Olinpiar Joko txiki batzuk

Olinpiar Joko txiki batzuk

Unai Zubeldia

Urtero bezala, iraileko lehen bi igandeetan jokatu zuten Donostian Kontxako Bandera, Euskal Herrian arrauneko urteko estropada nagusia. Zortzi ontzi aritu ziren lehian emakumezkoetan —Orio nagusitu zen— eta beste hainbeste gizonezkoetan —Urdaibai izan zen bizkorrena—. Hilabete eta erdi geroago, trainerurik eta kalerik ez, baina atzotik ontzi festa handia dago Kontxako badiaren inguruan. Izan ere, Europako Itsas Arrauneko Txapelketa jokatzen ari dira lehen aldiz, Donostiako Ur Kirolak arraun klubak antolatuta. Bihar artean, 520 arraunlari izango dira uretan. Orain arte, Munduko Txapelketak bai jokatu izan dituzte diziplina horretan, baina Europako Txapelketarik ez.

Batetik, Coastal edo distantzia luzeko probak izango dira, 4.000 eta 6.000 metrokoak; eta, bestetik, Beach Sprint edo 250 metroko hondartzako esprintak. Gaur-biharretan, iola aulki mugikorreko arraunketan erabiltzen den ontzia izango da protagonista. Ondarretako hondartzaren erdialdean egongo da irteera, uretan —bi minutuko zigorra izango du hasi aurretik irteera igarotzen duenak—, eta, nautikotik barrena, itsasaldera egingo dute gero; buian buelta eman, badiara itzuli, berriz kanpoaldera joan, eta Ondarretara iritsiko dira azkenik.

Hiru modalitate izango dira: bakarka, binaka eta laukoa lemazainarekin; azken bi kasu horietan, emakumezkoak, gizonezkoak eta talde mistoak izango dira. Arraunlari bakoitza bi arraunekin ariko da estropada guztietan.

Euskal Selekzioa, ez

Selekzioka ariko dira gehienak, nahiz eta herrialde bakoitzetik bost klub ere sailkatu diren txapelketarako; Ur Kirolak, tartean. Euskal Selekzioak ez dauka tokirik, oraingoz, eta Espainiako Estatuko gainerako kluben aurka aritu zen Ur Kirolak sailkatze estropadan, Espainiako Txapelketan, La Manga del Mar Menorren, Murtzian (Espainia) —Donostiarra ere han izan zen, baina ez zen sailkatu—. Bederatzi gipuzkoar ariko dira guztira: zortzi arraunlari eta lemazain bat.

Ricardo Unzueta Ur Kirolak arraun klubeko presidentea “lanez gainezka, baina zoratzen” dago Europako Itsas Arrauneko Txapelketarekin. “Diziplina guztiak dira ikusgarriak, baina bereziki, Beach Sprint-a”, azpimarratu du antolatzaile taldeko kideak. “Hondartzan korrika abiatzen dira kasu horretan, uretan hiru buiak markatuko die ibilbidea ondoren, eta lasterketa korrika amaituko dute berriz ere”. Binakakoetan, bietako bat bakarrik aritzen da korrika, hasieran eta amaieran.

“Duela hamabost bat urte” sortu ziren itsas arrauneko txapelketak, eta, ondo bidean, tokia izango du 2028ko Los Angelesko Olinpiar Jokoetan. “Asko ari da indartzen, ikusgarria baita. Olinpiar Jokoek ere ikusgaitasuna bilatzen dute, eta distantzia luzeko biko mistoa eta Beach Sprint-a olinpiar kirolak izango dira ia ziur”.

Unzuetak azaldu du Gipuzkoan “oraindik” itsas arrauneko diziplina horrek ez daukala sona handirik. “Traineruak indar handia dauka gurean, baina pixkanaka hasiko gara jabetzen diziplina hau ere goraka doala”. Adibide gisa, Unzuetak kontatu du gaur eta bihar jokatuko dituzten final batzuetan hemezortzi ontzi abiatuko direla elkarren ondoan, eta, belaontzien lasterketetan bezala, ez dela kalerik izango. “Hori bai, zigorrak izaten dira tarteka. Adibidez, ezin da beste ontzirik jo, eta ezin da bidea trabatu”.

Erakundeei, “eskerrak”

Ur Kirolak arraun klubeko presidenteak “eskerrak” eman nahi izan dizkie Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Kirol departamentuari. “Asko lagundu digute guztiek, eta horri esker egin ahal izan dugu aurrera”.

Herritarrei, berriz, agertzeko dei egin die Unzuetak. “Aquarium gainetik, nautikotik, kaitik, Ondarretako hondartzatik bertatik… toki horietatik guztietatik oso ondo ikusiko dira proba guztiak”. Coastal diziplinako zazpi final jokatuko dituzte gaur, 09:30etik 14:10era, eta Beach Sprint-eko hainbat kanporaketa eta beste sei final izango dituzte bihar, 09:30etik 17:00 arte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.