Txikiagoek ere badute lekua

Txikiagoek ere badute lekua

June Romatet Ibarguren

Atlantikaldiaren lehen aldia 2014. urtean izan zen, eta helburu konkretu batzuekin sortu zuten: Errenteriaren itsas memoria berreskuratzeko, herria mundura begira jartzea eta mundua herrira begira jartzea. Aurtengoa atzo hasi zen, eta igandera arte izango da. Leloa Itsas Kodeak da, eta, besteak beste, kultura ezberdinetako tailerrak, ikuskizunak eta kontzertuak eskaintzen ari dira Errenterian.

Urtero egiten duten jaialdian sorkuntza, musika, dantza, artea eta eragileen arteko elkarlana izaten dira nagusi. Horien bitartez, munduko kultura ezberdinetako jendea topatzen da, elkar ezagutzen dute, eta dantzak, ohiturak eta janariak partekatzen dituzte.

Urtetik urtera, jendea elkartzen da kontzertuak entzun, tailerretan parte hartu eta giroa bizitzeko. Aurtengo taldeen artean garrantzitsuena Tanxugueiras Galiziakoa da. Kolinga, Les Amazones d’Afrique, La Albany, España Circo Este eta Palmerita Coco Blue ere arituko dira.

Talde handiek ere lekua izaten dute Errenteriako plazetako agertokietan. Baina badira hainbat artista musikaren munduan tokia egiten saiatzen ari direnak eta aurten Atlantikaldian kontzertua eskainiko dutenak. Horien artean daude Ilargi Arrizabalaga lezoarra eta Julen Leturiondo eibartarra.

Arrizabalaga haurra zenean hasi zen musika munduan; trikitia ikasi zuen, euskal dantza ere egiten zuen, baita antzerkia ere. “Ondoren, trikitiaz pixka bat nekatu nintzenean, gitarra klaseekin hasi nintzen, eta hor ikasi nuen nola egiten ziren abestiak”, esan du Arrizabalagak. Bere abestietan lanean jarraitu zuen, eta iazko maiatzean Killasisa diskoa argitaratu zuen.

Leturiondok ere antzeko ibilbidea izan zuen. Hasieran pianoa ikasi zuen, ondoren abesten hasi zen, eta gero gitarra eta panderoa ikasi zituen. Instrumentu asko ikasten aritu zela dio Leturiondok: “Denetarik ikasten aritu naiz, denetatik nuelako zerbait ikasteko, bakoitzak zerbait eman didalako”. Profesionalizatzen hasi zen duela bi urte. Lehen kontzertua eman zuen Leturiondok, eta Julen proiektuarekin lanean jarraitu zuen.

Bi artistek, nahiz eta ez daramaten denbora asko, tartea izango dute Atlantikaldian. Bakoitzak bere ibilbidea egin du jaialdira iristeko. Izena emateko epe bat irekitzen dutela azaldu du lezoarrak: “Tarte bat irekitzen dute urtero. Ni hiru aldiz saiatu naiz, eta ez nuen espero aurtengo baiezkoa”. Eibartarra, berriz, Kutxa Kulturren parte denez, Katapulta Tour izeneko zirkuitu baten barruan dago, eta Atlantikaldian jotzeko tokia lortu zuen.

Musikaren zirkuituan barna

Bihar emango du bakoitzak bere kontzertua, eta biek esan dute urduritasuna nabari dutela. “Atlantikaldiak garrantzi handia hartu du azken urteetan, eta bertan jotzeak bertigoa ematen du, noski”, esan du Leturiondok. Arrizabalagak ere aitortu du beldur pixka bat ematen diola: “Tanxugueiras bezalako talde bat zeu ere egongo zaren kartelean ikusteak inpresioa eragin zidan”. Horrez gain, biek diote emanaldiaren eguna larunbata izateak presio handiagoa eragiten diela, “jende gehien egoten den eguna izaten delako”.

Urduritasunak urduritasun, azaldu dute Atlantikaldian parte hartzea aukera handia dela. Gaur egun jaialdia kulturalki garrantzia hartzen ari denez, eta jende asko biltzen denez, aukera gisa ikusten dute. Uste dute artista txikientzat musikaren munduan pauso txiki bat izan daitekeela, jaialdiak apustua egiten duelako, talde ezagunak ekartzeaz gain, hain ezagunak edo hasi berriak diren batzuei aukera emateko.

“Musikaren industriak zirkuitu bat du, oso itxia izaten dena eta beti artista berdinak daudena, eta horrelako aukera bat izateak esperantza pixka bat ematen du”, esan du Arrizabalagak. Leturiondok gaineratu du beharrezkoa ikusten duela horrelako jaialdietan gazteei edo artista berriei zuzendutako tarte bat izatea, asko ikasten baitute horrela: “Iristen zara horrelako agertoki handi batera, eta teknikariarekin nola hitz egin ikasten duzu, produkzio aldetik zer behar den ere ikasten duzu, zer behar dituzten eta abar”.

Ukitu batzuekin

Bakoitzak prest du bere emanaldia, eta ukitu berezi batzuk sartzeko saiakera egin dute. Ilargi Arrizabalagaren udako azken kontzertua izango da, eta urrian diskoa grabatzen hasiko da. Beraz, emanaldian, Killasisa diskoko abestiak jotzeaz gain, berri batzuk ere abestuko ditu. Bertsioak ere kantatuko ditu kontzertua osatzeko, eta, horrela, ziklo bat amaituko du, eta disko berrian jarriko du arreta.

Julen Leturiondok kontzertua ikuskizun moduko zerbait bihurtuko du, jaialdiaren giroarekin bat egiteko asmotan. Bandaren konpainian joko du, eta azaldu du ez dituela berdin ikusten normalean ematen dituen kontzertuak eta Atlantikaldikoa; beraz, pixka bat aldatu egingo duela.

9. aldia du Atlantikaldiak. Eskaintza kultural handia izango da Errenterian; bi artista haiena barne. Leturiondok eta Arrizabalagak jendea animatu nahi dute euren kontzertuak ikustera, gogoz baitaude eszenatokira igotzeko: “Eskaintza handia dago, eta badakit herrian jendea egongo dela. Beraz, espero dut kontzertua ikustera animatuko direla”, dio Leturiondok. Harekin bat egin du Arrizabalagak, eta gehitu espero duela joango denak gozatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.