“Dena da ezberdina; sortzen ari gara, eta dagoena, apurtzen”

“Dena da ezberdina; sortzen ari gara, eta dagoena, apurtzen”

Jone Markuleta Etxegoien

Joseba Azkarate triatletak (Oñati, 1987) Zumaiako triatloia egin zuen joan den irailaren 10ean, eta balentria horrek izugarrizko oihartzuna izan du kirol munduan. Izan ere, tetraplegia duen lehen pertsona izan da horrelako kirol lasterketa bat amaitzen. Auto istripu larri bat izan zuen duela bost urte, eta, osatzeko lan gogorraren ondoren, gurpil aulkian dabil ordutik.

Duela bost urte, auto istripu larri bat izan zenuen. Noiz hasi zinen berriz kirola egiten?

Ni kirolaria nintzen lehen, kirolaria naiz orain ere, eta kirolaria izango naiz beti. Horri esker, bizitza beste filosofia batekin bizi dudala iruditzen zait. Hori argi igarri daiteke orain. Istripu eta lesio bat izatean, desberdina da kirolaria izatea edo ez izatea. Aurrera egiteko edo errehabilitaziorako ezberdina da irakurketa, eta erronkei ere ezberdin egiten zaie aurre. Nik lehen kirola gehiago erabiltzen nuen markak ontzeko edo neure buruari erronkak eta helburuak zehazteko. Urte batean, adibidez, bi maratoi egingo nituela esan nion neure buruari. Gaur egun, ordea, osasuna aintzat hartuta zehazten ditut helburuak, poliki-poliki kirola baliatuz nire errehabilitazioan aurrera egiteko. Izan ere, gaur egun ez dago triatloietan eta duatloietan tetraplegikoa den batentzat araututako egokitzapenik, eta horretan dihardut nik: tetraplegia dutenei begira, arau horiek guztiak apurtzen eta neure modura moldatzen.

Zure kirol ibilbideak bi zati izan dituela esango zenuke?

Ni pertsona bera naiz; lehen eta orain, Joseba naiz. Argi dago istripua izan nuenetik gaur egunera arteko ibilbidea ezberdina izan dela, baina neure ibilbidea ez nuke mugatuko ordutik gaur egunera; nik beti egin izan dut kirola. Ni ez naiz kirolari profesionala; gustuko nuelako egin izan dut kirola beti. Orain badirudi apartekoa naizela, tetraplegia batekin kirola egiten dudalako eta munduan horrelako zerbait egitera heldu den beste inor ez dagoelako, baina nik ez dut sinisten horrelako kontuetan. Nik kirola egiten jarraitzen dut, laguntzarekin, baina lehen egiten nuen moduan, nire musikarekin eta nire kontuekin. Erronka bat jarri nion neure buruari, eta egin egin dut. Baina beste norbaiti niri gertatu zaidana gertatu izan balitzaio, hura ere neure antzera ahaleginduko zela uste dut.

Kirola ezberdin bizi duzu egokitutako kirola egiten duzunetik?

Bai. Esparruaren arabera, baina bai. Lehen, ez nuen behar laguntzarik, eta orain, bai. Ezberdintasun hori dut gaur egun, baina lehen bezala bizi dut dena: lehen, adibidez, goizetan kirola egin nahi nuenean, egin egiten nuen, eta hala egiten dut orain ere. Edo, lehen egiten nuen moduan, lagunekin bizikleta buelta bat ematera joaten naiz, laguntza behar dudan arren.

Zer esaten dizute lasterketetako antolatzaileek parte hartu nahi duzula esaten diezunean?

Egia da askok gaur egunera arte ez dutela ikusi nirearen moduko desgaitasuna duenik. Zer esan nahi du horrek? Gaur egungo arauak, adibidez, ez daudela egokituta nire beharretara. Kirola aldatzean laguntzaile bakarra izatearena, adibidez; nire kasuan, ez da posible, bizpahiru pertsona behar izaten ditudalako nik. Orain arte, baliteke duatloia egiten zutenek, modu batera edo bestera, ia euren kasa egin ahal izatea aldaketa horiek guztiak, baina nire kasua desberdina da. Horregatik, denbora gehiago behar izaten dut. Dena da ezberdina, sortu egin behar da; sortzen ari gara, eta dagoena, apurtzen.

Lasterketa asko, beraz, ez daude egokituta zure moduko kirolarientzat, ezta?

Hala da. Lasterketa asko inoiz ez dira egon egokituta. Lasterketa batzuetan, adibidez, ezin gintezke joan komunera, ez daudelako egokituta. Adibide bat bakarrik da hori; hortik hasi eta dena aldatu behar da, dena egokitu behar da. Aurreprestaketa bat dakar horrek, noski. Aitor Errementeria [Arrasateko Antxintxika triatloi taldeko kidea] eta biok joan izan gara ibilbideak aurrez ikustera. Beste lasterketa batzuk, berriz, aurrez egokitu dituzten arren, are gehiago egokitu beharra daude nirearen pareko desgaitasuna dutenentzat; denboren eta laguntzaileen kasuan, esate baterako.

Antolakuntza taldeetan nola erreakzionatzen dute horrelako erronka baten aurrean?

Egia esan, oso ondo. Jendea, oraingoz, laguntzeko prest dago, eta eskertzekoa da hori, gurpil aulkian gaudenoi gauzak errazten saiatzen direlako. Egia da beti egoten direla borrokak, han eta hemen, baina, hitz eginda, adostasun batera heltzen gara. Dena idazten eta eraikitzen ari gara desgaitasun handia dugunen kasuan.

Zer-nolako laguntza ematen dizu Antxintxika triatloi taldeak?

Antxintxika esaten dudanean, Aitor Errementeria eta biok esan nahi dut, Antxintxika taldearen izenean. Dagoeneko hogei urte baino gehiago daramatza kirol elkarte horrek, baina Aitorrek eta biok sortu genuen Antxintxika triatloi egokituko saila, eta biok aritzen gara alor horretan lanean. Gure ardura da babesleak lortzea; horretarako elkarrizketak egitea; kartelak behar badira, kartelak egitea… Bion artean egiten dugu atzeko lan hori. Horregatik esaten dut “Aitor eta ni”. Argi dut Antxintxika denok garela, babesle eta sozio denak, noski, baina triatloi egokituaren saila bion kontua da gehiago.

Atzera eginda, nola sartu zinen Antxintxikan?

Aitorrek nire aita ezagutzen zuen, eta horri esker sartu nintzen. Toledon [Espainia], ospitalean nengoela, esku bizikleta bat utzi zidaten, motibatuta nengoela ikusten zutelako. Urte baterako utzi zidaten bizikleta hura, eta, urtea amaitzean, bueltan eraman behar izan nuen. Gogoan daukat urte horretako Oñatiko jaietan txartel batzuk saltzen hasi ginela, esku bizikleta bat erosi ahal izateko. Poliki-poliki, jendearen laguntzaz gain, babesleak-eta ere etorri ziren gugana. Momentu horretan ohartu ginen hasi genuen bide horrekin gauza handiren bat egin genezakeela, eta horrela sortu genuen triatloi taldeko sail berria. Denborarekin, materiala lortu eta jendearen eskura jar dezakegula uste dugu. Gaur egun, adibidez, atletismoko hiru gurpil aulki eta beste hiru esku bizikleta dauzkagu.

Bueltan-bueltan, iritsi zen irailaren 10a ere, Zumaiako triatloia hasi eta bukatu zenuen eguna. Egun berezia izango zen zuretzat, ezta?

Bai. Baina izozmendiaren punta izan zen Zumaiakoa. Ni esku bizikletarekin hasi nintzen, niretzat “errazena” horixe zelako. Bizikletarekin ondo ari nintzela ikustean, atletismoko gurpil aulkia probatu nuen, betiere nire onerako, nire errehabilitaziorako onena izan zitekeen hori kontuan izanda; bizkarra, pisua… beti begiratuz. Ondo moldatu nintzen aulki horrekin ere, eta orduan egin nuen duatloietan parte hartzeko hautua. Duatloietan parte hartzeko fitxa behar da, eta fitxa hori lortzeko beharrezkoa da Espainiako Triatloi Federazioaren mediku azterketa bat gainditzea. Gogoan dut Espainiako Txapelketakoa izan zela nire lehen duatloia, beldurrik gabe! Euri asko ari zuen egun horretan, eta bertan zeuden bost medikuek mediku azterketa bat egin zidaten; bakar batek ere ez zuen uste amaituko nuenik, baina amaitu egin nuen.

Duatloia amaituta, triatloia ere probatu nahi nuen; ez neukan helburu modura, baina probatu egin nahi nuen. Hasieran, flotagailuz beteta igeri egiten nuen, baina, poliki-poliki, berriz igerian ikasi nuen, eta gaur egun ni bakarrik noa igerilekura; neure kasa egiten dut ordubete igeri. Horregatik, hiru kirolak menderatuta, triatloi bat egiteko langa jarri nion neure buruari. Proba eguna baino lehenago, ibilbidea ikustera eta desgaitasun handia dutenentzako beharrezkoak ziren egokitzapenak egitera joan ginen Zumaiara, lasterketa hori ez baitzegoen egokituta. Hutsetik eraiki behar izan genuen dena, baina ondo atera zen azkenean.

Triatloia gora eta triatloia behera, baina hori baino askoz gehiago da Joseba Azkarate, ezta?

Beste guztien modura, trabak eta kezkak dituen pertsona bat naiz ni, baina horiei guztiei aurre egiten diena. Zailtasun horiei kirolarekin, musikarekin, errehabilitazioarekin… aurre egiten diena.

JOSEBA AZKARATE

Musikarako zaletasuna. Gaztetatik da Joseba Azkarate musikazale amorratua, eta talde bat ere badauka: Motz. Irudian, aurtengo martxoaren 12an Oñatiko Antixena gaztetxean eman zuten kontzertua.

Kirolaz gain, musika ere pasio duzu. Nola hasi zinen musika instrumentuak jotzen?

Gazteagoak ginela, Oñatiko gazte batzuk, ideia askorik gabe, talde bat sortu nahian hasi ginen. Batek gitarra joko zuela esan zuen, eta bateria joko nuela esan nuen nik. Lokal batean hasi ginen, eta jendea ezagutuz eta harremanak eginez joan ginen. Alboratu nahi ez nuen alor bat zen musikarena, eta, istripuaren ostean, bateria nola jo nezakeen hizketan aritu nintzen nire taldekide izandakoekin; hala, bateria elektriko batekin hasi nintzen. Poliki-poliki, taldea osatzen hasi ginen berriz, eta Motz taldea sortu genuen; gaur egun ere aktibo gaude. Oñatiko aurtengo jaietan eman berri dugu azken kontzertua. Berriz dena sortzen eta asmatzen hasi nintzen taldekideen laguntzarekin.

Zer erronka dauzkazu etorkizunerako?

Bizitzen jarraitu, ez dago besterik; egunean egunekoa egin behar da. Gaur egun, ez nabil erronken bila; lehen, agian, bai, baina orain, jada, ez. Helburuak, izatekotan ere, epe laburrekoak ditut. Adibidez, demagun etorkizun hurbilean zeharkaldi bat egin nahi dudala; bada, gogor lan egingo dut hori lortu ahal izateko, baina ez daukat haragoko helbururik. Argi dut gaur hemen gaudela, baina bihar, agian, ez gara hemen izango .

Leave a Reply

Your email address will not be published.