Gabonetako argien argi-ilunak

Gabonetako argien argi-ilunak

Miren Garate

Hogeitaka gradu termometroan, jendea galtza motz eta txankletetan, eta Gabonetako argiak jada eskegita. Irudi bitxi hori ikus zitekeen aste honetan Donostian. Gipuzkoako beste hainbat herritan ere hasita daude horretarako kableak jartzen. Ilusioz hartzen dituzte batzuek; alferrikako gastutzat dute beste batzuek. Eta urtero hainbat lagunartetan eztabaidagai izaten den gai hori udaletara ere iritsi da aurten. Balantzaren alde batean, energia krisia eta klima larrialdia; bestean, tokiko merkatarien eskaera, tradizioa, herritar batzuei eragiten dieten poza… Bigarren horrek hartzen du pisu handiagoa oraindik ere, eta herrietan jarri egingo dituzte argiak, batzuek murrizketa txiki batzuk ere egingo dituzten arren.

Astigarragan, herri galdeketa bat egin zuten irailaren amaieran, eta herritarrek erabaki zuten argiak jartzea nahi zutela: 165ek eman zuten argien aldeko botoa, eta 104k esan zuten ez zutela argirik nahi. Aintzane Barandiaran alkateorde eta Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, irailaren erdi aldera hasten dira gaia lantzen udalean, enpresei aurrekontuak eskatu ahal izateko. “Prozesu horretan, EH Bilduko hautetsioi zalantza sortu zitzaigun: krisi energetiko batean gaudela ikusita, ea aurten Gabonetako argiak jarri behar ditugun ala ez”.

Haren esanetan, hautetsi batzuk zuzenean ez jartzearen aldekoak ziren, baina ez zitzaien egokia iruditu zuzenean ez jartzea. “Gaia delikatua da, herritar askori gustatu egiten zaizkielako. Zuzenean kenduz gero, iruditu zitzaigun jendea haserrearaziko genuela, baina ez genuela hausnarketarik bultzatuko”. Hala, herri galdeketa egitea erabaki zuten, eta Astigarragako Udalak ateratzen zen emaitza betetzeko konpromisoa hartu zuen.

16 urtetik gorako herritarrek astebete izan zuten botoa emateko, eta galdera sinplea zen: argiak bai ala ez? “Ez genuen tarteko aukerarik jarri, adibidez, aurrekontua gutxitzea edo horrelako zerbait”. Barandiaranek azaldu du iruditu zitzaiela erdibideko aukerak jarriz gero hausnarketa eginarazteko helburu horretatik urrunduko zirela. Irailean bertan egin zuten galdeketa, baiezkoa gailenduz gero tartea izateko aurrekontuak-eta eskatzeko.

Alkateordeak aitortu du partaidetza uste baino txikiagoa izan zela: aukera zutenen %8k eman zuten botoa. Hala ere, uste du datu horrek erakusten duena baino gehiago hitz egin dutela gaiaz herritarrek. “Batzuek esan digute ez zutela botorik eman zalantza zutelako zeren alde egin. Gure susmoa da partaidetza handiagoa izan bazen ere, argiak jartzearen aldekoa izango zela emaitza, hau da, jendeari gustatu egiten zaizkiola eta nahi duela gastu hori egitea”.

Behin bozketaren emaitza jakinda, bestelako aukera batzuk ere izan dituzte esku artean. “Hasieran, egun batzuk geroago jartzea eta lehenago kentzea pentsatu genuen, baina ikusi dugu argi horien energia kontsumoa ez dela oso handia”. 15.000 euro inguru gastatzen ditu Astigarragako Udalak, eta Barandiaranek esan du horietatik 14.000 euro baino gehiago argiak alokatzeari eta muntatzeari lotutako gastuak izaten direla; 500 euro ingurukoa izaten da energiaren kostua.

Ordutegietan aldaketak egitea ere pentsatu zuten, hau da, arratsaldean beranduago piztea eta gero lehenago itzaltzea, baina zehaztu du ez dutela horretarako aukerarik. “Gabonetako argiteria argiteria publiko osora lotuta dago, hau da, sistema elektriko bakarra dago, eta kaleko argien ordutegia izan behar dute; instalazio berri bat egiteak kostu handia du udalarentzat”.

Hala, kaleko argiak zertxobait beranduago piztea erabaki dute, Gabonetako argiak ere denbora gutxiagoan egoteko piztuta. “Esan bezala, energiari dagokion kostua ez da hain handia, baina, dirutan kuantifikatu baino gehiago, energia alferrik gastatze horri buruzko hausnarketa eginarazi nahi genion jendeari”.

Donostian, “pedagogia”

Donostian, udaleko ordezkariek zehaztu dute arku guztiak zenbatuta 4.000 eta 5.000 euro artean izaten dela energia kontsumoaren gastua, LED argiei esker faktura asko murriztu baita azken urteetan. Orotara, Donostiako Udalak 410.000 euro jarriko ditu Gabonetako argien aurrekontuan —iaz adina—, eta beste zati bat babesle pribatuek, merkatariek eta abarrek ordainduko dute.

Dena den, udaleko ordezkarien esanetan, “pedagogia” ere egin nahi izan dute, eta aurrez esan baino astebete beranduago piztuko dituzte argiak: azaroaren 25ean piztu beharrean, abenduaren 2an; horrez gain, aurreko urteetan baino ordu erdi lehenago itzaliko dituzte astelehenetik ostiralera bitartean: 17:45etik 22:30era egongo dira piztuta. Asteburuetan, iaz bezala, 17:45etik 23:00etarako ordutegia izango dute. “20:00-20:30ean ixten dituzte dendak, eta ez zaie arazo handia iruditzen lehenago itzaltzea argiak; haiek nahi dutena da 18:00 aldera girotuta egotea hiria”.

Lan “pedagogiko” horri lotuta, 2009an bezala, bizikleta estatiko batzuk ere jarriko dituzte Alderdi Ederren, pedalei eraginez argindarra sortzeko. “Noski, ez da hiri osoko argindarra sortuko horren bidez, baina posible bada energia pixka bat sortzea eta bide batez erakargarria izatea gazteentzat eta abar…”. Argiak piztu baino lehenagotik egongo da martxan noria bat Alderdi Ederren, eta hari eskatuko zaizkion baldintzetan ez du aldaketarik egin udalak. “Kontuan hartu behar da enpresak kanon batzuk ordaindu behar dituela jartzeko, eta egun kopuru batetik behera ez zaio errentagarria ateratzen”.

2022ko Gabonetako Europako Hiriburu ere izendatu dute Donostia, Italiako Genovarekin batera, eta horrek beste konpromiso batzuk ere eskatuko dizkio udalari. Zehaztu dute oraindik ezin dutela ezer iragarri hiriburutzari lotutako jarduerei buruz. Aurreko urteetan bezala, Gabonetako azokari eutsiko diote, eta 50 postu egongo dira hiriko zenbait gunetan. Iaz laser argiekin Santa Klara uharte inguruan izandako argi ikuskizunaren gisakorik, ordea, ez da izango. “Oraindik zehazten ari gara zer-nolako ekitaldiak egin jendea animatzeko”.

Eibarren, ordu gutxiago

Donostian ez bezala, Eibarren ez dute egun kopurua murriztuko, baina bai ordutegia. Sanandres jaien bueltan piztuko dituzte, azaroaren amaieran, eta gauetan iaz baino ordubete lehenago itzaliko dituzte. “Jakin arren batzuk kontra daudela, merkatarientzat garrantzitsua da argiak jartzea; pasatzen ari garen garai hauen ostean, herritarrentzat ere bai”, esan du Ana Telleria Garapen Ekonomikorako zinegotziak. Hark ere zehaztu du LED teknologiari esker lehen baino askoz argi gutxiago gastatzen dutela; “Beraz, uste dugu inbertsioak merezi duela, itzulera bat izaten duelako inbertsio horrek”.

Telleriaren hitzetan, ez dute beste urte batzuetan baino diru gehiago gastatuko. Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartearen barruan duten hitzarmen baten bidez jartzen dituzte argiak —udala ere hango parte da—, eta merkatariek beren gain hartzen dute gastuaren zati bat. “Udalak 46.000 euro jartzen ditu, eta merkatariek, beste hainbeste edo”. Herrigunean daude denda gehienak, eta eremu hori gehiago argiztatzen dute, baina Telleriak kontatu du auzoetan, plazetan, parkeetan, udaletxean, iturrietan eta abar ere jartzen dituztela detaile batzuk, “guztiek gozatu ahal izateko”.

Udaleko ordezkariek tokiko merkataritzan argiek egiten duten ekarpena nabarmentzen dute argiak jartzeko arrazoien artean, eta Ordiziako merkatari elkarteko kideek onartu dute beraientzat garrantzitsuak izaten direla apaingarri horiek, “jai giroa sortzeko eta jendea erosketak egitera animatzeko”. Energia krisiari aurre egiteko neurrien eraginez, gaur egun merkatariek 22:00etarako itzali behar izaten dituzte erakusleihoetako argiak, eta proposamen hori bera egiten dute Gabonetako argientzat ere: posible den tokietan, hau da, kaleko argiekin batera programatuta ez daudenetan, 22:00etarako itzaltzea.

Eredu izatearen garrantzia

Puntu hori gakoetako bat da Eguzki talde ekologistarentzat ere. Garikoitz Plazaola elkarteko kidearen esanetan, benetan komertzioei mesede egiteko jartzen badira —”nik neuk zalantzan jartzen dut mesede egiten dien”—, “ulertezina” da ordutegi komertzialetatik aurrera ere argiak piztuta edukitzea. “Ea zer komertzio dagoen irekita 22:00etatik aurrera, eta, gainera, kontuan hartuta 22:00etarako itzali behar direla erakusleihoetako argiak”. Erakusleihoak ordu horretan itzali behar izatea, berriz, “logikoa” iruditzen zaio, aste barruan inor gutxi ibiltzen delako gauean kalean, eta asteburuetan dabiltzanak normalean ez direlako erakusleihoak ikusten ibiltzen.

Nabarmendu du politika guztien abiapuntua izan behar duela energia aurreztea, energia gutxiago kontsumitzea. “Bestela, jai daukagu”. Kontsumoaren kontuan ere garrantzia izan arren, iruditzen zaio harago doala kontua, eta uste du ez dela behar adina hitz egiten horri buruz. “Argiztapen hori oso esanguratsua da herritarrei ematen zaien adibideagatik. Norabidea markatzea dagokie udalei: zertan eta zertarako ari dira gastatzen energia? Batik bat, markatu behar den bidearen aldetik da garrantzitsua gaia”.

Eguzkik zenbait proposamen egin ditu: astegunetan, Gabonetako argiak 21:00etan itzaltzea; asteburuetan, 22:00ak arte baino ez piztea; Gabonak hilabetera mugatzea, eta argiztapen berezia abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra bakarrik egotea; neurri horiek noria turistiko eta gainerako jai giroko elementuei ere aplikatzea; eta Gabonetako argiztapenaren inaugurazio ekitaldian su artifizialak “alferrik ez erretzea”, zarata eta aire kutsadura saihesteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.