‘Dorian Gray’, tokiko hizkeretan

‘Dorian Gray’, tokiko hizkeretan

Josune Zarandona

Aitor Arana idazle eta itzultzaile legazpiarrak Oscar Wilde idazle irlandarraren Dorian Grayren erretratua eleberria azpieuskalki guztietara itzultzeko proiektu bat du esku artean. Dagoeneko zaraitzueraz, azpeitiarrez eta goierritarrez argitaratuta dago. Eta euskara batuko bertsioa “lehenagokoa” dela oroitu du Aranak: “Lehendabiziko bertsioa Elkarrek argitaratu zuen, 1980ko hamarkadan, Bittor Hidalgok euskaratua”. Harrezkero, beste bertsio batzuk ere izan ditu Dorian Gray-k; besteak beste, Aranak berak 2001ean itzulitako bertsio laburtua. Ez ditu guztiak berak itzuli: beste euskalkizale batzuk ere aritu dira lan horretan. Azaldu duenez, “oso mugimendu polita” sortu da euren artean.

Imanol Azkoitia azpeitiarrak eta Aitor Azpiazu ormaiztegiarrak egin dituzte azpeitiarrezko eta goierritarrezko bertsioak. Biek ala biek “lan bikaina” egin dutela uste du Aranak. Izan ere, tokiko hiztun onak daudenean, haiek aurkitzen saiatzen da itzulpenak egiteko, “egokienak haiek direlako”. Aranak itzulitakoetan —zaraitzuerazkoan, esate baterako—, egiten “ausartu” dela dio, “jadanik hiztunik ez dagoelako aldaera horietan”.

Dorian Grayren erretratuak eleberriak nerabe zenetik erakarri du Arana. “Sailkatzen zaila da, gogoetarako bidea ematen duena. Zirikatzaile handi samarra zen Oscar Wilde, eta alde horretatik ere interesgarria da “. Euskalkigintzan badira gisa horretako aurrekariak, XIX. mendean Louis Lucien Bonapartek ebanjelioari eta doktrinari buruz egindakoak, kasu. “Bonapartek euskalkien lehendabiziko sailkapena egin zuen. Oso lan ederra egin zuen San Mateoren ebanjelioa euskalki askotara itzulita. Guri altxor ederra utzi zigun”, azaldu du.

Hala ere, Aranak uste du Bonaparteren testuak “oso astunak” direla eta “publikoarengandik urruti samar” daudela. Horregatik, erlijiozkoa ez den literatur lan bat azpieuskalki guztietan edukitzea “gauza ederra” izango litzatekeela pentsatu zuen. “Bostehun urte barru Dorian Grayren erretratua euskalki ezberdinetan irakurtzen dutenengan pentsatzen ari naiz. Egundoko altxorra izango da. Guretzat gaur egun Bonaparteren San Mateoren Ebanjelioak irakurtzea bezala”.

Gorde, ondorengoei uzteko

Izan ere, proiektu honen helburua ez da liburuak saltzea, galbidean dauden euskararen aldaera horien bilketa lan bat egitea baizik. Aranak esan duenez, “normala” da galtzea: “Euskara galdu eta birsortu egin da historian askotan”. Ez da hori euskararen kasua soilik, “aldaerak eta dialektoak beti sortuz eta desagertuz ibiltzen dira hizkera guztietan: italierari gertatu zaio, eta baita japoniera ere”.

Euskara batuaren eta euskalkien artean zenbaitetan gizartean sortu den eztabaidaz galdetuta, esan du azken urteetan asko apaldu dela tirabira hori. “Bakoitzak bere esparrua dauka. Elkarrekin bizi dira hizkera eta aldaera horiek, eta elkarri eragiten diote. Uste du euskara batua “oso egokia” dela euskara ikasi nahi dutenentzat, administraziorako, telebistarako… Azpieuskalkiek, berriz, “etxean, kalean eta abar” dutela tokia zehaztu du. “Hortik kanpo oso interesgarria da euskara batua jakitea”.

Harago, uste du euskara batuari beste aitortza bat ere zor zaiola. “XX. mendera arte —demagun, 1975era arte—, bertako euskara galtzen zen lekuetan ez zen ezer geratzen; hau da, gaztelaniak edo frantsesak erabat ordezkatzen zuten euskalkia, eta euskara erabat desagertzen zen. Zorionez, euskal herritarron kontzientziari esker, horri galga jartzea lortu genuen. Gaur egun euskalkiak galdu edo desagertzen diren tokietan euskarak bizirik jarraitzen du batuari esker”.

Aranaren lan oparoa

Ez da hau Aranak euskalkigintzan egin duen lan bakarra. Asko dira euskalkietan oinarrituta egin dituen hiztegiak eta ikasliburuak, adibidez. Literatur sorkuntza mardula ere badu. 24 urterekin argitaratu zuen bere lehendabiziko liburua: Azkonarraren laguna (Elkar, 1987), Donostiako Bilintx saria irabazita. Ordutik, luzea da haren argitalpenen zerrenda. Batez ere, haur eta gazte literaturan aritzen da, eta noizbehinka helduentzako eleberriak ere argitaratzen ditu. Arana euskarazko literatura erotikoa gehien landu duten idazleetako bat ere bada.

Sormen lanez gain, itzultzaile gisa ere egin du ibilbidea. Besteak beste, euskarara, gaztelaniara, ingelesera, alemanera eta esperantora itzuli ditu hainbat lan. Izan ere, Euskal Herrian esperantoaren inguruan inor aditurik bada, Arana da azpimarratu beharreko bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.