Kontu eta kantu zaharren bilduma

Kontu eta kantu zaharren bilduma

Jone Markuleta Etxegoien

Aurkeztu berri dute Kantakerixak. On?atiko kontu zaharrak eta kantu barrixak diskoa. On?atiko hamaika kontu eta kantu zaharrez, kontu berriz eta doinu zaharrez osatuta dago diskoa. 11 pieza ditu. Besteak beste, herriko baserrietako emakumeei entzundako kantuak, eta kantutegietan, aldizkarietan eta liburuetan aurkitutako hitzak bildu dituzte disko berri horretan, XIV. mendeko idatzietatik hasi eta gaur egun artekoekin.

“Aurrez baziren kantuak berreskuratzeko lanean ari ziren herriak, baina On?atin ez genuen ikusten horrelakorik”, azaldu du Mirari Sagarzazu Sacristan oñatiarrak. Hori dela eta, Arantzazu eta Mirari Sagarzazu Sacristan ahizpa oñatiarrek Euskal kulturaren transmisioa formakuntza ikasketen amaierako proiektu gisa sortu dute Kantakerixak lana. “Ikusten genuen beste herrietan badaudela herri kantak, haurrek, gazteek eta adinekoek abesten dituztenak, eta antzeko zerbait egin nahi izan genuen Oñatin”, esan du Mirarik.

Antropologia aditu gisa, Arantzazu urte askoan aritu da On?atiko hainbat baserritan emakumeei elkarrizketak egiten, eta lan horretatik hartu dituzte disko sortu berrian agertzen diren hainbat testu. Dena dela, badaude beste hainbat artxibotatik ekarritako beste sormen lan batzuk ere; beste batzuk, berriz, “propio” sortu dituzte diskorako, “inguruan eskatuta”.

Diseinu lanetan murgildu da gehiago Mirari, Arte Ederretako ikasketak oinarri hartuta; hark sortuak dira diskoko ilustrazio denak. “Kantuak bi modutara interpretatu izan dira artistikoki. Alde batetik, musikarien ikuspegia kontuan hartuta, musika bera, bertsoa edo poema landuta; eta, bestetik, ilustrazioen bitartez”.

Musika eta sorkuntza

Proiektua “askotarikoa” izatea nahi zuten bi egileek. “Eta ondoren saiatu nahi genuen bigarren mailan geratzen diren ikuspuntuak azaleratzen”. Horri esker, “hainbat ezaugarri” eduki dituzte kontuan Sagarzazu ahizpek. Biek argi zuten “euskara hutsean ziren kantuek soilik” osatuko zutela euren diskoa. Bertso doinuak, testuak eta poemak daude lanean, eta “askotariko gaiak” landu dituzte. “Guretzat garrantzitsua izan da gai ezberdinak lantzea. Horregatik, badaude eliz kontuak, baita baserrikoak ere, jauntxoenak, auzoko tirabirak, herriari buruzko kantuak…”, azaldu du Mirarik.

Eta, noski, badira historiako garai ezberdinen isla diren kantuak ere: XIV. mendeko sortzaileen testuetatik hasi eta gaur egungo on?atiarrek idatzi dituztenetaraino. Urretxolako lekaioa kantua da diskoko zaharrena, XIV.-XV. mendeen artean idatzitako testu bat oinarri duena, “baliabide eta jabetza batzuengatik herrian izan zen borroka bat kontatzen duena”.

Beste sorkuntza batzuk, berriz, gaur egungoak dira: Frogak eta On?ati arrainontzi bat da, adibidez. Itziar Ugarte Irizar on?atiarrak iaz kaleratu zuen Gu gabe ere poema liburuko poema bat da lehenengoa, memoriaz eta oroitzearen garrantziaz hitz egiten duena. “Hori da, azken finean, Kantakerixak proiektuaren gaia eta helburua”, zehaztu du Mirarik. On?ati arrainontzi bat da, berriz, Maider Arregi Markuleta bertsolariak bota zuen bertso baten harira sortutakoa da. “Donostiak itsasoa du, eta On?ati arrainontzi bat da” puntua bota zuen Arregik, eta puntu horri segika sortutako abestia da.

Bi ahizpek garrantzia eman diote genero ikuspegiari ere. “Historia beti kontatu izan digute gizonezkoek; horregatik, gure lanean garrantzia eman nahi izan diegu emakumezkoen hitzei”, esan du Arantzazuk. Ilustrazioetan eta kantuetan emakumezkoen lana goratzen saiatu dira.

Hori gutxi balitz bezala, “musika estilo ezberdinak” jorratu dituzte disko sortu berrian: trikiti doinuak, heavy estilokoak… Betiere, On?atiko talde edo bakarlariekin osatutako doinuak izan dira guztiak. “Oñatiko Txinparta bertso eskolako neska talde batek sortu du doinuren bat, adibidez, eta baita 80 urte dituen emakume batek ere”, kontatu du Arantzazuk.

Etorkizunean, kantu bakoitzarekin egindako fitxak argitaratu nahi dituzte bi egileek, horri esker hala nahi duenak informazio guztia eskuragarri izan dezan. Kantu guztiak ikusgai eta entzungai daude dagoeneko sareko hainbat plataformatan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.