“Herriarentzat lan egitea norberarentzat lan egitea da”

“Herriarentzat lan egitea norberarentzat lan egitea da”

Maria Ortega Zubiate

Dena aldatzea posible zela sinesten zuten garaikoa da Anaje Narbaiza (Bergara, 1960). Askatasunaren lehen haizeak sumatu bezain pronto ekin zion euskalgintzan eta herrigintzan mugitzeari, bi horiek beti eskutik lotuta joan izan baitira Narbaizarentzat. Bizi erdia baino gehiago eskaini die batari zein besteari, eta horretan dihardu egun ere, garaiak eta indarrek eskatu ahala.

Bergarakoa zara jaiotzez; Debagoienean egin duzu bizimodua eta militantzia urte luzez. Baina orain Nafarroan bizi zara. Nabaritzen duzu bien arteko aldea?

Egiarretan bizi gara, Sakanan. Igartzen dut aldaketa, bai: hemen, Bergaran, bizi guztian egin dut euskaraz, baina hara iritsi ginenean ez zegoen euskararen arrastorik. Gu lurreratu ginen herri horretan ez zen euskararik entzuten, euskaraz bazekien jendea egonda ere, gazteleraren presioa oso handia baitzen. Gure lehen pausoa izan zen bertan zeuden euskaldunekin euskaraz egitea, modu librean. Hori lortu genuen, eta, orain, bertako gazteak ezkondu direnean, gehiago entzuten da euskara; gauza naturalagoa da, eta pozgarria, noski.

Han bizita ere, astero etortzen zara Bergarara. Lotura hori mantentzen ahalegintzen zara?

Bai, saiatzen naiz lotura mantentzen herriarekin eta familiarekin; niretzat, oinarrietako bat da familia. Familia ikustera eta baserrira etortzen naiz, beti egoten da-eta zeregina. Han bizi naiz, baina nire ehuneko handi bat hemen sortua da eta hemengoa da. Gaur egun, osasunez nagoelako egin dezaket hau: bost egun han, bi hemen. Baina, gerora, Bergara nire jaiotetxe izatetik egotetxe izatera pasatuko da, ziurrenik.

Gaztetatik hasi zinen herrigintzan eta euskalgintzan militatzen. Nondik datorkizu hori?

Kontuan hartu 1975ean Franco hil zela, eta uste genuen mundua aldatzeko gai ginela. Gazte ginen, eta ordura arteko mugak desegin zirela ikusi genuen; gerora ezetz ikusi badugu ere, orduan esperantza oso handia zen. Eskolaz aldatu nintzen, eta eskola berrian nabaritu nuen euskararen presentzia handiagoa zela: ikasgaiak gazteleraz ziren, baina irakasle batzuekin euskaraz egiten genuen berba. Aurreko eskolan euskaraz egiten genuenak eta baserritarrak baztertuta geunden, eta hor egon zen aldaketa: nire barruan euskararen aldeko aldarrikapena piztu zitzaidan.

Zure lehen militantzia esparrua, beraz, euskara izan zen.

Bai. 18 urte nituela, Euskal Herrian Euskaraz martxan hasi zen, eta Bergarako taldean sartu nintzen. Bilerak egiten genituen, batzuk herrian, eta beste batzuk Euskal Herri mailan. Horrelako batean, Txillardegi ezagutzeko aukera izan nuen, eta haren ildoa, euskara erabiltzea arlo guztietan, nire bilakatu zen. Ez dut gauza berezirik egin: nire bizitzan integratu dut euskara. Hortik aurrera, nire ustez modu kontsekuentean, horri jarraitu diot. Hortik datorkit niri militantzia: euskara ama hizkuntza nuen, baina institutuan hura galtzear izan nintzen. Hor piztu zitzaidan kontzientzia.

Euskalgintzatik militantzia politikora ere egin zenuen salto. Nola heldu zinen politikara?

Ikasle mugimenduan sartu nintzen, eta, han, talde arduradun izatea egokitu zitzaidan. Hortik egin nuen salto 1983ko hauteskundeetara. Herri Batasunarekin sartu nintzen herriko udal taldean, oposizioan. 1987an, udal gobernura heldu ginen Jose Luis Elkororekin, eta hurrengoan berriz oposiziora. Oso esperientzia onak eta aberasgarriak eman zizkidan politikako egonaldiak; ez bakarrik hizkuntzaren aldetik, baita herrigintzatik ere. Militantzia horrek zabaldu zidan ikusmira: ikusi nuen zeinen garrantzitsua den ikuspegi zabala izatea. Horretan Jose Luis Elkorok asko lagundu zidan; nire bizitzan oso rol garrantzitsua du, ez bakarrik herrigintzan, baita lanean ere; seguruenik, harengatik izan ez balitz, Elayn ez zen aurrera aterako euskara plana.

Anaje Narbaiza argazki zaharra

Herri Batasuneko udal ordezkarien bilera, 1983 inguruan. Argazkian, ezkerrean, 1983 inguruan, HBko bere kideekin. Harekin batera, ezkerretik: Juan Ramon Aranguren, Juan Mari Elorza Txantxi eta Juan Manuel Minguez.  Anaje Narbaiza

Lan egin duzun enpresaz ari zara. Izan ere, euskara plan aitzindari bat onartu zenuten, eta zu izan zinen arduradunetako bat. Nolakoa izan zen prozesua?

Plan horrek ahalbidetu zuen nire bizitzan horren rol garrantzitsua duena, hau da, euskara, lan munduan ere txertatzea. 1983 inguruan, langileen ordezkari sartu nintzen LABetik, eta beste ordezkari sindikalei galdetu nien ea zer iruditzen zitzaien lana euskaraz egitea. Horrelako plan bat martxan jartzen bagenuen, hurrengo belaunaldietarako prestatuko genuen enpresa, eta oniritzia eman ziguten.

Garrantzitsuena zen enpresak baiezkoa ematea, langileen oniritzia bagenuen eta. Jose Luis Elkorori heldu zitzaion proposamena, enpresako ugazaba moduan, eta 1990erako onartu zuen plana egitea. Ez zegoen horrelakorik inon, eta ez genekien oso ondo zer gertatuko zen. Erabaki hori izan zen, niretzat, euskarak izan duen lagunik handiena.

Eta orduan sartu zen Eusko Jaurlaritzaren laguntza tartean?

Bai. Behin plana martxan jartzeko erabakia hartuta, Eusko Jaurlaritzari eskatu genion plan piloturako azterketa egitea. Guk etxeko azterketa bat egin genuen aurretik, eta kalkulatu genuen 30 urte beharko genituela euskara guztiz txertatzeko; ez ginen guztiz oker ibili, 23 urtean lortu genuen eta! Baina azterketa hori baino serioagoa behar genuen, eta sekulako zortea izan genuen: Elhuyarrek egin zuen Elayko azterketa. Marije Jauregi eta Tere Barrenetxea etorri ziren.

Hiru urterako plan bat egin zuten haiek. Denbora horretan, askok euskara ulertzea lortu ahal genuen; eta horrek ahalbidetuko zuen euskaraz lan egitea. Langileei eman zitzaien aukera: 40 urtetik gorakoek aukera zuten; beherakoek euskara eskolak hartu behar zituzten. Orduan sartzen ziren langile berriek, berriz, euskaraz jakin behar zuten. Egin genuen asanblada bat, eta langileen %95ek baino gehiagok onartu egin zuen. Plana hasi zenean, Agurtzane Loidi izan zen lehen teknikaria, lau urtez; hura eta Elhuyar giltzarri izan ziren oinarriak jartzeko, eta langileek bikain erantzun zuten.

Dena ez da industria zure bizitzan. Zu baserrian jaiotakoa zara. Handik dator ondarearekin eta ingurumenarekin duzun konpromisoa?

Bai. Norbera jaio den lekuko partaide da, eta nik ekarpen txikiak egin ditut. Nik ahoz transmititzen den ondarea izan dut ardatz. Alde batetik, zuraren inguruko arte guztia galtzear zegoela ikusi nuen, eta Bergarako Udaleko ikerketa batean hartu nuen parte. Aukera izan nuen ikusteko nola gure begien aurrean dauden gauzekin, hau da, egurrarekin egindako kontuak galtzen ari diren. Beste aldetik, bideoan jaso nituen, Goiena-rekin eta Belen San Torkuatorekin, erremeixuak. Landareekin egindako zenbait sendabelar dira.

Gaur egungo mundu honek askotan arnasa kentzen dit: munduaren bilakaera handi geratzen zait. Bakoitzak bere ingurua zaintzearekin nahikoa dugula iruditzen zait. Horregatik saiatzen naiz baserrikoa lantzen, oinarri-oinarrizkoa, bertatik bertara.

Bizitza osoa eskaini diozu, zuk diozun bezala, elkartasunari. Zerk bultzatu zaitu?

Neure interes pertsonalak bultzatu nau honetara, herrigintzara; kuriositatea daukat gauza askoren inguruan. Elkartasuna behar da honetarako, noski. Izan ere, gure ingurua ondo bizi bada, gu ere horrela biziko gara; baina txarto badago eta ez badugu ezer egiten, horrek ez du etorkizunik. Norbere txikitasunean poltsara, gizartera zerbait botatzen baduzu, askoz hobeto sentitzen zara. Ez dut sekulako ekarpena egin, egunerokoa baino; baina, nire ustez, hori da handiena. Gainera, momentu guztietan ez daukazu indar bera: zure indarrek agintzen dizute poltsara zenbateraino eman. Poltsara botatzen duzuna segituan jasotzen duzu bueltan; herriarentzat lan egitea norberarentzat egitea baita. Gure ordez inork ez du ezer egingo; gu hobeto bizi ahal izateko egin behar dugu.

Euskalgintza, sindikalismoa, politika… Geratzen al zaizu arloren bat ukitzeko?

Nik uste dut euskarak oraindik ale asko behar dituela laguntzeko, eta lan hori ez dut ahaztuko: horretan jarraituko dut, zalantzarik gabe. Borroka batzuetan sartu izan naiz, eta batzuetan lortu ditugu helburuak, eta besteetan, ez: esaterako, herriko eremu megalitikoa babesteko egin genuen borrokan ez genuen nahi genuena lortzerik izan. Baina beti ikasten da. Garaian garaikoa egin behar dela uste dut; ez duzu zertan beti toki berera bota ahalegina. Milaka gai daude, eta ez naiz guztietara heldu, baina ni irrikan nago gazteek ere hel diezaioten.

Nola ikusten duzu belaunaldi aldaketa?

Ona dator, nik uste. Beti izan dut itxaropena gazteengan. Gure gurasoengandik ikasi genuen, eta aurrera egin genuen, eta berdin egingo dute gure ondorengoek. Gauzak beste modu batean ikusteko aukera dute, beste baliabide batzuk dituzte, eta irakurketak beste era batera egingo dituzte, baina hori gailenduko da. Guk ez daukagu etorkizunari begira ezer esaterik: hori haien esku dago. Nik uste dut oso ondo prestatutako belaunaldia dela, zorionez, eta desberdinak direla, baina transmisioa nahi nuke ikusi, eta batzuetan ikusten dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.