Herriari begirako kaia helburu

Gipuzkoako kostaldeko zenbait herritan auzokoek salatu dute herriko portua pribatizatzen ari direla. Mutrikun, portuaren luzapenak eta haren etorkizunak piztu dute kezka; Donostian, berriz, kaia herritarrengandik esku pribatuetara pasatzeak eta ondarea galtzeak.

Maria Ortega Zubiate

Kostaldeko herriak itsasoak egiten ditu herri; haren inguruan eratu eta antolatzen dira, eta hura dute, sarri, inspirazio iturri eta bilgune. Itsasoa eta haren inguruan sortutako eremuak —naturalak zein gizakiak egindakoak— toki nagusi bilakatzen dira herri horietan: tartean, kaiak edo portuak. Azken urteotan, zenbait herritako elkarteek salatu dute herriko erdigune zirenak gutxi batzuen eskuetan dauden gune bihurtu direla, eta kezka dute, uste baitute interes pribatuak jarri dituztela herriko ondarearen eta ingurumenaren zaintzaren gainetik. Gipuzkoako kostaldeko bi muturretan, Mutrikun eta Donostian, badago egonezin hori, eta zenbait herritar bildu egin dira herritarrena den ondarearen aldeko aldarria plazaratzeko.

“Kaia beti izan da guretzat batzeko eta jolasteko leku bat; bertakook bertan ikasi dugu igeri egiten, familiak beti izan gara han”, dio Itziar Leon Donostiako Alde Zaharreko auzo elkarteko kideak. Kaia Donostiako gune nagusi bat izan den arren, orain, hesitzen ari direla salatu dute, eta sarbidea mugatua dutela, giltza dutenak baino ezin baitira sartu. Mutrikun ere egoera antzekoa dela esan du Joxe Mari Ulazia Danborzaleak elkarteko kideak: “Mutrikuko bizi guztiko portua gaur egun kirol portu dago bihurtuta, giltzapean dago. Bakarrik ontzien jabeak sar daitezke. Portu inguru guztia hesituta dago, giltzapean”.

Badira ia bi hamarkada Mutrikuko portua eraldatzen hasi zirela; 2010ean, ordea, diru arazoak zirela medio, portuko obra bukatzeke utzi zuten. Jakin berri dute orduko proiektua berriz martxan jarriko dutela, eta hautsak harrotu ditu herritarren artean, ordutik pairatzen ari diren ondorioak areagotzerik ez dutelako nahi: “Lehen genuen hondartza natural eta garbia betiko galtzea, oraindik ere, ulertezina egiten zaigu”. Batetik, ingurumenean izan dezakeen eraginak kezkatzen ditu, eta itsas faunan, mendietako harrobietan eta beste “kalte nabarmenak” sortuko dituela ere salatu dute elkartekoek.

Baina, horrez gain, egin nahi duten proiektuak herriaren ohituretan ekarriko lukeen aldaketa jarri du elkarteak bere aldarrikapenen muinean: “Natura bizitzea eta itsasoaz disfrutatzea gure eskubidea da, ez gara inor itsasoarekin izan dugun harremana ondorengo belaunaldiei ukatzeko”, azaldu dute Danborzaleak taldeko kideek.

Mutrikuko Udalak azaldu du proiektua ez dela berria, bere garaian amaitu gabeko obraren jarraipena baino. “Portuko dikea amaitzea beti egon da Eusko Jaurlaritzaren nahien barruan”, azaldu dute udaleko iturriek.

Etorkizuna jakiteke

Mutrikuko proiektu berriak, ezagutarazi den parteak bederen, ez du esaten portuaren pribatizazioa areagotuko denik. Egun dagoen dikea ehun metro luzatzeko proiektua biltzen du, eta, horretarako, 19 milioi euroko aurrekontua du. Ulaziaren hitzetan, batez ere dike berri horrek ekarriko dituen ondorioekin du lotura beren kezkak: “Gure susmoa da dikea luzatu egin nahi dutela sortzen den itsas eremu zabal horretan kirol portu berri bat izateko”. Eta uste dute balizko kirol portuak baldintzatuko lukeela gaur egun portua inguratzen duen eremua: “Igerilekua, arrapala, moila, bainugune zoragarria da. Gu ez gaude prest kirol portu baten mesedetan hori guztia zementuz betetzeko”.

Mutrikuko Udalak kirol portua egiteko asmoaren zurrumurruak baztertu ditu, eta adierazi du oraindik erabakitzeke dagoela zer gertatuko den portuarekin: “Dikea amaitzean, portu barruko ordenamenduaren plan berezia egin beharko da, bere garaian portu zaharrean egin zen bezala”.

Egoera horrela egonda, dikearen inguruko galdeketa egin dezala eskatu dio Danborzaleak elkarteak udalari, “ahal bezain laster”. Eta horretarako asmoa erakutsi du udalak: “Portuko plan bereziaren ondorengo lanketan herriaren iritziak eta nahiak garrantzi handia izango dute. Portuaren eta herriaren arteko loturaren inguruan gogoeta egin beharko da, eta herriak hitza izango du”.Hala ere, kasu horretan ere, ez daude guztiz ados, Ulaziak salatu baitu udalak galdeketa egin nahi duela dikearen ehun metroak luzatu eta gero: “Luzatu eta gero nahi du udalak egin, eta herritarrok denon artean zer egin daitekeen aukeratu. Baina guk diogu luzapenak erabat baldintzatzen duela etorkizuna; azpiegitura eginda daukagunean, erabat baldintzatzen duzu gero etorriko den kirol portua, esate baterako”.

Erreferenduma orain egitearen beharraz galdetuta, Mutrikuko Udalak azaldu du ia ezinezkoa dela obra geldiaraztea, baina erreferenduma egiteko prest agertu da: “Udalak ez du inongo oztoporik jarriko erreferenduma egiteko, eta, hori egiteko prozedura guztia betez gero, aurrera eramango du, nahiz eta jakin antzua izango dela. Galdeketak eta erreferendumak oso aberasgarriak eta beharrezkoak dira”.

Apurkako aldaketak

Donostian zein Mutrikun, bietan daukate antzeko sentsazioa: aldaketak apurka-apurka joan direla gauzatuz, dena batera egin beharrean, horrela talka ez dadin izan hain handia. Leonek jakinarazi du urtean-urtean leku gutxiago utzi dutela Donostiako kaian auzotarrentzat, eta gehiago bertan ontzia duten jabe pribatuentzat. “Ikusten dugu auzoko eta gozatzeko leku izatetik kirol portu bihurtu nahi dutela, pribatizaziora jo dute”.

Alde Zaharreko auzo elkarteko kideek bilerak izan dituzte kaiko arduradunekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. “Baina ez genuen gauza handirik lortu, beti legera jotzen dute”, esan du Leonek. Legea muturrera eramatea ez da zilegi elkartearen ustez, baina horri bakarrik begiratuz gero ere, auzokideek arrazoiaren zati bat badutela dio: “Legearen barruan dago ondarearen erabilera mantentzea ere”.

Oreka bilatzearen alde agertu dira auzo elkarteko kideak, baina ez dute ikusi kaiko negozio eta erakundeek horrelakorik nahi dutenik. “Guk beti errespetatu izan dugu arrapala itsasontziak botatzeko dela. Portuko negozioentzat erosoagoa da arrapala itxita egotea, ez dute-eta jendeari kentzeko esaten ibili behar”, esan du Leonek. Arriskuak aipatu izan dituzte erakundeetako ordezkariek gunea ixteko, baina arrisku horiek “aitzakia” direla gehitu du hark: “Balizko arrisku horiek oso ondo etortzen zaizkie, baina hori ez da kontua. Oreka bilatu behar da lasaitasunaren, negozioen eta auzo bizitzaren artean”.

Mutrikun ere hesitzea gutxinaka egindako kontua dela dio Ulaziak; izan ere, azken hogei urteetan obra geldirik izan eta gero, orain berriz dira ekitekoak hasierako planari. Dikea bere horretan soilik ez, haren inguruan azpiegitura berriak etorriko direla ere uste dute: “Egungo portua pribatizazio argia da. Horri gehitzen badiozu aparkalekuak egin beharko dituztela itsasontziak dituztenentzat, nora goaz? Bizi guztian publikoa izan den eremua gutxi batzuen eskuetan geratuko da. Eta horren kudeaketa sozietate anonimo batek izango du. Edozer gauza etor daiteke etorkizunean”.

DOnostiko kaiko hesia

Kontzientzia zabaltzen

Kontu zaharra bezain berria dira portuetako arazoak; zaharrak, denbora baitaramate aldaketak nabaritzen, eta berriak, aldaketek ez dutelako etenik. Mutrikuko kasuan, iragarpenaren datak ere haserretu ditu Danborzaleak elkartekoak: hogei urte baino gehiago dauzka proiektuak, baina aurtengo uztail bukaeran ezagutu dute azken pausoa. Udan izan dute, beraz, horren berri, eta badakite ez dela garai ona jendea mobilizatzeko.

Hala ere, abuztuaren 28an deitu zuten elkarretaratzea portuko moilan, eta berrehun lagunetik gora bildu ziren. Jendearen erantzuna “ona” izan dela dio Ulaziak: “Elkarretaratzea nahiko dotorea izan genuen. Duela bi hilabete hasitako kontua izateko, pozik egoteko moduan gaude; jende askoren kontzientziatze maila hor agertzen da”.

Donostian ere lanean ari dira auzo elkarteko kideak, eta aurtengo uztailean ere bildu dute jendea arranpala parean, haren pribatizazioa salatzeko. Udako hilabeteen eragina nabaritu dute, eta aitortzen dute horrek zerikusia duela, agian, beren mezua horrenbeste jenderengana ez heltzean. Dena den, irailean elkarrizketak abiatuko dituzte kaiko erakunde eta negozioekin, eta beren borrokan aurrera egitea espero dute: denentzako kaia helburu.