Euskaraldia prestatzen

Euskaraldia prestatzen

Miren Garate

“Maratoia egiten den egunetan, sekulako giroa egoten da herrian”

Haritz Salaberria
Lasarte-Oriako Ttakun elkarteko kudeatzailea

Hainbat hazitatik erne zen Euskaraldia orain dela lau urte, eta Lasarte-Orian egiten duten Euskararen Maratoia izan zen horietako bat. 1986an antolatu zuten lehen aldiz, eta aurten ere egingo dute, hamargarren aldiz: urriaren 22an eta 23an izango da. Maratoi horretan sortu ziren, besteak beste, Euskaraldiak hain ezagun egin dituen ahobizi eta belarriprest rolak. Gainera, Haritz Salaberria Ttakun kultur elkarteko kudeatzaileak esan du aurtengoa “maratoialdia” izango dela maratoia beharrean, urriaren 22an hasi eta Euskaraldia amaitu arte iraungo baitute jarduerek, hau da, abenduaren 2ra arte.

Hain zuzen ere, aktibazio ariketa bat da Euskararen Maratoia. Ttakunek eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen dute, lau urtean behin —oraingoa 2020an tokatzen zen berez, baina, pandemiagatik, aurten arte ez da egin—. 40 orduko egitarau bat prestatzen dute beti, larunbatean 08:00etan hasi eta igande gauerdira arte. Bost minutu baino gutxiagoko isiluneekin —gauean barne—, etengabe izaten dira era guztietako jarduerak: kontzertuak, elkarrizketak, dantza, herri kirolak… Ikastetxe, eragile, artista eta abarrek parte hartzen dute. “Zortzikotea deitzen zaion talde bat dago, eta hura da oholtzaren ardura duena edo programazioaren zati handi bat gidatzen duena”. Lasarte-Orian jaio, bizi eta lan egiten dutenek izaten dute maratoian parte hartzeko aukera.

Sentitu, pentsatu, ekin! aukeratu dute lelotzat hamargarren aldi honetarako, eta, Salaberriak azaldu duenez, horrekin du lotura aipatutako “maratoialdiak”. Izan ere, hiru fasetan banatu dute ariketa. Sentitu fasea deitu diote maratoiari berari. Ttakun elkarteko kudeatzaileak nabarmendu du maratoia egiten den egunetan “sekulako giroa” egoten dela herrian, arrakasta handiko egitasmo bat baita. Maiatz alderako hasten dira prestatzen. “Oro har, gaur egun asko kostatzen da jendea biltzea, baina herritarrek hasieratik esaten dute baietz maratoiko lantaldeetarako”.

Hura amaitzean, Pentsatu faseari ekingo diote. “Urriaren 24tik azaroaren 17ra, hizkuntza asertibitatean entrenatuko gara kolektiboki, hizkuntza ohiturak aldatu eta konplexuak alde batera uzteko”. Aurrerago jakinaraziko dute zehatzago nolakoak izango diren prestakuntza saio horiek, baina Salaberriak iragarri du umoretik tira egingo dutela. Euskaraldia bera izango da hirugarren fasea edo Ekin! fasea.

Beste urte batzuetan, herrian neurketa batzuk egiteko ere baliatu izan dute maratoia; aurreko Euskaraldian, berriz, nerabeen hizkuntza ohiturak aztertu zituzten, eta liburu bat osatu zuten ateratako ondorioekin. Aurten ez dute halakorik egingo. “Aurten gozatzeko urtea da”, esan du elkarteko kudeatzaileak.

“Eusleen rola indartzeko premia ikusten dugu”

Maddi Juanitorena
Donostiako Euskaraldiko koordinatzailea

Euskaraldiko trebakuntza saioak

Hirugarren Euskaraldia izango da aurtengoa, eta, aurreko biak aztertuta, Maddi Juanitorena Donostiako Euskaraldiko koordinatzaileak esan du “eusleen rola indartzeko premia” ikusten dutela, besteak beste. Horretan lagundu nahi dute Euskaldunon Ahalduntze Eskolek. Gipuzkoan, Donostian, Tolosan eta Errenterian antolatu dituzte, eta Bizkaian, Getxon. Eskola “euskara hutsean bizi nahi duen edozeinentzat eta horretarako oztopo batzuk sentitzen dituenarentzat” dagoela antolatuta esan du Juanitorenak. “Ez dago hainbeste rolei begira: jarrera da kontua”.

Soziolinguistika Klusterrak lagundu du eskolen diseinuan, eta tokian tokiko euskara elkarteek hartu dute haien ardura. Donostian, Bagera elkarteak. Ordu eta erdiko bederatzi saio egingo dituzte; aurrena, datorren ostegunean. Besteak beste, gai hauek landuko dituzte: estres linguistikoa eta aurreiritziak; asertibitatea eta ahalduntzea; Ulerrizketa metodologia eta elkarrizketa elebidunak; eta erdaraz diren elkarrizketak nola irauli. “Oinarrian, saio guztiek izango dute zati teoriko bat, baina esperientzia trukaketek eta bizipenek ere parte handia hartuko dute”.

Juanitorenak zehaztu du solaskideen artean euskararen ulermena bermatuta egon arren, erdaretara joaten dela balantza maiz. “Hor saiakera berezi bat egin nahi dugu, euskaldunok eroso senti gaitezkeen harreman orekatu batzuk sortu ahal izateko”. Elkarrizketa elebidunetan ere ikusten dituzte hobetu beharreko alderdiak. “Euskara ulertu bai, baina, agian, ulermen maila baxuagoa denean zer egin landuko dugu; besteak beste, nola egin gure euskara moldagarriago, haiek ulertzeko eta guk euskarari eutsi ahal izateko”. Ulerrizketa metodologiarekin lotu du hori koordinatzaileak. “Metodologia hori dagoeneko ari da lan eremuan praktikan jartzen, baina edozein eremutara zabaldu nahiko genuke”.

Hain zuzen, kontatu du Donostian bertan estres linguistikoko egoera asko izaten direla. “Estres linguistikoa sortzen da hizkuntz hautua egin behar duzun momentuan, eta izan daiteke denda batean lehen hitza euskaraz edo gaztelaniaz egin behar duzun erabaki behar duzun unetik hasi eta erantzun txar bat jasotzen duzunera arte”.

Aurreko Euskaraldietan ere antolatu izan dituzte prestakuntza saioak, baina Euskaldunon Ahalduntze Eskolak lehen aldia du. “Dena den, eskola honek ez du zertan Euskaraldiko epe horretan bakarrik funtzionatu behar; gainerako egunetara ere moldagarria den eskola baten formatua ari gara garatzen”.

“Kalitateari eman nahi diogu garrantzia, ariketa ondo egiteari”

Egoitz Albizu
Pasaiako Euskaraldiko koordinatzailea

Udaletxe Zaharra

Patata tortilla lehiaketa Elgetan, Euskaraldia aurkezteko ogitarteko afaria Andoainen, udalaren konpromisoa erakusteko adierazpena Elgoibarren, mintegi bat Azkoitian… Euskaraldia iritsi baino lehen, Gipuzkoako herri gehienetan ari dira hari lotutako jarduerak prestatzen, eta martxan dira herrietako batzordeak ere. Pasaian, adibidez, gaur bertan egingo dute Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia. Antzerki formatua erabiliz, hainbat egoera irudikatuko dituztela iragarri du Egoitz Albizu koordinatzaileak, “belarriprest eta ahobizi roletan sakontzeko, izen ematean sakontzeko…”. 19:00etan izango da, Pasai San Pedron, Lonja ondoko plazan.

Aurtengo ekitaldiari begira, esan du erronka nagusi bati heldu nahi diotela herrian: kalitateari. “Oro har, kalitateari eman nahi diogu garrantzia, ariketa ondo egiteari”. Albizuren esanetan, Euskaraldiaren potentzialtasunik handiena da hizkuntza ohiturez jabetzeko, kontzientziatzeko eta beste ohitura batzuk hartzeko saiakera egiten laguntzen duela. “Ez dugu nahi jendea muga dadin bakarrik izena ematera eta rol bat aukeratzera”. Hau da, jendeak ahobizi edo belarriprest rola aukeratzeko ariketa hori ere modu kontzientean egitea nahi dute, “ahobizi izango dena benetan ahobizi izan dadin, eta belarriprest izango dena benetan belarriprest izan dadin”.

Albizuren esanetan, horretarako garrantzitsua da rolak ondo ulertaraztea. “Gaitasuna eta ezagutza daude alde batetik, baina rolak ez dira hori: jarrera eta jokamoldeetan eragitea da kontua, eta hori lortu nahi dugu”. Rol bakoitza hobeto ulertzen laguntzeko saio batzuk antolatzeko asmoa ere badute Pasaiako Euskaraldiko batzordekoek.

Aurreko bi Euskaraldietan, 2018koan eta 2020koan, Euskal Herriko datuak hartuta, gehiengo zabal batek ahobizi rolean eman zuen izena, eta hala gertatu zen Pasaian ere. “Esaten dute Pasaian soziologikoki belarriprest gehiago garela ahobizi baino, baina oraindik Euskaraldiko izen emateetan joera bestelakoa da, eta horregatik esaten dugu ariketa ahalik eta ondoen egiteko saiakera egin nahi dugula”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.