“Politikarekiko kezkak eraman ninduen kazetaritzara”

“Politikarekiko kezkak eraman ninduen kazetaritzara”

Maria Ortega Zubiate

Aurpegi aski ezaguna da Marian Beitialarrangoitiarena (Legazpi, 1968); ez soilik bere jaioterrian, baita bizitoki duen Hernanin eta Euskal Herri osoan ere. Hernaniko alkate izan zen, garai zailetan, 2007tik 2011ra, eta Eusko Legebiltzarrean (2012-2016) eta Espainiako Kongresuan (2016-2019) ere ibili zen, parlamentari. Hamalau urtez instituzioetan ibili ostean, bueltan da bere lanbidean, aurpegia baino ahotsa ezagunagoa duen horretan: Euskadi Irratian.

Urte dezenteko geldialdiaren ostean, berriz bueltan zara Euskadi Irratian. Nola hartu zaitu lanbideak?

Lanean oso ondo hartu naute, nire ustez bi aldeak saiatu garelako gauzak ondo egiten: nik aurrerapen askorekin jakinarazi nien erabakia, eta horrek modua eman zigun pausaz pentsatzeko guztia nola egin. Eta, akaso jendea ez zen ohartuko, baina erakundeetako azken urtea pasatu nuen politikan neure burua itzaltzen eta isiltzen. Saihestu nahi nuen gaur tituluetan agertzea eta bihar tituluak ematen hastea; banekien ez zela edozein lanbidetara itzultzea. Kazetaritzak erakundeetako politikarekin izaten dituen loturengatik, banekien zaindu egin behar nuela buelta hori, bai niregatik eta bai nindoan komunikabidearengatik, publikoa baita.

Beti izan duzu argi irratira bueltatuko zinela?

Zalantzarik gabe. Alde egin nuenean, garbi nuen denboraldi baterako erabakia zela, irratikoa baita nire lanbidea. Ez nukeen inoiz pentsatuko hamalau urte egingo nituenik politikagintzan, niretzat kazetaritza eta irratigintza guztiz bokazionalak baitira; nahi baino urte gehiagokoa izan da politikako ibilbidea, baina beti izan dut argi noizbait kazetaritzara itzuliko nintzela. Horregatik, politikan faltan izan dut kazetaritza, eta kazetari naizenetik ez dut faltan sumatzen politika.

Bazenuen beldurrik entzuleek, talde politiko batetik etorrita, ezberdin hartuko zintuztela?

Banekien baten batek hori erabil zezakeela, baina ez nintzela tranpa horretan eroriko. Baina uste dut kazetaritza ez dela objektiboa: denok daukagu ideologia bat; kazetariok erabakitzen dugunean zein albiste eman, hor ere politika egiten ari gara. Gainera, ni Egin Irratitik nentorren, eta ordurako jada, seguruenik, baten batek etiketa politiko bat jarriko zidan. Baina nik Euskadi Irratian beti eduki izan dut argi komunikabide publiko batek zer izan beharko lukeen, bertan dauden batzuek baino argiago, akaso: ez zaigu tokatzen agintean dagoenaren bozgorailu izatea, baizik eta, inpartzialtasunez, ahalik eta ikuspegi pluralena ematea.

Bazarete zenbait kazetari politikara salto egin duzuenak. Badago loturarik bi arloen artean?

Nire kasuan, nabarmena. Ni kazetari egin nintzen baneukalako sentsibilitate politiko bat eta kezka bat politikarekiko. 14-15 urterekin euskalgintzan eta euskararen aldeko borrokan murgildu nintzen; horrek piztu zidan nolabaiteko interes politiko bat kazetari izateko, eta euskaraz lan egiteko erabakia hartu nuen. Politikarekiko kezkak eraman ninduen kazetaritzara, eta horrek, gero, erakundeetan murgiltzera. Aktualitate politikoa lantzen baduzu kazetari gisa, badaukazu gertatzen denarekiko nolabaiteko sentsibilitate bat. Sentsibilitate hori, niretzat, kazetari izatearekin lotuta dago. Gauzak beste modu batekoak izateko ekarpen bat egin dezakezula pentsatzeak berak sortzen du lotura bat; niretzat, nabarmena.

Irratiko kazetaria eta irratizalea zara. Zenbaitek aitortzen dioten xarma hori ikusten diozu zuk ere irratiari?

Bai. Iruditzen zait telebistak asko eskaintzen digula, baina dena eginda ematen digu. Irratian, berriz, niretzat xarma zuen jendeak ahotsa ezagutzeak baina nor zaren ez jakiteak; nire aurpegia oso ezaguna da orain, baina hasieran, ez. Jendeak ahotsari ez dio aurpegirik jartzen, eta euren imajinazioan irudikatu behar izaten dute bakoitza nolakoa den. Horrez gain, irratiak baditu bi gauza garrantzitsu: bat-bateko hori, albistea jakiteko irratiaren beharra izatea; eta konpainia egiteko daukan gaitasuna. Niri, pertsonalki, asko erakutsi dit irratiak. Gauza asko egitea tokatu zait eta jende asko elkarrizketatu dut: herri honetan erakusteko asko duen jende asko dago.

Jaiotzez legazpiarra zara, baina Hernanin izan zinen alkate. Nolatan?

Bai, legazpiarra naiz jaiotzez eta beti izango naiz legazpiarra, nahiz eta Hernanin urte gehiago daramatzadan. Egia da Hernanin, bertan jaioa ez bazara, inoiz ez zarela iristen bertako titulua izatera… Baina, tira, nik hernaniarrei erdi txantxetan esaten diet herriko titulua ez, baina alkate izateko ardura bai eman zidatela.

2007an aukeratu zintuzten alkate, EAE-ANVtik aurkeztuta. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Ordurako, ziurrenik, nahiko ezaguna nintzen Hernanin, irratiko lanagatik eta bestelako gizarte mugimenduengatik. Baina niretzat sorpresa izan zen alkate izateko proposamena jasotzea. Hernaniren gisako herri batean, gainera, badakizu ezker abertzalea alkatetzara iristeko zalantzarik ez dagoela, eta ia ziur izango zarela alkate. Ilusioz eta kezkaz oroitzen dut garai hura. Proposamenak kezka eragin zidan. Gainera, nik ondo ezagutzen dut neure burua, eta, horrelako gauza batean sartzen banaiz, ez naiz erdizka sartzen; buru-belarri egiten dut lan. Banekien pertsonalki kostu handia izango zuela, baina, egitekotan, horrela egin beharra neukan, horrela bakarrik dakidalako gauzak egiten.

Garai zailak izan ziren, gainera…

Bai. 2007az hizketan ari gara, eta 2006ko abenduan T4ko atentatua izan zen [ETAk Madrilgo aireportuan egindakoa]. Garai hartan ez zen samurra egoera politikoa bera eta ezker abertzalekoa izatea. Baina pentsatu nuen ahalegina egin behar nuela. Ez nuen gehiago pentsatu egoera aldeko nuen edo ez.

Politikagintzan, instituzio publikoetako lehen lana izan zenuen hura. Ez zizun bertigorik eman?

Bai, ikaragarria. Eta hori ez nekiela gero ikasi dudanaren laurdenaren laurdenik ere. Alegia: anonimotasuna galduko nuela, ezker abertzaleari min egin nahi zioten guztiek fokuen erdian jarriko zutela Hernani, [Espainiako] Auzitegi Nazionalean epaituko nindutela eta espetxera joateko arriskuan egongo nintzela behin baino gehiagotan…

Horrelako ardura bat hartzen duzunean, ez zara ari zuretzat lanean, beste batzuentzat baizik, eta beste batzuen izenean: beraz, zaindu egin behar izaten da egiten duzuna. Hori, akaso, denek ez dute horrela biziko, baina nik horrela bizi izan dut, eta ardura handia sortu dit horrek. Lan publiko hori ondo egiteak, askotan, zeure gauzak ondo egiteak baino gehiago kezkatzen zaitu, eta, horregatik, askoz lasaiago bizi naiz politikagintza utzi dudanetik. Neure buruarengan pentsatu behar dut orain, eta egiten dudan horrek neuri sortzen dizkit abantailak edo desabantailak.

MARIAN BEITIALARRANGOITIA

Espainiako Kongresuan. Onintza Enbeita eta Marian Beitialarrangoitia, 2016an, Madrilen, Espainiako Kongresuan diputatu ziren garaian.

Politikagintzako alor asko ukitu dituzu hamalau urteotan: udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra eta Espainiako Kongresua. Non sentitu zara ondoen?

Esango nuke estualdirik handienak ekarri dizkidan horrek bete nauela gehien: alkatetzak. Batetik, agintean zaudenean zeure eskua ikus daitekeelako egiten ari zaren horretan; gauzak egiten ari zara. Eta, bestetik, udala delako herritarrengandik gertuen dagoen erakundea. Horrek asebete nau gehien. Oposizioan egon izan naiz gainerako erakundeetan, eta beste batzuk kritikatzea soilik ez, ekarpenak egitea ere badagokizu horrelakoetan, baina ez dute une oro epaitzen egiten duzun hori; esaten duzuna bai, baina ez egiten duzun guztia. Alkatea zarenean, berriz, egiten duzun guztia epaitzen da; nahiz eta udal talde oso bat egon atzean, gauza bat gustatzen ez zaionarentzat errua alkatearena izaten da.

Politikan aritu zaren urteetan nabaritu duzu garaien eta politika moldeen aldaketarik?

Esango nuke bistakoa dela egoera eta testuingurua aldatu direlako aldatu dela politika egiteko modua; ezker abertzalearentzat, bereziki. Badago nolabaiteko patxada eta lasaitasun bat erresistentzia garai bat pasatuta, garai proposatzaile batera heltzeko. Azken urteetan, politikagintzan aukera izan dugu euskal herritar guztion eguneroko biziarekin zerikusia duten hainbat proposamen egiteko. Hori bai: tamalez, esango nuke nik nahi baino gutxiago aldatu dela politikagintza.

Uste dut politikak badituela kenduko nizkiokeen gauza itsusi asko, eta horrela laburtuko dut: politikan gehiago begiratzen da nork egiten duen proposamen bat, proposatzen dena baino. Eta hori herritar guztien kalterako dela uste dut. Nik beti begiratu izan diot proposamenaren edukiari, eta hori hobetsi behar dela uste dut: denok defendatu beharra daukagu alderdiak defendatzen duen hori, baina politikan faltan sumatzen dut hori azken muturrera eraman gabe edukia defendatzea. Nire ustez, hori da erakundeetan lanean ari direnek ikasi beharreko lezioetako bat.

Kazetaritza egiteko era aldatu al da azken hamalau urte hauetan?

Esango nuke lan egiteko modua ez dela asko aldatu. Uste nuen, esaterako, sare sozialek eragin handia izango zutela irratia egiteko eran, baina eragina ez da hainbesterakoa. Iturriak ere, gutxi gorabehera, berberak dira. Baina irudipena daukat areagotu egin dela prentsaurrekoetan eta ohar ofizialetan oinarritutako albistegien kazetaritza, adierazpen kazetaritza, eta sormen propiokoa falta dela uste dut. Falta da albiste baten inguruan iritzi ezberdinak eman beharko lituzketen horien bila aritzea. Eta irudipena daukat oso instituzionalak direla gure albistegiak; gizartekoak baino gehiago, erakundeenak. Pisu larregi du horrek.

Hamalau urte egin dituzu erakundeetan, baina herrigintzan ere urte asko egin dituzu. Orain, erakundeetatik kanpo, jarraituko duzu politika egiten?

Neure buruari esan nion erabat moztu behar nuela bide hori, eta, duela urtebete politika utzi nuenean, guztiz utzi nuen dena. Ez dut ezer egin azken urtebetean, ez bada nire kazetari lana eta nire burua zaintzea. Hamalau urte hauek oso gogorrak egin zaizkit, eta horrek zerikusia izango du nire izateko erarekin; buru-belarri sartu naiz, eta behar kolektiboak lehenetsi ditut neureen aurretik. Horregatik, behar nuen erabat etetea, atseden hartzea eta erabakimena etorkizunari uztea. Oraindik ez dut amaitu fase hori. Gainera, irratian arratsaldeko lan txanda izateak are gehiago laguntzen du horretan, herri honetan dena arratsaldez egiten baita. Hamalau urte hauetan osasuna ere galdu dut pixka bat, eta azkeneko urte honetan berreskuratu dut zertxobait.

Era berean, bizitza guztian, modu batera edo bestera, beti egon izan naiz zerbaitetan sartuta, eta ez dut baztertzen etorkizunean beste zerbaitetan aritzea. Baina orain etete fasean nago, eta, egia esan, ez dut sumatzen ezertan esku hartu beharra. Baina berriro diot: batek daki!

Leave a Reply

Your email address will not be published.