Berriro jaiotzeko saioa

Azken Muga jaialdia martxan dago Zarateko lepoan, eta bihar temaskala egingo dute. Amaren umetokia irudikatzen du, eta barne lana egiten da bertan parte hartuz.

Imanol Garcia Landa

Mexikoko jatorria duen nahuatl hizkuntzan, temaskal hitzak ur beroaren etxea esan nahi du. Azken Muga jaialdiaren barruan lehen aldiz egingo dute temaskala. Bihar eguerdian izango da saioa, Tolosako Bedaio auzoaren eta Azkarate (Nafarroa) artean dagoen Zarateko lepoan, zuhaitzez inguratuta.

Jose Luis Ramirezek prestatu eta gidatuko du temaskala. Mexikarra da izatez, eta Iruñean bizi da. Temaskalak amaren umetokia irudikatzen duela esan du Ramirezek. “Barruan sartzen zara, eta, ateratzen zarenean, egiten den lana da berriz jaiotzea”. Astean zehar estruktura eginez joan dira, iglu formakoa, banbu makilekin. Makilak gurutzatuz, goialdean zortzi puntako izarra sortzen da. Gero mantekin-eta estali egiten da. Saioa hastean, estrukturaren barruan, erdian, zilborra deitzen dioten espazio bat dago, eta bertan harri beroak sartzen dituzte. Harri horiek temaskalaren kanpoan egiten den su batean berotzen dira. Behin harri beroak temaskal barrura sartu eta zilborrean uzten direnean, zenbait belarrekin egindako infusio bat botatzen zaie, eta baporea igo egiten da; horrek beroa sortzen du temaskalaren barruan.

Saioaren bitartez egiten den lana, kantuen laguntzarekin, norberaren barruko lan bat sortzeko dela dio Ramirezek: “Bertatik ateratzean, fisikoki beroak eragiten du toxina asko botatzea, eta, barruari begira, norbere prozesu mental eta izpiritualean aldaketa bat izaten da”.

Saioak bere egitura du, harriak lau atetatik sartzen baitira. Lau zati daude, eta zati bakoitzean ate ezberdin batetik sartzen dira harriak. “Ate bakoitzak elementu batekin du zerikusia: lurra, ura, sua eta airea”, esan du Ramirezek, “eta zati bakoitzean elementu bakoitza lantzen da”.

Mexikon, jatorrian, emakume erditu berrientzat izaten zen temaskala, edo norbait gaixo zegoenean bertan egoteko. Azken Mugan egingo duten modua, AEBetako indiarren inipia eta mexikarren temaskalaren arteko uztarketa da. Hamabost bat lagunentzako lekua izango da biharko saioan, eta, parte hartzeko, izena eman daiteke Instagrameko @azkenmuga22 kontuaren bidez edo azkenmugaproiektua@gmail.com helbidera idatziz.

Artea eta natura bat eginik

Azken Muga kultur jaialdiaren zazpigarren edizioa da aurtengoa. Zarateko lepoan aire librean artelanak jartzeaz gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Aurreko asteburuan hasi ziren, eta asteburu honetan eta hurrengoan izango dute jarraipena. Gustura daude orain arteko ekitaldiak nola joan diren ikusita, Uxue Lasa antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez: “Eguraldiak asko lagundu zuen, eta jendea oso gustura egon zen. Adin guztiko jendea izan zen”. Guillermo Piqueroren Mariren sabelean hitzaldia eta horren inguruko mappinga, Iker Pirisen kontzertua, Gaspi-k gidatutako meditazioa tibetar katiluekin eta Abraham Cupeiroren kontzertu-solasaldia antzinako haizezko instrumentuekin izan ziren, besteak beste, asteburuko ekitaldiak. “Jende asko ez da izaten, baina helburua ez da hori, baizik artistengandik gertu egotea”, zehaztu du Lasak.

Europan horrelako jaialdi asko egiten direla gaineratu du Lasak, natura eta kultura uztartuz. “Artea betiko tokietatik atera eta naturara egokitzen den moduan egitea da ideia”. Zarateko lepoaren basoan, aire librean, bederatzi artelan jarri dituzte, eta hamalau artistak parte hartu dute; horietatik 11, emakumezkoenak dira. Artelanetako bat E3 Euskal Emakume Eskultoreak kolektiboko kideek egin dute. Lasak berak ere artelan bat jarri du: “Nik nahiko lan surrealistak egin ditut. Araizko ibarrarekin beti lotura izan du sorginkeriaren ideiak, eta, hortik abiatuta, emakume bat sua hartzen ariko balitz bezala egin dut, zuhaitzetik gora doazen tanta moduko batzuekin eta oinen ordez sustraiak dituena”.

Lepoan bertan dago Zaratetxea —aspaldi batean mikeleteen etxea zen—, eta han dago Erresistentzia izeneko erakusketa, 30 bat artelan txikirekin. Asteburuetan irekitzen dute, eta hilaren 24ra arte egongo da ikusgai. Aire librean dauden artelanak ere hor bueltan kenduko dituzte, naturak hondatuko ez dituen zatiak behintzat.