Esku hutsik dauden familiak

Esku hutsik dauden familiak

June Romatet Ibarguren

Azken urteetan, Hego Euskal Herrian jaiotza tasek behera egin dute. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) egindako azterketen arabera, beherakada nabarmenena Gipuzkoan izan da: iazkoarekin alderatuz, %8ko beherakada lehen hiruhilekoan, 101 haur gutxiago. 1941ean hasi ziren datuok aztertzen, eta aurtengo lehen hiruhilekoko datuak dira inoizko baxuenak.

Horrez gain, Eustatek argitaratutako datuen arabera, amen batez besteko adinean ere aldaketak izan dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40 urte edo gehiago dituzten amak %12,6 dira, eta iazko lehen hiruhilekoan %9,8 ziren. Hurrengo adin tartean ere igoera izan da: 35 eta 39 urte bitarteko amak 0,9 puntu gehiago dira. 30 eta 34 artekoa 3,4 puntu jaitsi da, eta 25 eta 29 adin tartekoa, 1,6.

Datu horiek, ordea, bizirik dauden haurrenak dira. Eustaten arabera, lehen hiruhilekoan, zazpi haur jaio ziren hilda Gipuzkoan. Esku Hutsik elkarteko kideek garrantzia eman nahi diete jaio baino lehen, jaiotzen ari zirela edo jaio eta gero hildakoei. Elkartea iaz sortu zuten, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan haurrak galdu dituzten familiak elkartzeko asmoz, baita haien bizipenei ikusgaitasuna emateko asmoz ere. Maria Gonzalez elkarteko lehendakariak esan du kideen artean badaudela haurdunaldi hasieran haurra galdutako familiak, baita 14 hilabeterekin haurra galdutako familiak ere: “OMEk haurren heriotza gisa kontatzen ditu 22. astetik 41.en astera bitarte hiltzen direnak, baina lehen hiruhilekoan hildakoak eta jaioberriak kanpoan uzten dituzte”.

“Askotan esan ohi da amaren adinak eragiten duela haurra galtzean, baina hori ez da horrela izaten”, esan du Gonzalezek. Nahiz eta amaren adinak gora egitean haurdunaldiak arriskutsuagoak izan daitezkeen, elkarteko lehendakariak kontatu du denetariko familiak direla Esku Hutsik-en parte. Elkartean haur bat edo gehiago galdu dituzten familiak daude, ama gazteak direnak eta helduagoak direnak, eta denek igaro behar izan dute doluaren prozesutik. Estatistiken arabera, lau emakumetik batek bizi behar izaten du horrelako egoeraren bat.

Adinak haurraren heriotzarengan eragin handirik ez badu ere, Gonzalezek esan du normalean ama helduagoentzat zailagoa izaten dela doluaren prozesua. “40 urte ingururekin galtzen baduzu, zailagoa izango da berriro haurdun gelditzea, noski; beraz, dolua bikoitza izaten da”. Hala ere, azpimarratu du familia horiek ez dutela beti beste haur bat nahi izaten, eta ez dutela izan beharrik: “Bakoitzak jakiten du beste haurrik nahi duen; nahiz eta hil egin den, beti kontatzen dugu familiako bat bezala”.

Familia horientzat garrantzitsua da beren haur hori jaiotako haur moduan kontuan hartzea, askotan, nahiz eta hilik egon, erditu behar izaten baitute.

Formakuntzaren beharra

Familien arteko babesa emateaz gain, elkartean formakuntzak ere ematen dituzte. Publiko orokorrari zuzendutako formakuntzekin hasi ziren, baina hainbat emaginek eta medikuk saio horien beharra ikusi zuten, eta arlo profesionalekoekin ere egiten dituzte saioak.

“Formakuntzak beharrezkoak dira, horrelako kasuak gertatzen direnean profesionalek familiei behar duten laguntza eman ahal izateko”, esan du Gonzalezek. Azaldu du horrelako egoera askotan medikuak zer egin jakin gabe gelditzen direla, eta formakuntzekin bideak ematen dizkietela.

Gainera, elkartetik baliabideak ere sortzen dituzte. Adibidez, manta txiki batzuk josten dituzte hilik jaiotako haurrak biltzeko. “Merkatuan ez dagoenez haien tamainako ezer, oihal xurgatzaileetan edo altzairuzko erretiluetan eramaten zaizkie haurrak familiei, eta hori ezin da onartu”, esan du lehendakariak. Horregatik, haiek sortutako oihalak ospitaleetan banatzen hasi dira.

Ondo azaldu beharra

Formakuntzak eta baliabideak arlo profesionalean zabaltzeaz gain, etxean gaia ondo lantzeaz ere arduratzen dira. Elkarteko familia batzuetan badira haurrak, eta Gonzalezek dio beharrezkoa dela horiei ondo azaltzea beren anai-arrebak hil egin direla. Uste du heriotzaren gaia gizartean ikusezina izaten dela, eta hori amaitu behar dela.

Gaia gizarteratzeko bide ezberdinak hartu dituzte elkartean; txikienentzat, adibidez, bi kideren artean liburu bat argitaratu dute. Bestalde, azken hilabeteetan, herriko jaietako artisau azoketan aritu dira gaia zabaltzeko postua jartzen. Gonzalezek esan du bertan egoten direnean jendea hurbiltzen zaiela, eta askotan gertuko norbaiten egoera kontatzen dutela, jendeak barruan duena askatzen duela. Gainera, jendeak eskuz egindako gauzak saltzen ere aritzen dira, elkartearentzat dirua lortzeko. Igande honetan, Urretxun jarriko dute postua.

“Sare sozialei ere garrantzi handia eman diegu, eta gauza asko publikatzen ditugu”. Horien bitartez jendearengana iritsi nahi dute, horrelako egoeran dagoen jendeak babesa izan dezan eta elkartearengana jotzeko beldurrik izan ez dezan.

Laguntza behar duen edonork aukera du sareen bitartez elkarteko kideekin harremanetan jartzeko. Horrez gain, Gonzalezek adierazi du informaziorik behar izanez gero haien posta elektronikora idazteko: eskuhutsik@gmail.com helbidera. Telefonoa zuzendaritzako kideek izaten dutela ere azaldu du: “Lasai deitu 722822039 telefono zenbakira, eta esku zabalik hartuko zaituztegu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.