Errebelde nekaezin bat

Errebelde nekaezin bat

Unai Zubeldia

Itsu geratzen ari den metal musikazale amorratu bat naiz ni”. Ibon Casas donostiarra ari da hizketan, lagun fidela duen txakurra ondoan duela. “Urte mordoa daramat musikaren munduan, ekoizle, musikari eta musikagile gisa”. Pasio duen hura kirol egokituarekin uztartuta, bihar Hernanin egingo duten Errebeldeak Fest jaialdia da Casasen azken sorkuntza lana. 11:00etan hasi eta goizaldera arte, hainbat kirol diziplina eta hiru musika talde izango dira Sagastialden, Atsegindegin eta Tilosetan. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Donostiarrak gogoan dauka urte batzuk atzera Oscar Terol lagunarengana laguntza eske joan zenekoa. “Neure bizitzarekin ez nekiela zer egin esan nion. Oso musikari ona nintzela esaten zidaten denek, umoregile ona nintzela… Baina ez neukan ezer, eta ez nekien zein ate jo”. Itxoiteko esan zion Terolek, dei bat egingo zuela. “Guille Viglione Dimension publizitate enpresako zuzendariari deitu zion, ondoan rockzalea zen eta merezi zuen lagun itsu bat zeukala esanez”, azaldu du Casasek berak. Dei harekin hasi zen sortzen donostiarraren etorkizuna: Dame tu visión gizarte proiektua [Eman zure ikuspegia/ikusmena]. “Hilabete batzuk geroago, Viglionek esan zidan film bat egingo genuela, Apaga la luz y verás izenekoa [Itzali argia eta ikusiko duzu], nire abesti bat oinarri hartuta. Laguntzeko prest nengoela nabari zuela esan zidan, eta, jendeak ezagutu ahala, etorkizunean bide luzea egin nezakeela”.

Casas hainbat ekitaldia antolatzen hasi zen ondoren; besteak beste, Miguel Rios musikari espainiarra ekarri zuen Donostiara, 2016an. Bi urte geroago, 2018an, Carlos Peña igerilariak munduko marka ondu zuen Donostiako Urumea ibaian 24 orduz igeri eginda, eta Casas zegoen saiakera haren atzean ere. “2019an, azkenerako, Terol bera buru zuen talde batek esan zidan urte batzuk lehenago proposatu zidaten filma egin egin behar genuela”. Filmak kontatzen du hiru hilabete eskasean Casasek nola antolatu zuen jaialdi bat, 2019ko urriaren 26an Arrasaten egin zutena: Errebeldeak Blind Rock Festival.

2020an inauguratu zuten filma, Hernanin, baina COVID-19aren pandemia iritsi zen gero, eta bertan behera gelditu zen guztia. Guztia… baita Arrasaten sortu berri zuten jaialdia ere. “Maria Ubarretxena Arrasateko alkatearekin hitz egin nuen, eta hark esan zidan Errebeldeak Blind Rock Festival jaialdiak ez zuela bigarren aldirik izango. Egitura bat galdu nuen, kolpe handia hartu nuen, eta, depresioak jota, dena uztekotan egon nintzen”.

Casas ez da erraz etsitzen duen horietakoa, ordea, eta jaialdia biziberrituko zuela hitzeman zion bere buruari. “Ate mordoa jo nuen, eta Hernanin ireki zidaten azkenerako. Nik ez daukat dirurik, ez daukat baliabiderik, baina burugogorra naiz, eta etsi gabe saiatzea bezalakorik ez dago. Kirol egokitua eta rocka; argi neukan zer nahi nuen: denontzako jaialdi bat, bakoitzaren ezaugarriak alde batera utzita”.

Erakundeei eskaera

Zazpi kirol ekitaldi izango dira bihar egun guztian Hernanin: patinajea, errugbia, futbola, olinpiar tiroa, txirrindularitza, txikienentzat kirol egokitua eta pilota; eta hiru kontzertu ere bai, 20:30ean: Codigo Bushido, Dravernue eta Rosie’s in Hell.

Minetik ere hitz egin du Casasek. “Nik ez dut aldatuko mundua, baina itsuek, elbarriek… traba asko dauzkagu egunerokoan, eta laguntza txiki bat izan nahiko luke honek”. Erakundeei “benetako laguntza” eskatu die donostiarrak. “Erabateko inklusiorik ez dago, ezinezkoa da, baina ahalik eta inklusiorik handiena lortu behar dugu”. Horregatik, “parte hartzeko” eskatu die herritarrei. “Ezagutu dezatela denek kirol inklusiboa, goza dezatela, ezintasunen bat dutenek eta ez dutenek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.