Pili Alkorta: “Proiektu berriak ditut esku artean; ez nau nekatzen margotzeak”

Pili Alkorta: “Proiektu berriak ditut esku artean; ez nau nekatzen margotzeak”

Nerea Uranga

60 urte baino gehiago daramatza Bartzelonan bizitzen Pili Alkortak (Zestoa, 1932), baina udararo jaioterrira itzuli ohi da egun batzuk pasatzera. Maite du Zestoa. Haurra zeneko eta gaztaroko oroitzapen politak ditu; orduan hasi zen lehen arrastoak marrazten, baita aurreneko pintzelkadak egiten ere. Alkortak hainbat koadrotan jasoak dituen Zestoako eta inguruko toki asko desagertuta daude egun. Orain gutxi, herritarrek utzitako Alkortaren hainbat lan erakutsi dituzte Zestoako udaletxean.

Bizitza erdia baino gehiago Bartzelonan egin arren, jaioterria ez daukazu ahazteko, ezta?

Ez, ez, hemengo jendea ona da, eta garai batean denok oso harreman ona genuen. Zestoan bizi izan nituen urteetako oroitzapen zoragarriak ditut. Garai hartan, Zestoan udak oso interesgarriak izaten ziren. Kanpotik jende asko etortzen zen bainuetxera, eta oso pertsona inportanteak etortzen ziren Madrildik, Bartzelonatik, Aragoitik eta Portugaldik. Gure amak taberna eta gozotegia zituen herrian, eta, ezkondu aurretik, etxeko negozioan egiten nuen lan, gozotegian. Bi anaiak, berriz, tabernako mostradorean aritzen ziren zerbitzari. Oso oroitzapen onak ditut; telebista eta horrelako ezer ez geneukan, baina oso ondo pasatzen genuen.

Margotzen ere sasoi hartan hasi al zinen?

Haurra nintzela hasi nintzen marrazten, neure kasa. Etxean genituen aldizkariak hartu, eta haietan ikusitakoa kopiatzen nuen arkatzarekin. Mojetan ikasi nuen, eta eskolan marrazketarako ordua gozamena zen, ikasgai zoragarria zen niretzat hura.

Lehen marrak, arrastoak, orduan egin zenituen. Eta handik aurrera nola garatu duzu zure jarduna?

Gaztea nintzenean, korrespondentzia bidezko marrazketa ikastaro batean eman nuen izena, eta perspektiba-eta lantzen hasi nintzen. Gero, ikastaroa utzi eta Zaragozara joan nintzen ikastera; Arte eta Ofizioetako eskolara joaten nintzen arratsaldeetan, eta goizetan marrazketako akademiara, buruak-eta marrazten ikastera. Akademian gustura ibili nintzen, baina Arte eta Ofizioetako eskolan ez zidaten ezer irakatsi: asto bat jartzen ziguten, aurrean natura hila, eta irakasleak “segi, segi” besterik ez zigun esaten. Gabonak iritsitakoan Zaragoza utzi eta Zestoara itzultzea erabaki nuen. Gero, Bartzelonara bizitzera joan ginenean, Parramon argitaletxera eraman ninduen senarrak. Aurkikuntza zoragarria izan zen hura, pintura irakasteko argitalpenak egiten zituzten, dena ederki azalduz, koloretan… Argitalpen haiei esker ikasi nuen argi-itzalak margotzen.

Zestoako eta inguruko txoko asko dituzu margotuak. Batzuk, gainera, dagoeneko desagertuta daudenak.

Donostian osaba bat nuen, marrazkilari profesionala zena; gero, Venezuelara joan zen bizitzera. Aurreneko aldiz harekin atera nintzen margotzera, Zestoako zubi baten ondora. Egun hartan hark esan zidan nik egindako lanaren kolorea ondo ikusten zuela. Ondoren, osaba harekin eta Juan Egiguren margolariarekin Getariako arratoia [San Anton mendia] margotzera joan ginen. Egiguren Zarautzen bizi zen, eta margolari ezaguna zen, uda guztietan erakusketa jarri ohi zuen Euromar hotelean. Lehen irteera haiek egin ostean, neure kasa ibili nintzen herrian eta inguruetan gustuko tokiak margotzen. Urolako trenean joaten nintzen batera eta bestera, Arroara, Zumaiara… Gustuko lekuren bat aurkitzen nuenean, hantxe jartzen nuen aulkia, eta pintatzen hasten nintzen. Bertatik bertara, tokian bertan, egiten nuen zirriborroa, eta, gero, etxean bukatzen nuen koadroa. Gerora, ordea, argazki kamera eraman izan dut soinean, eta margotzeko gustuko gairen bat ikusitakoan argazkia ateratzen diot, eta ondoren, etxean, nire erara, interpretatzen dut mihisean.

Erretratuak ere lantzen dituzu, ezta?

Bai, erretratuak margotzea ere atsegin dut. Lan horietan pertsonen espresioa jasotzea nahi izaten dut; begirada eta begiak dira inportanteenak. Erretratu gehienak pastelarekin egin izan ditut, eta olio pinturarekin, paisaiak. Hala ere, badut senarraren erretratu bat olioarekin egina, eta, orain, bi biloben erretratuak ere egin ditut modu horretan. Zailagoa da, baina olioarekin landu nahi ditut erretratuak orain.

Gaztaroan, Bartzelonara bizitzera joan aurretik, Gipuzkoako margolari berrien erakusketan eta emakume margolarien erakusketan parte hartu zenuen zure lanekin. Gerora ezagunak egin ziren beste hainbat margolarirekin batera erakutsi zenituen zure koadroak. Ordutik, apenas egin duzun erakusketarik. Zergatik?

Ez dudalako pintura lanbide gisa hartu. Margolari berrien erakusketari buruzko aipamen bat argitaratu zuten orduko egunkari batean, eta idatzi zuten etorkizuna zuen margolari bat nintzela. Erakusketako beste kideek margotzen jarraitu zuten gero; nik, ez.

Zergatik?

Ez dakit esaten. Ezkondu eta hiru seme-alaba izan nituen, eta, agian, horregatik izan daiteke… Familiari eskaini nion denbora. Behin umeak hazi zirenean, denbora gehiago nuen niretzat, eta margotzen hasi nintzen berriro. Parentesi bat izan nuen, bai. Baina orain margotzen segitzen dut, koadro asko ditut bukatzeko, eta esku artean proiektu berriak ere baditut. Ez nau nekatzen margotzeak, eta osasuna lagun dudan bitartean jarraituko dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.