Itsasoaren krudeltasunaz

Hondarribiko Ttopara kultur elkartearen ekimenez, ‘Itsasoan’ erakusketa ikus daiteke herrian, Itsas Etxea auditoriumean, datorren ostegunera arte.

Ane Mendizabal

Itsasoa, arrantza eta tragedia eskutik joan dira beti. Arrantzaren alorrean, batez ere XX. mendetik aurrera, hobekuntza handiak egin badira ere, horiek ez dira nahikoak izan tragediak eragozteko. Itsasoaren krudeltasuna presente egon da beti: 1601. urteaz geroztik, 583 arrantzale hondarribiar hil dira itsasoan. Itsas langile horien ausardiari balioa emateko, lan baldintza gogorrak ikusarazteko eta une ilunetan inguruko herrietatik iritsitako elkartasuna goraipatzeko Itsasoan izeneko erakusketa aurkeztu du Hondarribiko Ttopara kultur elkarteak. Hori da, hain zuzen, elkarte horren helburuetako bat: Hondarribiko kultur ondarea zabaltzen laguntzea. Herriko Itsas Etxea auditoriumean ikus daiteke, hilaren 29ra arte.

Aspaldiko kronika baten kopia bat jasotakoan hasi zen dena. Elkartean, San Luis baporearen galdararen leherketaren albistearen kopia jaso zuten, 1921ekoa. Duela bi urte inguru izan zen hori, eta, orduko hartan, ez zuten irudikatu egun ikerketak hartu duen ez tamaina, ezta forma ere. “Umea handitu egin zaigu”, azaldu du Ttopara kultur elkarteko kide Floren Portuk. Hasieran elkartearen aldizkarirako artikulu bat egitea pentsatu zuten, baina kronikan bertan hilabete batzuk lehenago gertatutako beste leherketa baten erreferentzia topatu zuten: Bi Anayak baporearen galdararen leherketarena. Bi hari horiei tiraka, istripuen zerrenda handi batekin egin zuten topo.

Datuak bildu, kontaktuak egin, laguntzak eta baimenak eskatu… Porturen esanetan, prozesua luzea izan da. Jarraibide horretan, ikerketa lau itsasontzitara mugatzea erabaki zuten, “itoko ginenak gu izango ginen bestela”.

Iaz aurkezteko asmoa

Elkartearen lehen asmoa erakusketa iaz aurkeztea zen. 2021ean zen San Luis eta Bi Anayak baporeen hondoratzearen 100. urteurrena, eta Santa Gema III itsasontziaren 60.a. Baina pandemiak dena hankaz gora jarri zuen.

Costantino Chiquia baporearen istorioa izan zen laukotea osatzen azkena. 1913. urtean, Hondarribiko barran, itsas kolpe baten ondorioz hamabi marinel ontzitik erori eta uretan hil ziren. Tragediaren hurrengo egunean, argazkilari bat agertu, eta irudi horiek Madrilgo bi egunkaritan argitaratu ziren. Zoriz, albisteen kopia bana zituen hondarribiar batekin egin zuten topo: “Oso material indartsua da. Gorpuak kaira nola hurbildu zituzten ikusten da, bata bestearen ondoan jarrita”.

Ttoparako kideek garrantzi berezia eman diote datuak material bisualarekin aurkezteari. Horren adibide dira prentsa orrialdeak. Material berezia izateaz gain, garaian kokatzeko eta arrantza albisteen trataera nolakoa zen argitzeko balio du. “Kontuan izan behar dugu Constantino Chiquia 1913koa zela, eta Lehen Mundu Gerra 1914an hasi zela. Bi Anayak eta San Luis 1921ekoak dira, Lehen Mundu Gerra amaitu eta gerokoak”.

Hildakoen zerrenda luzea

Jose Ignacio Goikoetxeak eta Fermin Olaskoagak osatu zuten 1601. urtetik gaur egun arte itsasoan hildako arrantzaleen zerrenda. Beren kabuz ari ziren lanketa hori egiten. Ttopara kultur elkartea haiekin kontaktuan jarri, eta erakusketarekin bat egin zuten. “Guretzat opari bat izan da hori”. Zerrenda luzea da. Nabarmena da horietako bakoitzaren heriotzak herrian eragin handia izan zuela: “Ez zen bakarrik jendea itsasoan hiltzen zela. Familien egoera ere kontuan hartu behar zen. Garai batean ez zeuden egun dauden laguntza ekonomikoak. Bildu ditugun dokumentuek erakusten dute arrantzale bat hiltzen zenean tokian tokiko udalek inguruko udalei diru laguntzak eskatzen zizkietela”.

Hildako horien guztien artetik bat nabarmendu dute: 1961eko Santa Gema III itsasontziaren hondoratzea. Bertan hil zen Joxe Tife Aseginolaza. Erakusketa osatzeko, gertakari horren gaineko dokumental bat landu dute: Beñardo Lazkanotegiren eta Joxe Tiferen bi semeren testigantzak jasota daude, besteak beste, ikus-entzunezkoan. Lazkanotegi une hartan ontzian zegoen 14 urteko mutiko bat zen, eta itsasoratzen zen lehen aldia zen, “grabatuta geratu zitzaion, eta barkuan balego bezala kontatzen du”. Grabazioa gogorra izan zela onartu du Portuk: “Tarteka hunkitu egiten ziren”. Dokumentalak indar handia du. “Une hura berriz ere biziko balute bezala kontatzen dute”, zehaztu du Portuk.

Hilaren 17ko dokumentalaren estreinaldiaren ondoren, solasaldi bat egin zuten. Koldo Ortega historialariak eta Beñardo Virto arrantzale jubilatuak (hark halaxe aurkeztu zuen bere burua) parte hartu zuten. Virtok kontakizunak, anekdotak eta entzundako istorioak kontatu zituen, Ortegak horiek testuinguruan jarri eta solasaldia gidatzen zuen bitartean: “Oso giro polita sortu zen, familiartekoa”.