Edurne Ayuso: “Uste baino jende gehiago etorri zen kobazuloa garbitzera”

A. Imaz

Aste honetan eman dio amaiera Alkizako Udaleko kultur teknikari ibilbideari Edurne Ayusok (Itsasondo, 1977). Olatzazpi leizea auzolanean garbitu zutenean, Alkizan, ardura horretan zegoen Iruran bizi den itsasondoarra.

Alkizan, Olatzazpi kobazuloa auzolanean garbitzea erabaki zenuten. Nondik sortu zen ekintza hori egiteko ideia?

Alkizan bada udal ordezkari bat historiazale amorratua dena: Jose Maria Aranzabe. Besteak beste, artxibo guztiak irakurtzea gustatzen zaio, zaletasun hori dauka. Orduan, Jose Migel Barandiaran eta haren ikerketa taldea Alkizan izan zirela kontatu zigun. Kobazuloetan indusketa lanak egin omen zituzten, eta giza hezurrak eta zeramika ere aurkitu omen zuten. Jose Mariak esan zigun zerbait egin beharra zegoela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboarekin jarri ginen harremanetan. Alkizan zer aurkitu zuten galdetu genuen, eta material garrantzitsua topatu zutela baieztatu genuen.

Zein izan zen hurrengo urratsa?

Aranzadiko arkeologia saileko arduradunarekin hitz egitea: Jesus Tapiarekin. Etorkizun batean indusketarekin jarraitzea gustatuko litzaigukeela esan genion, baina ez genekiela merezi ote zuen ala ez. Hark baietz esan zigun, eta Olatzazpiko kobazulotik hastea gomendatu zigun. Nonbait, Barandiaranek eta haren taldeak bertan indusketak egin zituztenean oso azaleko lanak egin zituzten. Gehiago arakatuz, beraz, aurkikuntza berriak egiteko aukera egon zitekeela aipatu zigun Aranzadiko kideak.

Lehendik ezagutzen al zuen Alkizako ingurunea?

Bai, aurrez bertan ibilia zen, duela hamar bat urte edo. Bazekien Olatzazpin sekulako kuxidadea zegoela, eta, gurekin hitz egin ondoren, berriro itzuli zen hara. Zabor gehiago zegoela ikusi zuen: ganadu hezurrak, bizikleta zaharrak… denetik. Okerrena, ordea, uralitaren presentzia zen.

Produktu toxikoa da uralita, ezta?

Hala da, eta horrek kezka sortu zigun, ez genekielako aurrera egiterik izango ote genuen. Berriro aldundiarekin jarri ginen harremanetan, Jesus Tapiak lagunduta, eta esan ziguten hori ezin zuela edonork garbitu, espezializatutako enpresa batek atera beharra zeukala. Horretarako pauso batzuk eman beharra zeuden, eta aurrenekoa salaketa bat jartzea zen.

Non jarri zenuten salaketa?

Hernaniko ertzain etxean. Hain zuzen ere, gu izan omen ginen lehenengoak horrelako salaketa bat jartzen, ingurumenaren aurkako delitu batena. Kontuak kontu, salaketa jarri ondoren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoari esker, enpresa batek Olatzazpin zegoen uralita kendu zuen. Orduan erabaki genuen kobazuloa auzolanean garbitzea.

Nolakoa izan zen jendearen erantzuna?

Auzolana oso polita izan zen. Kobazulo bat garbitzera, hor zulo batean sartzera, nor etorriko ote zen pentsatzen genuen hasieran. Baina sekulako erantzuna jaso genuen. Herriko jendeaz gain, kanpotik ere etorri ziren. Haurrak, helduak… adin guztietakoak elkartu ginen. Jesus Tapia eta Akerbeltz espeleologia taldeko Iñaki Alonso Indio ere gurekin izan ziren egun horretan. Auzolana arazorik gabe egin zedin, aurrez Olatzazpira joan ziren, sartu-irtenak erraztu ahal izateko. Batak zein besteak egindako lana benetan eskertzekoa da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.