Aldaketarako pisuzko tresna

Aldaketarako pisuzko tresna

June Romatet Ibarguren

Hamar urtean baino gehiagoan lanean aritu ondoren, Donostian martxan da haurren gehiegizko pisua tratatzeko Pausoz Pauso programa. Bi nutrizionista —Amaia Perales eta Garbiñe Aizpuru— eta bi pediatra —Irene Ozkoidi eta Elena Alustiza— daude egitasmoaren atzean.

12250080

Gipuzkoan, haurren %30ek baino gehiagok dute gehiegizko pisua. Mediku bakoitzaren arabera, desberdinak izaten ziren hori kontrolatzeko edo tratatzeko metodologiak, eta Alustizak esan du 2011n hasi zirela gai hori lantzen, haren hitzetan lehenago haurren gehiegizko pisua lantzeko moduak ez baitziren “oso egokiak” izaten: “Lehen, gutxiago jateko esaten genion haurrari, baina horrek ez zuen eraginik izaten, haurrak frustrazioa besterik ez baitzuen izaten”.

Alustizak eta Ozkoidik ez zutenez metodologia horrekin jarraitu nahi, ikertzen hasi ziren. 2011n bertan, Perales eta Aizpuru ezagutu zituzten, aurretik gehiegizko pisuaren inguruan hainbat lanketa egin zituzten bi nutrizionista. Gainera, urte berean, Biodonostia osasun ikerketarako lehen euskal institutua ireki zuten. Alustizak azaldu duenez, Perales eta Aizpururekin elkarlanean eta Biodonostiaren laguntzarekin jarri zuten martxan proiektua.

Urtebete geroago, 30 haurrekin aritu ziren programa frogatzen, eta 2014an Biodonostiak deitu zien Europako antzeko ikerketa baten inguruan lanketa bat egiteko. Ingalaterrako, Greziako, Alemaniako eta Portugaleko talde batzuekin eta berrogei bat familiarekin lanean hasi ziren, gehiegizko pisuaren arazoa landu eta 2 motako diabetesa aurreikusi asmoz.

Ikerketa hura amaitu zutenean, emaitzak “positiboak” zirela ikusi zuten proiektuaren sustatzaileek, Pausoz Pauso programa martxan jar zitekeela. “Iaz, Espainiako pediatria arloko aldizkaririk garrantzitsuenak argitaratu zuen gure programa, eta horrela ezagutarazi zuten”, esan du Alustizak. Ezezko asko jaso eta gero, Donostiako Udalak finantzatu zien programa azkenean, eta Osakidetzak koordinatuko du.

Donostiako 9 eta 14 urte arteko haur eta gazteentzat sortu zuten programa. Diziplina anitzekoa da; hau da, bizimoduan, dietan, jarduera fisikoan eta jokabide aldaketetan oinarrituta dago. Familian eta taldean egiten da saioa, eta intentsiboki lantzen dute, gaur egungo ikerketa zientifikoen oinarriak kontuan hartuta.

Donostiaren garrantzia

Lau kideek pasa den apirilaren 28an jarri zuten martxan Pausoz Pauso programa. Donostiako Udalak utzitako bi gelatan hasi ziren lanean: Urgullen eta Ulian. Bederatzi saio egin zituzten, eta lau, zortzi eta hamabi hilabete geroago kontrolak egin zizkieten haur eta gazteei.

Alustizak zehaztu du proiektua Donostian garatzeak jende gehiagorengana iristea berma dezakeela: “Donostia udalerri handia da, gazte asko ditugu, eta, beraz, kasu gehiago egon daitezke. Gainera, programa udaletxean landuko dugunez, jendea erraz irits daiteke bertara”. Pausoz Pauso doako programan parte hartu nahi duten familiek euren osasun zentroko pediatrarengana jo behar dutela gogoratu du Alustizak, eta handik bideratuko dituztela guztiak.

Programa hamabi saiotan egituratu dute; hemezortzi ordu denera, bi fasetan banatuta: fase trinkoa, astean ordu eta erdiko saioak bederatzi astez jarraian, eta indartze fasea, beste hiru saiorekin. Saio bakoitzean bi talde osatuko dituzte, bata nerabeena eta bestea gurasoena, eta eskola ordu eta ingurunetik kanpo egingo dituzte guztiak.

Familien ohiturak aldatzea da programaren helburu nagusia: gurasoek eta haurrek ohitura osasungarriak barneratzea, eta, horren bidez, pisua galduz joatea. Pediatrak, baina, argi utzi du helburua ez dela pisua galtzea. “Ohitura osasungarrien ondorio bat litzateke hori”. Horri esker gaixotasun batzuk ere eragotzi daitezkeela gaineratu du Alustizak: “Metabolismokoak, diabetesak eta kolesterol altua, esaterako”.

Jateko ohiturak aldatzeaz gain, ariketa egitera bultzatuko dituzte parte hartuko duten familiak. Alde horretatik, programaren sortzaileek diote Donostiak erraztasunak eskaintzen dituela. “Edonoren eskura eta gertu daude itsasoa, mendiak, bidegorriak eta beste hainbat baliabide. Jendea motibatu egin dezake horrek”. Familiekin “urtebeteko harremana” egingo dute programari esker. “Baina espero dugu ohiturek betirako irautea”, zehaztu du Alustizak.

Pediatrak azaldu du Donostiako Udalaren finantzaketa “beharrezkoa” izan dela proiektua garatzeko, eta beste herri edo eskualde batzuetara zabaltzea gustatuko litzaioke: “Beharrezko programa bat da, eta haur eta gazteen egoera hobetu dezakete saio hauek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.