Egiei argi egiteko lehen pausoa

Egiei argi egiteko lehen pausoa

Maria Ortega Zubiate

Aurreko astean egin zen publiko albistea: ETAko militante Joxe Benito Mujika Xenki zarauztarra eta Mikel Martinez de Murgia Murgi sopuertarra (Bizkaia) exekutatu egin zituztela ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzak. Zortzi urteko ikerketaren ondoren heldu da aitortza, eta Xenkiren arreba Izaskun Mujikak esan du “aho zabalik” gelditu zirela exekutatu egin zutela aitortu dutenean: “Sinestezina da. Bazen garaia”. Erabakia ospatu egin dute etxean, eta esker oneko agertu dira Egiari Zor fundazioari, eta ikerketa bultzatu duten Lekeitioko Udalari eta Jaurlaritzari. Baina anaiarena lehen pauso bat baino ez dela argi du Mujikak, eta bide horretan jarraitu behar dutela: “Izugarrizko pausoa da. Baina zenbat dauden horrela… Oraindik lan pila bat geratzen da egiteko. Ea pixkanaka lortzen dugun”.

Aurten bete dira 50 urte Xenki eta Murgi Lekeition (Bizkaia) hil zituztenetik, eta urteurrenarekin batera heldu da Jaurlaritzaren aitortza. Ekainean izan zuten horren berri, Jaurlaritzako ikerketa batzordeak 46 biktimen zerrenda egin zuenean; horien artean sei hildako zeuden. Biktimen izenak, datuak babesteko legearen ondorioz pribatuak baziren ere, zarauztarrarena eta Murgirena publiko egitea erabaki zuen Egiari Zor fundazioak. Fundazioak jakinarazi du txostenak argi erakusten duela ordura arteko bertsio ofiziala ez zela egia —tiroketa batean hil zituztela—, eta Guardia Zibilak hil zituela. Datu horiek publiko egitearen garrantzia azpimarratu du Mujikak, uste baitu kasua jakinarazteak etorkizuneko biktimen aitortzan lagun dezakeela.

Hain zuzen ere, esan du antzeko egoera bizi izan dutenek beregana jo dutela dagoeneko prozesuaz galdetzeko. Ez da prozesu azkarra izan: 2016an Lekeitioko Udalak Gogora institutuari eskatu zion ikertu zezala gertatutakoa. “Mahai inguru bat egin genuen Lekeition, eta udalari eskatu genion mugitzen hasteko”, dio Mujikak. “Zarauzko Udalak ere eskatu zuen ikerketa hori, plenoak onartu zuelako anaia biktima zela”. Ordutik, Jaurlaritzaren esku egon da ikerketa, eta prozesua ez da “goxoa” izan: “Ikerketak oztopo izugarriak izan dituela dakit, txostena egin dutenek esanda”. Txostenak jasotzen dituen 46 biktimen izenak publiko egin ez diren arren, apurka-apurka jakiten joango direla uste du Mujikak, ingurukoek jakinaraziko dituztelako.

Gaiaren inguruan sekulako isiltasuna dagoela dio. Egoera ulertzen duela onartu du, jende asko beldurrez dagoelako. “Jende asko oraindik isilik dago, torturekin bezala: batzuek hitz egin dugu, baina beste askok, ez. Oso zaila da”.

Anaiaren hilketaren gordina gogoratu du Mujikak: “Gorpua ez ziguten erakutsi. Eta hori guretzat, anai-arrebontzat, gogorra izan bazen, amarentzat are gehiago”. Gainera, gorpua Zarautzera eramateko urtebetez aritu behar izan zuten “borrokan”: “Gogoratzen naiz zenbat bidaia egiten genituen Lekeitiora. Urtebetera, hainbeste borrokatu ondoren, lortu genuen gorpua Zarautzera ekartzea”.

Herriaren babesa

Anaia hil egin zutela aitortu arteko prozesu “gogor” horretan guztian alboan izan dituztenei esker oneko hitzak baino ez dizkie eskaini Mujikak: “Egiari Zorri eta Lekeitioko Udalari oso eskertuta gaude, eta, batez ere, Lekeitioko herriari. Haiek izan dira hau egia izatea lortu dutenak”. Gaineratu du Lekeitioko herriak belaunaldiz belaunaldi jarraitu duela familia babesten. “Haiek hilketa bizi egin zuten, eta hori transmititzen jarraitu zuten. Korrikan, esaterako, kilometro bat hartu genuen Xenki eta Murgiren izenean, eta sekulako babesa jaso genuen”.

Urtero omenaldia egin dute Lekeition. Aurtengoa berezia izan da: hilketaren 50. urteurrena izateaz gain, Xenki eta Murgi Guardia Zibilak exekutatu zituela aitortu berri baitute. Egiari Zorrek antolatu zuen ekitaldia, eta Lekeitioko Udalak ere omenaldia egin zien senideei. “Lehen harrera udaletxean egin ziguten. Gero, omenaldi herrikoia. Oholtza jarri zuten hil zituzten etxeen parean. Goiko kaleko etxeak ikustea beren ikurrinarekin, lore eskaintza… Oso hunkigarria baina oso gogorra”.

Herritarrak, herriko sendagileak eta anaia eta Murgi hil zituzten kaleko bizilagunak ezinbestekoak izan dira egia argitara ateratzeko: lehenak, haien babesari eta presiori esker gauzatu delako ikerketa; bigarrenak, testigantzekin ziurtatu dutelako bi etakideak exekutatu egin zituztela. Garaiak aldatu direla dio Mujikak, egun babesa zabalagoa dela, baina ez du ahazten bidean ondoan izandakoak.

Errespetua zor denei

Erakundeen lana ere eskertu du Izaskun Mujikak, baina uste du gehiago egin zezaketela. “Garai hartan egin genituen bidaia guztietan Zarauzko EAJkoak gurekin izan genituen, baita herriko bikarioa ere. Orain, Lekeitioko Udalari eskertzen diot horrenbeste pauso eman izana. Baina alderdi bera dago Jaurlaritzan, eta gehiago egin behar dute han, batzuen alde egiten dutelako”. Jaurlaritzak terrorismoaren biktimei egiten dien harreraz ari da, aurten ez baitu egin: “Urtero, Jaurlaritzak harrera egin du biktimentzat, eta aurten ez du egin. Egia ez da alde batekoa bakarrik, denok sufritu dugu. Denok gara pertsona, eta errespetu bat zor zaigu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.