Neskak, futbolean tokia egiten

Neskak, futbolean tokia egiten

June Romatet Ibarguren

Gorakada nabarmena izan du nesken futbolak azken urteetan. Realeko nesken garaipenak eta Irabazi arte-ren gisako telesailak eredu bihurtu dira Gipuzkoako neska gazte askorentzat. Horregatik, eta nesken kirola gehiago babestu delako, urtetik urtera gehiagok ematen dute izena beren herri edo bailaretako futbol taldeetan.

Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak esan duenez, urtero goraka doaz nesken izen emateak, nahiz eta hobera egin dezaketen oraindik: “Gipuzkoako federazioan 82 klub daude izena emanda, eta horietatik ia 50etan nesken taldeak dituzte”. Lizentzia guztiak kontuan hartuta, neskenak %18 dira, eta, lehendakariak azaldu duenez, nahiz eta gutxi direla ematen duen, egoera hoberenean dagoen probintzia da: “Araba, Bizkaia eta Nafarroan baino hobeto gaude. Katalunian, adibidez, asko bultzatzen dituzte neskak futbolean jokatzera, baina %8 inguruan bakarrik daude”.

Gipuzkoako futbol federazioan izena emanda dauden 3.500 nesketatik 151, Aiztondo neska kirol taldekoak dira. Futboleko eta boleiboleko taldeak ditu Tolosaldeko bailara horretako klubak, eta, hilabete askoan lanean aritu ondoren, maiatzean aurkeztu zuten. Billabona taldeko eta Zizurkilgo Danena taldeko zuzendaritzak elkartu ziren, eta nesken taldeak bultzatzeko klub berri bat sortzea erabaki zuten.

Aiztondo klubeko lehendakari Ane Lasak esan du lehenago ere bazegoela neska talderen bat bi klubetan, baina elkarte berri bat sortu eta deialdia egitean neska asko agertu zirela. “Ez genuen bi klubetako batean bakarrik bultzatu nahi; horregatik, klub berri bat sortu genuen”. Gaineratu du agian neskena bakarrik izango zen klub berri bat sortzeak lasaitasun bat eman diela izena eman duten askori, eta horregatik elkartu direla hainbeste.

Espero baino gehiago

Sorreran ez zekiten zenbat neskak emango zuten izena, baina ikasturtea hasterako bederatzi talde sortu dituzte. “Benjaminetan, alebinetan, infantiletan eta kadeteetan bi talde ditugu bakoitzean, eta seniorretan, bat”, kontatu du Lasak. Gainera, azpimarratu du gazteen taldeak egoteak pozten dituela, baina senior taldea sortzea ez zutela espero: “Ez da erraza izaten adin horretako jendea bat-batean taldean sartzea, eta talde osoa ateratzea izugarria izan da”.

Futbol federazioko kideak ere azken urteetako gorakadarekin pozik daudela esan du Diazek: “Kategoria bakoitzean bi maila ditugu, gutxienez. Neska asko direla esan nahi du horrek”.

Aiztondon bezala, beste hainbat klubetan neskak gehitzen ari dira, eta Gipuzkoako federazioko buruak esan du espero dutela zifrek goraka jarraitzea. Aurrera begira, bi helburu dituzte federazioan: dauden taldeei eustea eta horien egoera hobetzea.

Egoerak hobera egiteko, adibidez, Gipuzkoako nesken seniorren ohorezko mailan marrazainak jartzea erabaki dute. “Orain arte, euskal [EAEko] federazioak ez ditu jarri, kostu bat dakarrelako, eta guk gure gain hartu dugu kostu hori”.

Nesken kirolean hobekuntzak nabari direla esan du Lasak, eta ez dela futbolean bakarrik nabari: “Guk hasieratik kirol talde moduan aurkeztu genuen Aiztondo, eta duela gutxi neska talde batek boleibol taldea ateratzeko eskatu zigun”. Zuzendaritzako kideak elkartu ziren, eta, bideragarria zela ikusi zutenean, taldea sortu zuten. Klubaren sortzaileentzat garrantzitsua da neskek kirolean lekua izatea, baina, horrez gain, herrietako berdintasun planak lantzeko beharra dagoela ere azpimarratu du Lasak.

Nesken taldeek gora egiten duten bitartean, entrenatzaileen artean oraindik neska falta dagoela esan du Manu Diazek. Horrekin bat egin du Ane Lasak, eta azaldu du eurek ere neskak bultzatzeko eta entrenatzaile titulua ateratzeko baliabideak eskaini dizkietela orain entrenatzen ari diren neskei. Gipuzkoako federazioak eta Realak ere hitzarmen bat egin dute neska entrenatzaileentzat ikastaro ofizial bat garatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.