gauden ikusteko.

Zeure sare sozialetan irakurria da Getariako kaleetan arrandegirik ez dagoela jada. Herri arrantzale bat izateko, nahiko paradoxikoa da, ezta?

Getariako moilan badago arrandegi bat, baina, adibidez, adinekoentzat ez da oso eskura geratzen. Kaleetan ez dago arrandegirik, orain dela hilabete batzuk itxi baitzuten azkena, eta uste dut deigarria dela Getaria bezalako herri batean ez egotea arrandegirik. Baina itsasontzietan ere transmisioa mozten ari da; eta arrantzari lotuta dauden beste adar askotan ere bai. Tokiko produktuak zein diren ere ez dakigu. Getarian jaten diren bisigu eta erreboiloak ez dira hemengoak izaten. Alde horretatik, bakoitzak ikusi behar du zer egin dezakeen. Adibidez, aldea dago bertan arrantzatutako arrain bat erosi edo milaka kilometrora arrantzatutako izokin bat erosi.

Eta zer egin daiteke gazteak itsasoari lotutako lanbideetara erakartzeko?

Getariko portura joan eta itsasontzietara begiratuta, afrikarrak nagusi dira. Eta horrek ere merezi du aipamena. Esaten da guri lana kentzera datozela, baina eskerrak haiei, bestela ez zelako erreleborik egongo. Dokumentala ez da arrosa koloreko istorio bat. Esperantzarako galderak bai, baina panorama itsusi samarra erakusten du. Zer egin daitekeen ez dakit, baina, nire ustez, garrantzitsua da txikitatik sartzea harra, portua eta itsasoa bizitzea. Gaur egungo eredu honekin ez da erraza. Denok nahi dugu eroso bizi, eta gazteok beste gauza batzuk bilatzen ditugu. Ondorioz, ezagutza eta transmisioa galtzen doaz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.