Gure ileak

Leire Narbaiza

Masha Aminiren heriotza salatzeko Iranen izan diren protesten irudiek bete dituzte sare sozialak. Emakumeak beloak eranzten, erretzen, ile luzea mozten… kale erdian zein etxeetan. Hunkigarriak egin zaizkigu askori. Beste batzuek, ostera, Mendebaldearen propagandatzat hartu dituzte. Jakina, eurei inoiz ez dietelako burua estaltzeko obligazioa inposatuko!

Egia da Khomeinik Irango Islamiar Errepublika ezarri zuenean emakumeak txadorra erabiltzera derrigortu zituztela, eta AEBetan eta Mendebaldean erabili zela aitzakia Iranen aurka egiteko. Saudi Arabian, aldiz, emakumeek ia ez daukate eskubiderik, gorputz osoa estali beharra dute, baina ia inork ez du ezer esaten horren kontra, aliatua delako. Geopolitikaren kaka ustela.

Aurreko irudiak ikusita, beste imajina batzuk ere etorri zaizkit burura: Afganistango emakumeak ihes egin nahian talibanak Kabulen sartu aurretik, zetorkienaren beldur, eta Siriaren menpe dagoen Kurdistanen ISISetik askatutakoan emakumeek nola erantzi eta erretzen zituzten euren jantzi eta buruko beltzak.

Adatsak ezin erakutsi hori ez da bakarrik islamean gertatzen, gutxienez hiru erlijio monoteistetan ere existitzen da. Emakume judu ortodoxoek ilea gorde behar dute. Ez beti paineluz, askok ileordeak erabiltzen dituzte erosoagoa delakoan. Andrazko katolikoek mezatara joateko mantelina jantzi behar zuten duela 60 urtera arte, Vatikanoko II. kontzilioak derrigortasuna kendu zuen arte. Esango nuke eliza kristau ortodoxoetan oraindik andreek buruan zapia eroan behar dutela.

Mojak ere askatu ziren asko belotik, abituak minimizatu eta mimetizatu zituzten, eta tokak kendu. Azkenean kaleko jantziekin ibiltzen hasi ziren. Eskolan gure belaunaldiak bizi izan zuen gure irakasle erlijioso horien eraldaketa. Eurek ere gustura kendu zituzten buruko estalkiak.

Umetan aldaketa horiek bizi izanda, asko harritzen nau (eta batzuetan ikaratu ere bai) ikusteak gure kaleetan gero eta ume gehiagok daramatela zapia. Pasa den astean 5-6 bat urteko neskatxoak zeroala ikusi nuen, eta 10 bat urtekoek gero eta gehiagotan. Batzuek esaten dute askatasuna dela, baina ez dut uste neskatila horien hautua izango denik. Ez da politikoki zuzena esan behar dudana, baina badakit gure herrietan zenbat presio jasaten dituzten zapia eroan nahi ez duten emakume musulmanek. Batzuetan aukera da, baina askotan familiak, imamak eta gertukoek inposatutakoa.

Bai, gure depilazioa bezala. Inork ez gaitu derrigortzen besapeak depilatzera, edota hanketako ileak erauztera. Nire moduan, asko depilatzearen kontra gaude, baina hazi gaituzten eragatik geure buruak ez digu lagatzen sudurretik beherako ilajea erakusten.

Zer obsesio, ezta? Zer du gure ileak? Gerra Zibilaren ostean ere, emakume errepublikarrei frankistek ilea larru-arras mozten zieten zigortzeko eta markatzeko, beste tortura eta eskarnio batzuen artean. Abuztu honetan bertan Kanadako Lisa LaFlamme telebistako kazetaria lanetik bota dute ile zuria uzteagatik.

Zergatik trastornatzen dituzte hainbeste erlijioak eta gizartea gure adatsek eta tximek? Zer dela-eta naturala eta ederra dena estali, erauzi eta tindatzeko betebeharra? Zentzatu eta kontrolatzeko modua delako, agian? Otzan eta burua makurtuta nahi gaituztelako?

Leave a Reply

Your email address will not be published.